Eva Ferreira. EHUko errektorea

«Hobetzeko prest gaude, baina finantzaketa gehiago behar dugu»

Pandemiak ekarritako gorabeheren ondoren, normaltasunera itzuli da EHU. Aldaketa handien garaia amaituta, indartzea eta erronka espezifikoei heltzea du helburu Ferreira errektoreak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore karguan bi urte egin ditu jada Eva Ferreirak (Barakaldo, Bizkaia, 1963). Matematikaria eta ekonomialaria da formakuntzaz, ibilbide luzea egina du ikerketan, eta eskarmentu zabala du unibertsitatearen kudeaketa lanetan. Euskara maila hobetu behar zuela aitortuz iritsi zen errektoretzara, eta horretan dabil: euskaraz egin du elkarrizketa.

Pandemia betean hartu zenuen errektore kargua. Normaltasuna itzuli da EHUra ala nabaritzen dira izurriaren arrastoak?

Ia-ia normaltasunera itzuli gara, bai. Azken bi ikasturteak oso zailak izan dira, baina aurrekoan presentzialtasunaren %75arekin hasi ginen, eta osoarekin amaitu genuen. Inguruko unibertsitateetan ez da ohikoa izan presentzialtasuna mantentzea, baina guk esfortzu handiz egin genuen, ikasleentzat psikologikoki une zailak izan zirelako. Normaltasunera itzuli ahala, konturatu gara ondorioez: arreta psikologikorako zerbitzuaren eskaera handitu egin da. Hori izan da pandemiaren ondorio txar bat, baina gauza onak ere utzi ditu, batez ere tresna digitalak eta birtualak bultzatzean.

Pandemiaren harira, digitalizazioa azkartu da. Burokrazia handitu edo korapilatu du horrek?

Ez nuke digitalizazioarekin lotuko; burokrazia handitzen dute erakundeen neurriak eta arauek, ez digitalizazioak. Baina egia da burokrazia arazo handia dela EHUn: finantzaketa erabiltzeko, azpiegiturak egiteko edo edozer justifikatzeko, neurri asko bete behar ditugu. Errazagoa da euro publiko bat gastatzea erakunde pribatu batean, erakunde publiko batean euro pribatu bat gastatzea baino. Eta ez da soilik gure arazoa: Europa oso burokratikoa da. Horrek ez du esan nahi ez denik nire arazoa: burokrazia gutxitu behar dugu, baina ez da erraza.

Bologna prozesua eta ikastegien berrantolaketa amaituta, ematen du EHUn aldaketa handien garaia bukatu dela. Zein dira orain egitasmo nagusiak?

Gure erronkak beti daude lotuta formakuntzarekin, ikerketarekin eta transferentziarekin. Harrotasunez esan behar dut emaitzak oso onak direla, baina baditugu erronka espezifiko batzuk. Transferentziaren barruan daude dibulgazioa eta inpaktu soziala: gure ezagutza gizartearentzat da. Formakuntza ofiziala oso ondo doa, graduak finkatuta daude, baina erronka dugu etengabeko formakuntzan: eskaintza handitu behar dugu, gero eta jende gehiagok eskatuko baitu, adibidez, 40 urterekin ikastea, lanean ari dela.

Online ikasketak izan daitezke aukera bat?

Online eta euskaraz, espezifikoki etengabeko formakuntzan.

UEUrekin?

Zentro atxikia da, harremanetan gaude online formakuntza euskaraz zabaltzeko. Azkenik, ikerketari dagokionez, Shanghai rankingean oso posizio onean gaude, 400 onenen artean, baina gustatuko litzaidake beste pauso bat aurreratzea. Prest gaude hobetzeko, ikerketa eta transferentzia gehiago egiteko, badugu potentziala, baina finantzaketa gehiago behar dugu, publikoa zein kanpokoa, Europako iturri publikoetatik zein pribatuetatik. Eta malgutasun handiagoa ere behar dugu diru publikoa erabiltzean.

Lasaitasun ekonomikoa etorri behar zenean, pandemia iritsi zen. 2020 defizitarekin amaitu zuen EHUk. Zelan dago diruz?

2020ko defizit txikia kitatuta dago; 2021 ondo joan zen, eta orain ixten ari gara 2022ko urte ekonomikoa, baina ondo doa. Gerrarekin eta pandemiarekin etorri diren arazoei aurre egiteko, Jaurlaritzaren laguntza izan dugu, baita Madrilgoa ere. Esfortzu handia egin dute, eskertzekoa da.

Erretiro aurreratuetarako diru saria kendu zenuten iazko urrian. Diruz justu antzean egotearen ondorio izan zen?

