Pantzo Irigarai. Jean Louis Larre 'Popo'-ren lagun mina

«Nik ez dut batere esperantzarik. Ez dut uste zerbait jakinen dugun»

Larrerekin gaztetatik harremana eraiki zuen Irigaraik. Gogoan du «elekaria, sentikorra eta artista handia» zela. 40 urteren ondotik, laguntasunaz, engaiamenduez eta desagertzearen kargaz aritu da.

GUILLAUME FAUVEAU.
Xalbat Alzugarai Etxeberri
Baigorri
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Aurten ere, agorrilaren 7an Jean Louis Larre Popo-z oroituko da Pantzo Irigarai (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1957). Irulegiko Irratian kazetari izan zen, eta antzerkigile ezaguna ere bada. Umore handiz zein sentikortasunez aipatu du Popo Larre adiskidea.

Ikusi gehiago:40 urteren ondotik, non da Popo?

Zuk eta Larrek nola ezagutu zenuten elkar?

Baigorrin ezagutu nuen. Errugbian jostatzen zen, eta Arrola dantza taldean sartu zen hura ere. Babi Bidart zenaren bidez adiskidetu nintzen Poporekin. Hastapenean, uste nuen Popo ez nuela sekula jasanen. Harrokeriaz betea zela uste nuen, aho handi bat zela. Hobeki ezagutuz, ikusi nuen bere izateko manera zuela, gertakari sinpleena ere abentura bilakatzen zuelako. Elekaria, sentikorra eta artista handia zen Popo.

Nolako antzerkilaria zen?

Antzerki bakar bat egin ahal izan zuen zoritxarrez. Antzerkilari ikaragarria zen. Marexal basatiaren rol jokoa zuen Daniel Landartek idatziriko 1983ko antzerkian. Inprobisatzeko gaitasun handia zuen. Adibide gisa, Babi Bidartekin Tafallako bestetan eginiko ikuskizun inprobisatuaz oroitzen naiz; ehunka jende bildu zen plaza hartan, kar-kar.

Zer ekarri dizu zuen harremanak?

Abertzaletasunaren azkartzea ekarri zidan. Biak Baionan ginen lanean. Usu bazkaltzen genuen elkarrekin, izan bere apartamentuan edo nihaurenean. Euskal Herriaren egoeraz anitz solastatzen ginen. Umorea eta alaitasuna ekartzen zizkidan. Irri anitz egiten genuen, eta, aldi berean, eleketan aditzen nuelarik ez nintzen sekula enoatzen.

Zer gogoeta mota eramaten zenituzten?

Gure herriak husten ari ziren, denak abian ginen kostaldera. Minduak ginen euskararen gainbehera lanjerosarengatik.

Bestalde, lekuko burgesen eta politikarien jokamoldeak gaizki bizitzen genituen: turismo masiboaren aldeko politikak bultzatzen zituzten, klientelismoa baliatuz. EAEn eta Nafarroan gertatzen zenaz ere mintzo ginen: presoen amnistiaz, ETAz, eta abarrez.

Nola jakin zenuen Popo desagertu zela? Nola oroitzen duzu momentu hori?

Banekien uda horretan ez zela hemen izanen. Banekien komando batekin joanen zela ekintza batzuen egitera. Oroitzen naiz berekin azken aldiz mintzatu nintzelarik. Sentipen ezkorra zuen, ez zekien ea berriz itzuliko zen ekintza horietatik. Haren erranez harritu nintzen, baina, zerbait sentitu balu bezala, ez zen berriz itzuli.

Leongo tiroketarena jakin genuelarik, ez genekien Popok ihes egin zuela. Hastapenean informazio gisa ukan genuen lau militanteek ihes egin zutela. Denborarekin aitortu behar izan dugu desagertu zela. Hastapenean esperantza bagenuen bizi seinale bat bederen emanen zuela. Haren amaren ikustera joaten ginelarik, biziki zaila zen, beti uste zuelako gurekin batera bere semearen berri ekarriko geniola.

Dumont kasuaren agerpenarekin esperantza piztu zitzaizun?

Bai, espero genuen batez ere egia jakinen genuela. Nahi genuen jakin ea dumontarren hilarrian Poporen gorpua zen edo ez. Ez zuten frogatu ahal izan Popo zela, baina ez nuen espero bizirik atzemanen genuela ere.

40 urte pasatu dira. Esperantza atxikitzen duzu?

Nik ez dut batere esperantzarik. Ez dut uste zerbait jakinen dugun.

Urte hauetan guztietan nola eraman duzu kasua?

Urte anitzez biziki astuna egin zait hau eramatea. Gure artean zenbat ez genuen aipatzen Popo! Urteurrenak datozelarik ere beti oroitzen naiz .«Non da Popo?», galderak hor dirau. Popoz berriz mintzatzea ez da erraza enetzat. 40 urte bete ditu haren desagerpenak, eta biziki karga handia da hori, gertatu zen guziaz oroitzen zarelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.