Irati Jimenez. Idazlea

«Kanguru boxeoaren arauak aplikatzen dizkiogu literaturari»

Euskal literaturaren misoginia, adingabetasuna eta umore falta salatu, eta irakurleen ahalduntzea proposatzen duen saiakera batekin apurtu du hamar urteko isilaldi literarioa Jimenezek.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gauzak ez daude ongi —kritika—, baina dena ez dago erabat galduta —ekintzarako deia—. Bi puntu horien artean deskribatzen du euskal literatura Irati Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1977) Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat saiakeran (Elkar). Haren hitzetan, halakoa baita egungo euskal literatura: «Lar adingabea, lar indibidualista, lar errealista eta lar misoginoa. Kaletik eta ahozkotasunetik aldendua, irudimenez eskasa, sentimenduetan urria, iritzietan sarria, inportantzia handikoa, umore gabea, irakurleak mespretxatzeko bezain aspergarria eta haiek aspertzeko bezain mespretxagarria». Duela hamar urte argitaratu zuen bere azken literatur lana, eta, onartu duenez, euskal letren munduan egin dioten mina ere badago isilaldi horren motiboen artean. Bi libururekin apurtu du orain etena, aipatutako saiakeraz gain Ogia eta zirkua liburua ere eman baitu argitara Erein argitaletxearekin, Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburua aztertuz. Ipuin liburu propio bat ere badu bidean, eta literaturari buruzko bere saiakera oinarri duen zuzeneko emanaldi bat ere taularatzen dabil. Bere literatura azkenekoz isildu zen inguru berean egin du hizketarako zita BERRIArekin, Bilboko Euskalduna zubiaren inguruan.

Euskal literatura misoginoa dela diozu, adingabea, esker txarrekoa, hiperkritikoa, aspergarria... Zergatik segitu, beraz?

Haren suak, beharbada urriak, baina absolutuak izan direlako: literaturan izan daitezkeen bezain bero eta garaiak, eta gure idazlerik abantailatuenak fenomenalak izan direlako. Nire ustez, askotan baskulatzen dugu bi muturreko punturen artean, eta beren muturrekotasunean biak dira gezurrak: edo dena ondo dago eta, beraz, ez dugu problemei buruz hitz egin beharrik, edo, bestela, zereginik ez dago eta, beraz, ezerk ez du merezi. Eta bi mutur horien artean dago gauzak hobeto egitea.

Hori da zure proposamena.

Bai, eta arazoei buruz naturaltasunez hitz egitea, ze nik esango nuke arazo batzuk baditugula. Arraroa litzateke kontrakoa. Sistema subordinatu bat gara, esaterako, ez daukagulako errepublika propio bat, eta horrek askotan uste dugun baino garrantzi handiagoa dauka. Gure literatura modernoaren zeremonia inauguralak ere atzo izan ziren, Arestirena eta Miranderena esate baterako, eta, hori hala izanda, oso arraroa litzateke orain egoera guztiz zorionekoan egotea.

Beraz, epe ertain edo luzerako esperantza da zurea?

Gauzak ondo eginda, bai. Liburua idazten hasi nintzenean, irudipena nuen momentu baxu batean gaudela, eta, liburua bukatu ondoren, ez dut hobeto ikusten. Hasiberri gutxi sartzen zaizkigu; lan bikainak oso urriak dira; beteranoak abandonatu egiten ditugu; tratu hotzegia izaten dugu; eta sormena ez dago momentu bereziki garai batean. Askotan hitz egiten dugulako kritikaren arazoez, eta hitz egin dezakegu horretaz, baina ez dugu hitz egiten sormenaren arazoez, bermatuta balego bezala, eta ez dago. Gure literatura garaikidea ezin zen momentu okerragoan sortu, gerraoste eta diktadura militar terrible batean eta euskara debekaturik zegoela. Haiek baino okerrago ez gaude, baina ezer egiten ez bada, nekez konponduko dira gure oraingo arazoak. Eta Espainiako literatura izan daiteke horren adibidea.

Zergatik?

XVI. mendea kontsideratzen dute Urrezko Mendea, eta badira bi edo hiru belaunaldi izugarri hor, baina koloso horiek desagertu zirenetik 300 urtetik gora pasatu ziren berriz ezer gertatu arte, eta ia 400 belaunaldi boteretsu bat iritsi arte, 27ko poetekin. Beraz...

300 urteko makalaldi bat da espektatiba?

Izan daiteke. Hori gertatu zen Espainiako literaturan, adibidez: gurea baino askoz handiago den literatura batean.

Euskal idazleek hizkuntzarekin duten harremana ere aipatzen duzu liburuan; euskararekiko temak, maiz, literatura bigarren mailan uztera daramatzalako.

