Aurretik iragarria zuten berria, eta atzo Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak agur esateko ekitaldia egin zuen Iruñean. Egungo egoera 2016an foroa sortu zutenean baino hobea dela esan zuten, haien ibilbideari errepasoa eginda. «Irekitzen den fase berriari aurre egiteko testuinguru hobe bat finkatzen lagundu izanaz harro gaude», esan zuen Xanti Begiristain bozeramaileak. Hala ere, bakea eraikitzeko prozesua ez da bukatu, esan duenez: «Bide luzea dago egiteko».
Batzen duena bereizten duenaren aurrean paratu duten eragile instituzional, politiko eta sindikalei esker ona adierazi zieten ekitaldian. Aurrerantzean «erronka berriak» izanen direla uste dute: «Beharrezkoa izanen da helburuak egokitzea eta Nafarroako gizarteak aurrera egiteko tresna egokiak izatea».
Atzera begira, egin duten ekarpenik «handiena» hiru esparrutan egituratutako prozesu bat sustatzea izan dela aipatu zuten, Iparraldean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan lan bereiziak egin baitituzte. «Konponbiderako prozesua eremu instituzional bakoitzera egokitu da, errealitate bakoitzari egokitutako erritmo eta tresna propioekin, baina beti azken helburu berarekin».
Bide horretan, Nafarroan estrategia «atsegina» sortu dutela uste dute, «errealitate-printzipioan oinarritua», proposamen «egingarriak» eginda. Begiristainen arabera, adostasun berriak lortu dituzte biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari dagokionez; espetxe politikan eta «bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko bidean.
Egindako ekarpena goraipatuz esan du agur Nafarroako Foro Sozialak
Aro bat itxitzat eman duten arren, ohartarazi dute bakea lortzeko prozesua amaitu gabe dagoela: «Bide luzea dago egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu