Turismo sasoi bete-betea da Lapurdiko kostaldean, baina egun hauetan arazoak izan dira hondartzetan: 30 baino gehiago itxi behar izan dituzte aurreko egunetan, kutsaduragatik. Uztailaren 26an, euriteen ondorioz, gainezka egin zuten araztegiek, eta ur zikinak sartu ziren itsasoan. Bainua hartzeko debekua ezarri zuten. Joan den astelehenean ireki zituzten hondartzak berriro, uztailaren 29an. Euskal Elkargoari neurriak eskatu dizkiote, horrelako arazorik gerta ez dadin.
Enbata izan zen hilaren 26an, eta Lapurdi kostaldeko araztegiak txikiegiak dira hainbeste euri jasotzeko. Hala azaldu du Caroline Sarradek, Euskal Elkargoko itsasbazterraren arduradunak. Babes neurri gisa, ura tratatu gabe bota zuten. «Behartuak gara gehiegizko ura itsasora desbideratzera».
Hendaiatik Angelurako kostaldean behin baino gehiagotan gertatzen da hori: hondartzak itxi egiten dituzte uraren kalitateari buruzko azterketetan bakterio gehiegi aurkitzen dituztelarik. Tenpesten biharamunean izaten da kutsadura arriskurik handiena, araztegien egoera dela eta. Arriskua aurreikusten dutenean, analisi zientifikoak egiten dituzte Euskal Elkargoak eta ARS Akitania Eskualdeko Osasun Agentziak. Adituek iritzi bat igortzen diote herriko etxeari, eta auzapezak erabaki behar du hondartza itxi ala ez. Azken euriteen ostean, ixtea erabaki dute auzapez askok.
Elkargoko ordezkariak nabarmendu du egun gutxiko kontua izaten direla hondartzetako arazoak: «Bainatzeko debekua epe laburrekoa izaten da, bakterioek ez baitute irauten eguzkipean eta ur gazietan». Hain justu, hondartzen egoerari buruzko aplikazio bat sortu du Euskal Elkargoak, halako abisuak jakinarazteko: Kalilo izeneko aplikazioa.
Betoiaren ordez, lurra
Kutsadura ikusezina da bakterioena. Araztegietatik tratatu gabe isuritako uretan gorozkiak joaten dira itsasora, eta kutsadura zabaltzen dute. Lapurdin zergatik gertatzen den hainbestetan, hirigintzarekin lotu du Surf Rider elkarteko ordezkari Marc Valmassonik. Gobernuz kanpoko erakundea da Surf Rider, Europakoa, eta eginkizun nagusitzat du itsasbazterra eta ur eremuak babestea. Valmassoniren esanetan, «itsasbazterreko eremuen gehiegizko eraikuntza» dago halako arazoen oinarrian. Lapurdi kostaldean gero eta etxe gehiago dago, eta horrek eragiten du euria delarik araztegiek gainezka egitea, ura xurgatzeko gero eta lur gutxiago baitago. «Landaretza sustatu behar da itsasbazterreko tokietan. Zolak ez badu xurgatzen, euri ura eta ur zikinak itsasora joaten dira». Argi dio, beraz, Valmassonik: «Betoia hautsi behar da».
Europako Batasunean uraren kalitateari buruzko araudiak aldatzeko lanean ari da Valmassoni. Gaur egun, uraren azterketak bainua hartzeko lekuetan egiten dituzte, eta gorozkiekin lotutako bakteriorik ba ote den aztertzen dute. Surf Rider taldeko kidearen ustez, ordea, hedatu egin behar dira kontrol horiek: bai azterketak leku gehiagotan eginez, bai bakterio gehiago behatuz. Haren esanetan, «kutsadura kimikoa» ere aztertu beharko litzateke; alegia, pestizidek, produktu kosmetikoek eta erregaiek eragindako kutsadura, itsasoan eragin handia dute eta. «Bioaniztasunean eragin handia dute; besteak beste, uretako animalia batzuen sexua aldatzen ahal dute». Ohartarazi du ez dagoela argi gizakiengan nola eragiten duten. «Beraz, ezinbestekoa da azterketak egitea».
Surf Rider elkarteko ordezkariak azaldu du tokiko eragileekin harremanetan direla, eta Euskal Elkargoarekin «elkarlanean» ari direla. Uraren kalitateaz ez ezik, itsasbazterreko egoeraz ere arduratzen dira. Adibidez, hondakin bilketak antolatzen dituzte: garbiketa egiteaz gain, horrek modua ematen die egoera aztertzeko: «Neurtzen dugu zenbat plastiko dagoen, zenbat berina... gero enpresekin lobby politikoa egiteko. Plastikozko poltsak debekatzea eskatu diegu, adibidez».
Kostaldeko arazoak ikusirik, Europako legeak zorroztea nahi du elkarteak, Valmassonik dioenez: «Motela da gauzak aldatzea, baina lanean segituko dugu».
Lurrak ezin xurgatuta, itsasora
Lapurdiko 30 hondartza itxita egon dira: araztegiek gainezka egin, eta ur zikina itsasora joan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu