TXAPELA BURUAN. Jon Arruti. Ekuadorren bizi den donostiarra

«Indigenak altxatzen direnean, herrialdea dardarka hasten da»

Ekuadorko Orellana probintzian bizi da Arruti, oihanetik gertu. Petrolioa ustiatzeko toki nagusia da, baina horrek ez du garapenik ekarri, haren ustez. Indigenen diskriminazioa ere izan du hizpide.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bizitza erdia baino gehiago Ekuadorren eman du Jon Arrutik (Donostia, 1972). Aurretik Venezuelan eta Mauritanian bizi izan zen, hiru hilabetez eta urte betez, hurrenez hurren, eta 1999ko apirilean ailegatu zen Ekuadorrera. El Cocan bizi da, Napo ibaiaren ondoan, eta handik erantzun ditu galderak.

Zerk eraman zintuen hara?

Hemen bizi zen lehengusu batek proposatu zidan etortzea Nafarroako Medicus Mundiren proiektu bat gidatzera. Birziklatzeari buruzko proiektua zen, urte eta erdikoa, baina hemen gelditu nintzen.

Ekuadorko jende asko bizi da Euskal Herrian, baina euskaldunek ezagutzen al dute Ekuador?

Ondoko herrialde erraldoiekin alderatuta Peru, Kolonbia edo Brasil, ez da hain ezaguna. Txikitasun horrek, aldi berean, ematen dio berezitasuna. Denetarik dauka: Andeak, Galapago irlak, kostaldea eta oihana. Gainera, indigenen nazionalitate asko daude.

Iritsi zinenean, zerk harritu zintuen gehien?

Autobusez etorri nintzen El Cocara. 4.000 metroko altuera igo, eta 300 metrora jaisten zara. Bidean oihana ikusten da, zuhaitzak alde guztietan... Norbaitek esan zidan Ekuadorko hiririk itsusiena zela, petrolioa kaleetan botata ikus zitekeela. Egia esan, inguruak txunditu ninduen. Hiria aldatu egin da: orain ez da hiririk itsusiena, inondik inora.

Oihanetik gertu bizimodua ezberdina da?

Gu 50.000 biztanleko hiri batean bizi gara, ez da hain desberdina. Tira, erosteko gauza gutxiago daude; oinarrizko zerbitzuak ez dira hain onak. Baina hiritik atera ahala, gauzak asko aldatzen dira. Indigenen komunitateetan, naturak eta egunerokoak elkarri eragiten diote.

Nolakoa da munduko oihan tropikalik handienean sartzea?

Perspektiba galtzen da. Hain da hostotsua, ez baita haren handitasuna sumatzen, baina izugarria da.

Zein da indigenen egoera?

Ez da oso ona: diskriminazio handia dago. 2010eko populazio erroldaren arabera %7 dira, baina badakigu ez dela egia. Herrialdeko borrokalaritzat dauzkate. Indigenak altxatzen direnean, herrialdea dardarka hasten da. Indarra daukate; adibidez, azaroko lanuztean herritarren onarpen handia zuten. Baina zaila litzateke herritarren gehiengoak presidente indigena bat onartzea.

Nolakoa da haien bizimodua?

Gero eta gehiago datoz hirietara, baina gehienak komunitateetan bizi dira. Biziraupenerako nekazaritzan aritzen dira gehienak. Ekoturismoa edo turismo komunitarioa egiten dutenak ez dira asko.

Zer eragin du petrolioaren ustiapenak Orellana zuen probintzian?

Beti lehenetsi izan da petrolioa bertako jendearen gainetik, eta are gehiago naturaren gainetik. Kutsadura handia egon da. 1960ko urteetan hasi zen ustiapena, eta ordutik beste probintzia batzuk baino askoz gutxiago garatu da Orellana. Gehiengoa ez da hortik bizi.

Oraintsu petrolioa garraiatzen zuten hodiak hautsi dira.Isuriak ohikoak izaten dira?

Hemen bizi naizenetik laugarren isuria da. Kontua da oraingoan tutu nagusiak izan direla, Ekuadorko Amazonian ekoizten den petrolioa garraiatzen dutenak. Hiru egunez egon gara urik gabe. Orain badira ura lortzeko alternatibak, baina indigenek zailagoa dute.

Konfinamendua nola bizi duzue?

Herrialde gehienetan datu ofizialak eta benetakoak ez datoz bat, baina hemen aldea oso handia da. Ez da fidagarria. Jende gehiena beldurrez dago, eta komunitate indigenak oihanean sartuta gelditu dira.

Hau bukatzean zer eginen duzu?

Mundukide fundazioarekin lan bat dut iparraldeko mugako probintzietan, Imbaburan eta Carchin batez ere. Hasiak ginen, baina eten egin da. Gogoa dut beste errealitate hori ezagutzeko, dena den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.