UEU Udako Euskal Unibertsitateak urteko batzar nagusia egin du Eibarren duen egoitzan (Gipuzkoa), eta zuzendari berria hautatu dute han. Aitor Bengoetxea Alkorta Zuzenbide doktore eta EHUko irakaslea izango da aurrerantzean UEUko zuzendaria, Kepa Sarasolaren ordez.
Bengoetxea Donostian jaio zen, 1967an. 1991tik EHUko irakaslea da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan. EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kidea izan da 2006tik 2014ra, aditu gisa, eta EKGK Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kidea ere bai. 1991tik du harremana UEUrekin, eta zuzenbide arloko sailburua eta zuzendaritzako kidea izan da han.
Zuzendari berria hautatzeaz gain, beste bi lagun ere aukeratu dituzte zuzendaritza berritzeko: Arantza Aldezabal Roteta biologoa eta Maria Napal Fraile NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
Bengoetxeak esan duenez, «ohorea» da ardura hori hartzea, eta «ilusioz eta gogotsu» ekingo dio. Haren ustez, UEUren proiektua behar-beharrezkoa da: «Euskal Herriak behar du ikuspegi nazionala izan eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea». UEU «erakunde ilusionagarria eta komunitarioa» da haren aburuz, eta euskal unibertsitatearen aldeko komunitateak eusten dio proiektu horri.
Urteko balantzea
Urteko balantzea ere egin du UEUk batzarrean. 2022a ez da edozein urte izan UEUrentzat, 50. urteurrena ospatu batzuen. Urteurrenaren bitartez bost hamarkadatan egindako lana ospatzea, komunitatearen atxikimendua areagotzea eta UEU erreferentzia gisa aitortzea ziren ezarritako helburuak. Batzarrean, UEUko kideak pozik agertu dira, helburu horiek bete direlakoan, eta urteurrenaren karietara erdietsitako «atxikimendua eta aktibazioa» nabarmendu dituzte.
2022ko beste lorpen batzuk ere aletu ditu orain arteko zuzendari Kepa Sarasolak. Esan duenez, irakaskuntza masterra sendotzen ari da, Humanitate Digitalen lerroan urrats ugari egin dituzte, eta argitalpenei dagokienez urte oparoa izen zen iazkoa, hamar liburu plazaratu baitzituzten.
Aurrera begirako betebeharrak ere zehaztu dituzte batzarrean: GOI ikastegia sarean eta euskaraz bizialdi osoko ikaskuntzan erreferentzia zentro bilakatzea, ikerketa batzordea martxan jartzea, berdintasun plan bat egotea, eta jardunaldi espezializatuak antolatzea, «gogoetarako eta hausnarketarako guneak sortzen jarraitzeko eta komunitate zientifikoa trinkotzeko». Datorren maiatzean, Ikergazte kongresua egingo du UEUk Donostian.
Aitor Bengoetxea hautatu dute UEUren zuzendari urteko batzarrean
Positibotzat jo dituzte 50. urteurrenaren ospakizunak, eta uste dute «komunitatearen atxikimendua areagotzeko» balio izan dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu