Der achtzehnte Brumaire des Louis Bonaparte liburua idatzi zuen Karl Marxek 1852an. Luis Bonapartek urtebete lehenago Parisen emandako estatu kolpearen harira argitaratu zuen lana. Aurretik, baina, haren osaba Napoleon Bonapartek emana zuen beste estatu kolpe bat, mende erdi lehenago. Hain justu, 1851ko estatu kolpea parodiatzeko asmoz argitaratu zuen Marxek lan hori. «Hegelek nonbait dio historia unibertsaleko gertakari eta pertsonaia handi guztiak bi aldiz gertatzen direla nolabait. Baina atzendu zitzaion eranstea aurrena tragedia gisa eta hurrena fartsa gisa jazo ohi direla». Euskarara ekarri du liburua oraintsu Idoia Santamariak, Igela argitaletxearekin: Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia .
Ez da obra hori euskaraz argitaratzen den lehen aldia; izan ere, Mario Onaindiak euskaratu zuen aurrenekoz, kartzelan zegoela, eta Lur argitaletxeak argitaratu zuen haren lana, 1973an.
«Iraultza modernoen teoriari eta historiari buruzko Marxen obrarik garrantzitsuenetako bat da, guztiz funtsezkoa bere lanean. Liburu honek justizia egiten dio bere pentsaerari». Hala dio Emilio Majuelok, Igelak argitaratu berri duen lanaren gibelsolasean. «Argi azaltzen ditu iraultzari, estatuari eta historiari buruzko bere ideiak».
Luis Bonaparteren diktadura militarraren garaipena ulertzeko arrazoiak izan zituen aztergai Marxek liburuan, eta, hala, XX. mendeko langile iraultzen gaineko zeharkaldi bat egiten du. Die Revolution aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu zuen egileak aurrenekoz Brumairearen hemezortzia, 1852. urteko udaberrian. Liburu formatuan, baina, 1869an kaleratu zen, Hanburgon (Alemania).
Hain justu, liburu gisa argitaratu zen edizio hori izan da Santamariak itzuli duena. Azaldu du dokumentazio «lan handia» eskatu diola itzulpenak: «Marxek interpretatu egiten ditu gertakariak liburuan, ez ditu bere horretan azaltzen. Izan ere, garai horretako irakurleek ez zuten testuinguruan jartzeko beharrik, baina guk gaur egungo irakurlegoari azaldu behar genizkion orain 150 urte gertatutakoak». Horretarako, oin oharrak erabili dituzte lagungarri gisa. «Ez ditugu egin hitzaldi tamainako oin oharrak, inondik ere. Kontrara, helburua zen irakurlea ez galtzeko moduko itzulpen bat idaztea».
Itzultzaileak Majueloren hitzostea gomendatu du, gainera, testuingurua ulertzeko gidari modura. «Irakurleei, orokorrean, hitzaurrea liburua irakurri ondoren irakur dezatela esaten diet; postura birjinago batean, nolabait. Oraingoan ez, Emilioren gibelsolasa liburuaren aurretik irakurtzea da nire gomendioa, oso GPS egokia baita liburua jarraitu eta ulertu ahal izateko».
Marxen tonua, euskaraz
«Gauza zail bat lortu du Idoiak: Marxen tonu basa, zehatza eta ironiaz betetakoa euskarara ekartzea». Hala definitu du Igelako editore Lander Majuelok itzultzaileak egindako lana. Hain zuzen ere, horiei eustea izan zuen erronka nagusi Santamariak: «Oso esaldi luzeak eta korapilatsuak erabiltzen zituen Marxek. Nola ekarri esaldi luze horiek euskarara baina irakurlearen kontra egin gabe? Bada, hori izan dut erronka handienetako bat». Marxen sintaxi korapilatsuari heldu dio, beraz, baina «erraz irakurtzeko moduan» egituratu ditu. «Jatorrizko liburutik ahal bezain hurbil baina behar bezain urruti aritu nahi nuen, eta hau da horren emaitza».
Liburuaren gaurkotasunak harritu zuen, besteak beste, itzultzailea: «Populismoaz entzuten dugunean, badirudi orain dela hamar bat urte sortutako kontu bat dela. Baina, hau irakurrita, konturatu naiz orain dela 150 urte ere antzeko arazo bat izan zutela aurrez aurre».
Ordu urdina saila
«Uste dugu bazela garaia horren liburu garrantzitsu bat alemanetik zuzenean euskarara ekartzeko». Hala mintzatu da editorea liburuaz. Askotariko irakurleek irakur dezaketela jakinarazi du, halaber: «Marxistek irakur dezakete, baina baita Marxen kontrakoek ere. Oso modu zabalean dago emana, azalpen ugarirekin. Beraz, irakurri nahi duen orok erraz irakur eta uler dezake».
Horrenbestez, Marxen obran lehen urratsak egiteko moduko liburutzat jo du argitaletxeak. Sail berri bat abiatu dute harekin, gainera, literaturaren bueltakoak diren baina aldi berean pentsamendutik hurbil dauden testuak plazaratzeko: Ordu Urdina. Majuelok hauxe aurreratu du bilduma berriari buruz: «Saiatuko gara literaturaren ertzean gelditzen diren memoriak, eskutitz trukeak eta saiakerak bilduma honetan argitaratzen».
Tragedia eta fartsa historian
Karl Marxen 'Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia' liburua euskaratu du Idoia Santamariak. Igela argitaletxeak argitaratu du lana, Ordu Urdina sail berriaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu