Autotesta: minbizia antzemateko gakoa

Nafarroako Osasun Departamentuak umetoki lepoko minbizia garaiz detektatzeko programa bat abiatuko du. Bost urteko epean igorriko zaizkie emakumeei parte hartzeko gutunak.

Buztintxuriko osasun zentroa, proiektu pilotuko parte hartzaileetako bat. NAFARROAKO GOBERNUA.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Umetoki lepoko minbizia garaiz detektatzeko programa bat martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak hilabete bukaeran, eta berrikuntza bat dakar: autotesta egiteko aukera. Giza papilomaren pirusa (GPBa) detektatzea izanen da behaketa proba nagusia, eta hori emakume bakoitzak bere etxean eta bere buruari egiteko aukera egonen da. Hala ere, norbaitek proba profesional baten bidez egin nahiko balu, aukera ere badago hurbilen duen Sexu eta Ugalketako Osasun Zentroan ordua eskatzeko.

Berrikuntzak, baina, zalantza anitz sortu ditu emakumeen artean: autotestak duen eraginkortasunari buruz, batez ere. Maria Ederra, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Detekzio Goiztiarreko ataleko buruak argi du: «Egin diren zenbait azterketatan ikusi da autotestak profesional batek egindako probak bezainbesteko eraginkortasuna duela».

Nabarmendu du proba pilotu bat egin berri dutela, 1.000 emakumerekin, eta %70ek parte hartu dutela. Horietatik ia %80k autotesta egitea aukeratu dute. Hautu horren arrazoia azaldu du Ederrak: «Emakume asko ez dira ginekologora joaten detekzio probak egitera irisgarritasun edo denbora faltagatik. Baita esposizio hori ez zaielako gustatzen ere». Proba intimitatean egin ahal izateak emakume gehiago animatzen ditu parte hartzera, eta, beraz, aukera gehiago daude minbizia garaiz identifikatzeko.

Nafarroan egin den proba pilotuaren emaitzak, baina, ez dira fenomeno bakan bat. Urteak dira jada Europa iparraldeko zenbait herrialdetan umetoki lepoko minbizia goiz detektatzeko autotesta erabiltzen dutela. Herbehereak izan ziren aitzindariak, eta geroago hasi ziren Danimarka eta Norvegia.

Leku horietan frogatu dute autotesta gakoa dela umetoki lepoko minbizia antzemateko. Izan ere, aukera hori dagoenetik, nabarmen handitu da gisa horretako azterketetan parte hartzen duten emakumeen kopurua. Herbehereetan egindako ikerketa batean, erraterako, ikusi zuten 25.000 emakumetatik bakar batek ere ez ziela erantzun medikuarenera joateko abisuei, baina herenek autotesta egin zutela. Hala ere, herrialdearen arabera parte hartzea aldatzen da, umetoki lepoko minbiziak duen presentziarengatik.

Beldurra

Proba egiteko eredu berrien eraginkortasuna berresten duten zenbait ikerketa badaude ere, badira oraindik berrikuntza zuhurtziaz ikusten dutenak. Ederrak nabarmendu du beldurra izaten dela gehienetan horren arrazoia: bakoitzak bere buruari proba gaizki eginen dion beldurra, hain zuzen ere. Prozesua COVID-19aren probak egitearekin alderatu du, eta azaldu du inork ezin duela autotesta gaizki egin: «Birusa baldin badago, oso zabalduta egonen da baginako fluidoetan, eta ezinezkoa izanen da birusik ez duen lagin bat hartzea».

Badakite beldur horiek gizartean daudela, eta Ederrak argi du horri aurre egiteko informazioa gakoa izanen dela. Hala, abian jarri dute proba eginen zaien emakumeen zalantza guztiak argitzeko informazio kanpaina bat, eta bi telefono zenbaki dituzte eskuragarri edozein galdera erantzuteko. Kanpaina Nafarroako 162.000 emakume baino gehiagori zuzenduta dago: 35 eta 65 urte bitartekoei, zehazki. Datozen bost urteetan igorriko zaizkie probak egiteko gutunak.

Ederrak dio iritsi zaien bertze kezketako bat proba eginen den maiztasunarekin lotuta dagoela. Izan ere, GPBaren proba bost urtean behin eginen da, baina orain arte zitologiak hiru urtean behin egiten ziren. Epe desberdintasuna bi azterketen sentikortasun mailak baldintzatzen duela dio Ederrak: «Zitologiak [GPBaren] probak baino askoz sentsibilitate gutxiago du; horregatik, epe laburragoa behar du babes guztia dagoela ziurtatzeko».

Gainera, frogatuta dago «umetoki lepoko minbizi guztiek giza papilomaren birusa dutela oinarri». Hortaz, bereziki garrantzitsua da proba hori egitea. «Papilomaren birusa oso hedatua dago, emakume askok dute jakin gabe, baina bat-batean desagertzeko gaitasuna du. Arriskutsua da urte askoz irauten badu, zeluletan kalteak eragin ditzakeelako eta minbizia agertu daitekeelako».

Prozedura

Ederrak argi utzi du GPBaren proban positibo ematen duten emakume guztiek ez dutela umetoki lepoko minbizia garatuko. Hala ere, hori ziurtatzeko, zitologia bat egitea izanen da hurrengo pausoa. Kasu horretan, umetokitik zuzenean zelulak hartzen dira, eta alteratuta dauden aztertuko da. Autotesta egiten duten horiek sexu eta ugalketako osasun zentro batean egin beharko dute zitologia. Proba zentro horietan egiten duten emakumeek, berriz, ez dute ezer egin beharko, zitologia profesionalak hartutako laginean bertan eginen delako. Bigarren proba horretan ere positibo emanez gero, kolposkopia bat egin beharko da.

25-34 urte bitarte dituzten emakumeen kasuan, zitologia izanen da lehenbiziko proba eta hiru urtean behin eginen zaie. Ederrak honela argudiatzen du erabaki hori: «[GPB] birusaren presentzia oso ugaria da emakume gazteengan. Birusa adin horretako emakume guztiei detektatu beharko bagenie, ehuneko izugarri bati proba osagarriak egin beharko genizkien». Zitologian arazoak daudenean, baina, papilomaren proba egiten diete emakume horiei. Hau da, prozesua alderantziz egiten da adin tartearen arabera.

Prozesu hori guztia bigarren mailako prebentzioa da. Lehenbiziko mailan daude gaitza hedatzea galarazteko metodoak: hezkuntza sexuala eta GPBaren aurkako txertoak. Orain arte 12 urteko neskei eman bazaie ere, datorren ikasturtetik aurrera mutilei ere jarriko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.