Beste literatura batzuetan ere gertatzen da hori, batzuetan hizkuntzari begiratzen zaiola gehiegi, literaturaren kaltetan. Hizkuntzari begiratzeak ez du zertan literaturaren kaltetan izan, eta literaturak hizkuntzari begiratu behar dio, ze beste tresnarik ez dauka. Baina euskal literaturan, literaturara hurbildu den jende asko euskaratik hurbildu da, eta hori asko igartzen da edizioan; pentsatzen dugulako edizio lana hizkuntzaren zuzenketa lan bat dela nagusiki, eta ez da hala.

Hizkuntzarekiko harremana ez da sanoa, diozunez.

Harreman psikiatrikoa dugu hizkuntzarekin. Ez daukagu aberririk, eta amildegiaren ertzean sentitzen gara etengabe. Euskaldun izatearen beharra sentitzen dugu euskaldun izateaz aparte. Ez da kasualitatea: ondo zaintzen ez gaituzten estatu biren parte gara, batzuetan desagerrarazi ere egin nahi izan gaituztenak. Beraz, normala da sentimendu hori, baina ona ez da. Euskaldun ez aritzeko beldur gara. Mikel Laboari esan diogu gitarra espainola jotzeagatik ez dela euskalduna. Arestik ez da sinistekoa zenbat espainolismo salaketa jasan behar izan zituen. Gauza berri bakoitzari esan diogu ez dela euskalduna. Trapa ez da euskalduna. Rocka, diskotekak, porroak... Babesgabe sentitzen garela esan nahi du horrek. Baina ez gara bihar desagertuko. Zerbait ginen Espainiako koroa sortu baino lehen, eta zerbait gara orain ere. Bihar ere izango gara zerbait. Beldur horri aurrez aurre begiratu behar diogu, eta baretu behar dugu apur bat.

Diozunez, kosta zitzaizun ohartzea nahi zenuena idatz zenezakeela. Nola izan zen hori?

Denbora aurrera joan ahala, pentsatzen dugu umea atzean utzi behar dela, eta umeari gustatzen zaizkion gauzak umekeriak direla. Baina heldugabetasuna da umea desagerrarazi nahi izatea, nerabea atzean uztea bezala. Haurtzaroaren lurralde guztiak, espontaneotasunarena bereziki, eta nerabearen suzko lurralde horiek guztiak inportanteak dira idazlearentzat idazten jarraitzeko, eta bizirik daude guztiak idazlerik garaienetan. Julio Cortazarren kasuan oso ebidentea da haurra, eta oso ebidentea da nerabea. Eta Cortazar aipatzen dut Carlos Fuentesek esan zuenez hark demostratu zuelako dena egin daitekeela literaturan. Eta hori oso sentsazio indartsua da, nahiz eta ahaztu egiten dugun eskolatik pasatzen garenean eta hierarkia literarioetan sartzen hasten garenean.

Hori pasatu zitzaizun?

Asko kostatu zitzaidan jakitea zer idatzi nahi nuen: istorioak sentitzea barruan. Urteak pasatu nituen Interneten telesailen zaleen artean idazten modu anonimoan eta lagunartean, eta nik uste dut horrek salbatu zuela nire literatura, deskubritu nuelako zer zen umetan bezala plazer hutsez idaztea, ezeri begiratu gabe, publikatu gabe. Hori errekuperatu nuen.

Aiztoz beteta irudikatu duzu euskal literatura: kritika txarrekin, eta baita gaiztoekin ere.

Kritika ondo egitea oso gauza zaila da, eta halako gutxi izan dugu. Irakurri gabeko liburuen kritika gehiegi daukagu, esaterako. Nola dakidan irakurri gabekoak direla? Oso ebidentea da. Eta daukagun giro hotzarekin eta etengabe kontra hitz egiten duen giro hiperkritiko horretan oso zaila da ezer sortzea. Gauzak kontra esatearen alde egon gara, gehiegi, eta alde egotearen alde ere banago ni, ze horrek ematen du beldur gehiago, adorea eskatzen duelako. Eta kontra egongo bagara, goazen Euskaltzaindiaren kontra egoten, administrazioaren edo komunikabideen kontra egoten; boterea daukaten batzuen kontra, ze elkarren kontra egotea... Lizardi edo Lauaxeta? Galdera hori ez dut ulertzen. Kanguruen boxeoaren arauak aplikatzen dizkiogu literaturari. Nobela edo ipuina? Hain daukagu literatura txikia, eta, halere, ringean sartu ditugu denak. Eta kritika gaiztoa ere egon da, bai. Matxismoaren kulturagatik, krudelkeria txalotu egiten dugu. Liburua objektu interbenitu bezala darabilgu, min emateko. Ez dut esango «zu hau eta hori», esango dut «zure liburua hau eta hori». Hori oso itsusia da. Oso tratu txarra eman diogu elkarri.

Liburuan hori ere aipatzen duzu, zuri ere min egin dizutela.

Kostatu zitzaidan esaldi hori idaztea. Eta kostatu zitzaidan kostatzen zitzaidala onartzea. Min hartzea ez zaigu gustatzen, eta nahiago dugu pentsatu ez garela benetan garen bezain zaurgarriak eta ez dela ezer pasatzen, baina gauzek min ematen dute. Euri fin horrek adoregabetu egiten gaitu idazteko. Idazle asko daude liburu bakar bat edo pare bat bakarrik idatzi dutenak. Nik ez diet galdetu zergatia, baina nire sentsazioa da ez dutela topatu giro atsegina.

Emakume izateagatik egin dizkizute eraso horietako batzuk.

Bai. Gizonezko batzuk animatu egiten dira. Ez die horrenbesteko beldurrik ematen gure kontra egiteak. Mespretxatu egin dute gure literatura, ez bakarrik esateko «ez zait gustatu», baizik eta gutxiesteko, esanez «ez da literatura». Nire literatura kritikatzeko, kritikari batzuek komatxo artean sartu dute literatura hitza: «literatura». Eta hori esan badute nire liburuei buruz, animatu direlako izan da, eta utzi diegulako animatzen. Bata bestearengandik separatu gaituzte, eta iritsi den emakume bakoitzak beti zirudien lehena. Amaia Lasa zen lehena, Arantxa Urretabizkaia zen lehena, Arantxa Iturbe lehena, Jasone Osoro lehena, eta Iban Zalduak asmatutako Erasmus literatura hori ere lehena zen. Klaro, atomizatzen bagaituzue, orduan beti lehenak izango gara, beti ailegatzen egongo gara. Nik esango nuke horretarako motiboak direla konpetentzia erditik kentzea eta gutxiestea, kate trofikoetan aurrera egiteko.

Bestelako irudi bat ematen du Ibon Egañak egindako ikerketak. 1975etik 2005era Euskal Herrian egindako 2.300 kritika aztertu zituen berak, eta positiboak edo oso positiboak dira kritika baloratzaileen %84.

Izan daiteke, bai. Irakurriko dut ikerketa hori. Nire sentsazioa ez da horrenbeste kuantitatiboa, baizik eta kualitatiboa, eta da kritika gaiztoa egin dela idazle batzuen eta liburu batzuen kontra. Nik deskubritu dudana da liburua zenbat eta boteretsuagoa izan orduan eta kritika gutxiago dagoela. Obabakoak atera eta apenas dagoen kritikarik. Narrazioak, Sarrionandiarena, berdin. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa... Kritikariak kikilduta geratzen dira.

Hamar urte badira zure azken literatur lana argitaratu zenuenetik. Badu loturarik aipatzen zabiltzan honekin guztiarekin?

Gauza bat baino gehiago egon ziren. Nire baitan fase bat bukatzen sentitu nuen, eta beste istorio berririk ez zegoen barruan kontatzeko. Nola ez naizen bizi literaturatik, ez nuen zertan bortxatu prozesu hori. Horrek harremana du nire bizitzako beste aldaketa krisi batzuekin, baina, denborarekin begiratuta, uste dut baietz, izango zuela eraginen bat, nahiz eta ez dakidan zenbatekoa. Begira, hemen, hor aurrean bukatzen da Bat, bi Manchester nobela [Bilboko Euskalduna zubiaren aldera egiten du keinu]; Nora ez dakizun horiatzerritik Bilbora etortzen den pertsonaia batekin hasten da, eta Atsekabe zaitut pertsonaia batekin amaitzen da, hor itotzen denean. Bake horretan, ur azpi horretan mantendu da nire literatura geroztik. Esan egin zuen nire literaturak bazihoala isiltzera. Eta orain berriz hor dabil magma hori sortzen.

Eta zer gertatu da orain?

Literaturarekin birmaitemindu naiz berriz. Liburuan kontatzen dudan bezala, lagun batzuekin atsekabe handi bat izan nuen, eta liburu ederrak irakurtzeak on egin zidan. Berriz maitemindu nintzen literatura handiarekin, eta hazi zen berriro lorategia.

Hain justu, irakurketaren aldeko aldarrikapen bat dira hala Begiak zabalduko zaizkizue nola Ogia eta zirkua.

Idazteari uzten badio orain humanitateak, listo, mic drop, oraindik ere zenbat literatura daukagun! Idaztearen plazera plazer subsidiario bat da irakurtzearenarekin konparatuta. Umetan denoi gustatzen zaigu istorioak entzutea, eta gero, geure kabuz irakurtzen hasten garenean, asko galtzen da. Irakasten den Espainiako literaturaren curriculumak, esaterako, jendea desanimatzeko idatzia ematen du.

Kontrakoaren defentsa egiten duzu bi liburuetan, hain justu. Jasotako aurreiritziak ahaztu eta beren inpresioez fidatzeko deia egiten diezu irakurleei.

Zure inpresio pertsonala ez da akasgabea, baina, Audenek esan zuen bezala, daukazun onena da. Inportantea da entzutea zeure gustua eta zeure inpresioa, ze bestela asperdura dator, eta utzi egiten diozu irakurtzeari. Eta liburu asko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.