Erretiro aurreratuak duela hamahiru urte agertu ziren, estatu osoan, belaunaldi aldaketa errazteko. Gero, kendu zituzten, baina EHUn berreskuratu behar izan genituen, epaitegiek behartuta. Orain, egoera bestelakoa da: legeak eta jurisprudentzia kontuan hartuta, erretiro aurreratuak sustatzeko marko legalik ez dago. Gainera, gure gizarteak ez du ulertzen momentu honetan pizgarri hain handiak ematea; beraz, babes ekonomikorik ere ez dago.

Aldi berean, irakasle eta ikerlari gazteek lan baldintza prekarioak salatu dituzte. Baldintzak hobetu ezean, kostatuko zaizue gazteak erakartzea?

Oso garrantzitsua da karrera profesionala erakargarri egitea ikerlari eta irakasle gazteentzat. Uste dut EHUn asko egin dugula: gure soldatak onenak dira inguruko unibertsitateekin alderatuta. Karreran aurrera egin ahala, irakasle ondoko lanpostua lortzen dutenetik agregatu eta titular izan arteko epea laburtu egin dugu, eta hori ere neurri indartsua da.

Espainiako Parlamentua Unibertsitateen Legea onartzear da. Errektore batzuk oso kritiko agertu dira. Zer iritzi duzu zuk?

Gure eskaerak beti dira berak: finantzaketa eta malgutasuna. Legearen helburuetako bat oso ona da: BPGaren %1 unibertsitate publikoetara bideratzea. Aldiz, gustatuko litzaidake legeak malgutasun handiagoa ematea.

BPGaren %1a unibertsitate publikora bideratzeak asko handituko luke EHUren aurrekontua?

Neurtzeko moduaren arabera. Memoria ekonomikoaren falta sumatzen dut legean: finantzaketaren %1 nola neurtu, eta irakasle eta ikerlarien profil aldaketek soldatetan zer ondorio ekarriko duten. Izan ere, profiletan ezartzen badute irakaskuntza karga gutxituko dela, horrek ekar dezake jende gehiago behar izatea, eta, beraz, finantzaketa handiagoa. Jakin behar dugu aldaketek zer finantzaketa behar duten; bestela, presioa unibertsitateen gain eroriko da, eta guk ez daukagu dirurik, eskatu egin behar dugu.

Finantzaketa publiko nahikorik ez duelako bilatu behar du EHUk finantzaketa eremu pribatuan?

Ez, ez, ez. Gure finantzaketa publikoa ondo dago oraingo erronkei eusteko. Gure helburua hobetzea da: finantzaketa eta malgutasun gehiagorekin egin dezakegu, tresnak eta potentziala badauzkagulako. Finantzaketa pribatua beste gauza bat da: transferentziarekin etortzen ari da. Gure misioetako bat da transferentzia: unibertsitatearen ezagutzarekin gizartea hobetzea. Eta gizartean enpresa pribatuak daude, instituzio publikoak eta GKEak, eta denekin gaude harremanetan. Gure ikasleak horra doaz lanera: enpresei ezagutza ematen diegu, beraz, ordaindu behar dute. Zenbat eta transferentzia gehiago egin, orduan eta finantzaketa pribatu handiagoa beharko dugu, bestela alderantziz ariko ginateke, diru publikoa enpresetara bideratzen.

Iaz EHUk Trantsizio Energetikoaren gela ireki zuen Repsol Fundazioarekin, eta Farmakologia gela, Janssenekin. Multinazionalek finantzatzeak ez al du auzitan jartzen egitasmoen partzialtasuna?

Horretara adi egon behar dugu. Baina haiek ez digute esaten nola eman formakuntza; ezagutza gurea da. Kode etiko bat prestatzen ari gara, eta halako mugak agertuko dira. Baina enpresa pribatua izateagatik harremanik ez egiteak ez du zentzurik guretzat. Askotariko enpresekin dugu erlazioa, noski, marra gorriak jarrita.

Unibertsitate pribatuak hedatzen ari dira. Lehia dira zuentzat?

Lehia horrek ez gaitu beldurtzen. Baina unibertsitate pribatuak sortzeko prozesua ez da gure ardura, baizik legebiltzarrarena.

Euneizekin ez zaudete eroso...

EHUren iritzia oso argi geratu zen: Nekane Balluerka lehenik eta ni gero Eusko Legebiltzarrean izan ginen gure iritzi akademikoa ematen. Oso ondo zaindu behar da unibertsitate izena.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen proiektua berriz abiatu behar izan duzue, aurrekoa materialen gainkostuen ondorioz eten behar izan zenutelako. Noizko egongo da prest?

Espero dugu aurten hastea obrak. Iaz, kontratua bertan behera geratu zen, baina eskertu behar diogu Hezkuntza Sailari finantzaketa bermatu izana. Orain, beste prozesu bat dugu martxan: sei proposamen dauzkagu.

Oraingo egoera ekonomiko aldakorrean, gauza bera gerta daiteke berriro?

Espero dugu ezetz. Oraingoz, prozesua ondo doa. Dena den, ziurgabetasuna hor dago, unibertsitatean eta mundu osoan.

Martxoaren 24ko ikasle greben harira, espedientea ireki diezue 30 ikasleri. Protestak kriminalizatzea egotzi dizue irakasle talde batek. Zer iritzi duzu?

Ematen du espedienteak protesten ondorioa direla, baina ez. EHUn ez dugu inoiz irekiko espedienterik protesta bat egiteagatik, eta, noski, adierazpen askatasuna bermatuta dago. Baina, bai, irekiko ditugu espedienteak kalteengatik. Azpiegitura publikoak oso garrantzitsuak dira: denonak dira, gizartearen zergen bidez ordaintzen dira, unibertsitatera etortzeko aukerarik izan ez dutenen zergen bidez ere bai. Gizarteak esfortzu handiarekin mantentzen du unibertsitate publikoa. Horregatik dira txostenak: 55.000 euroko kalteak izan ziren. Eta pertsona batzuek belarrietan kalte fisikoak izan zituzten, petardoengatik.

Gradu ikasketa gehienak euskaraz egin daitezke egun. Euskararen erronkak graduondoetan eta ikerketan daude orain?

Harrotasunez diot goi mailako hezkuntzan gure unibertsitatea dela kualitatiboki eta kuantitatiboki euskara indartsuen bultzatzen duena. Euskarazko tesien %93 EHUn egiten dira. Graduetan, ikasgai gutxi batzuetan arazoak daude irakasle elebidunak aurkitzeko, baina oso anekdotikoa da. Beraz, gure helburua da etengabeko formakuntzan eta graduondokoetan euskararen presentzia handitzea. Hurrengo euskara plana prestatu behar dugu aurten, eta ebaluazioan adierazle oso onak agertzen ari dira.

Ikasleek diote zaila dela euskaraz aritzea kafetegietako edo administrazioko langileekin.

Hori da gure erronketako bat, ez bakarrik bizitza formalean, baizik eta informalean. Ikasleak animatzen ari gara campusetan egiten diren kultura jardueretan euskara bultzatzeko. Horrez gain, AZPkoen [administrazio eta zerbitzuetako langileak] baldintza agirietan badaude hizkuntza eskakizunak; ez denetan, baina bai portzentaje handi batentzat. Dena den, kexa formal gero eta gutxiago jasotzen ditugu.

Zein da genero arrakalaren argazkia unibertsitatean orain?

Arazoa dago STEM graduetan: emakume gutxiagok aukeratzen dituzte, batez ere Fisika eta ingeniaritza batzuk. Bokazio horiek sustatzen ari gara. Beste erronka bat da lidergoa hartzea: gero eta andre gehiago ari dira ikasten eta tesiak egiten, baina ikerketa taldeak edo proiektu potoloak zuzentzea kostatzen zaie. Badaude hainbat faktore: autobalorazioa txarragoa dela, edo haurdun geratzeko adinarekin bat egiten duela karrera akademikoaren garaiak, eta kontziliatzea zaila dela.

Ikerketa oso arlo lehiakorra da; emakumeak uxatzen ditu?

Hor badago arrakala bat. Duela hogei urte pentsatzen nuen halakorik ez zegoela, ikasle garaian ez nuelako sentitu desberdintasunik, baina gero, katedraduna izateko prozesuan, batzorde akademikoetako harreman informaletan-eta, ohartu nintzen txarto ikusita zegoela emakume anbiziotsua izatea, baina halako arazorik ez zutela gizonek. Emakumeen artean oso ondo ikusia dago diskrezioa, eta, lider izateko, diskrezioa ez da saritzen, adibidez.

Eremu maskulinizatuek prestigioa galtzen dute feminizatu ahala?

Ez dut uste hain sinplea denik, faktoreen konbinazio bat dago. Baina, adibidez, matematikak prestigioa lortzen ari direnez, mutil gehiagok sartu nahi dute. Esango nuke mutilen artean desioa agertzen dela prestigioagatik; ez hainbeste mutilak egoteak ematen duenik prestigioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.