Asko zegoen jokoan, eta lasaitu ederra hartuta amaitu zuten partida Irribarriak eta Rezustak atzo, Iruñeko Labriten. Ez zen gutxiagorako, binakako txapelketako kanporaketak jokatzeko falta zitzaien puntua eskuratu baitzuten, Lasori eta Eskirozi 22 eta 17 irabazita. Ordezko lanetan arituagatik, lan duina egin zuen Irribarriak, eta Rezustak bikain lagundurik ez zuen hutsik egin Aspeko bikoteak. Hasi eta buka aurretik ibili ziren. Komeria dezente izan zituzten azkenean garaipena eskuratzeko, baina merezita izango dira kanporaketen lehian Peio Etxeberria eta Rezusta. Lasok eta Imazek, berriz, oraindik ez dute matematikoki eskuratu helburu hori.
Hasieratik erakutsi zuten kemena irabazleek. Gidoi egokia hautatu, eta bien artean frontisetik oso urrun ibili zuten pilota. Aspaldi ez bezala, oso fresko eta indartsu jokatu zuen Rezustak, eta Irribarriak ere burua egoki erabili zuen. Aukera oso onetan soilik aritu zen erasoan, gainontzean Lasori pilotakadak buru gainetik pasatzea izan baitzuen xede. Gauzak hala, 0-3, 2-5 eta 6-8 aurretik ibili ziren Aspekoak. Lasok ahaleginak eta bi egin zituen bazterrak nahasten, eta, zama bizkar gainean harturik, denetarik izan zuen haren lanak. Tanto onak eskaini zituen, baina akatsak ere behar baino gehiago egin zituen, presaren erruz. Oso urrundik egin behar izan zituen eraso ahaleginak. Hortaz, lan erdietan lau tantoren aldea zuten urdinek: 7 eta 11.
Aldeak alde, neurketak arriskua bazuela begien bistakoa zen, batez ere Laso zegoelako tartean. Hots, partidako alderik handiena orduan izan zuten Aspekoek, 8-15 aurretik baitziren. Detaileetan huts egin zuen Baikoko aurrelariak, bi pilota erraz txapara joan baitzitzaizkion. Atsedena eskatu zuen orduan, eta handik bueltan hasi zuen ikuskizuna. Tantoak egin eta egin hasi zen, ezker airez, bereziki. Saskitik pilota ilun eta pisutsu bat aterata, aukera gehiago izan zuen aurreko koadroetan, eta ez zituen alferrik galdu. 13-16 gerturatu zen Baikoko bikotea.
Tanto bakar batera
Besteak beste, bigarren atsedenaldi luzera bost tantoren aldearekin heldu ziren Irribarria eta Rezusta, eta bazirudien bideratuta zutela garaipena. Dena den, berriz ere euren pilota saskitik aterata, tanto bakar batera gerturatzea lortu zuten Lasok eta Eskirozek: 17-18. Labriteko harmailak zutik jarri zituen aurrelariak era guztietako tantoak eginda. Bete-beteko lehia ikusten ari ziren pilotazaleak, eta gorrien susperraldiak emaitzak izan zitzakeela pentsatzea zilegi zen. Baina orduan azaldu zen Irribarria. Aspaldian garai zailak bizi baditu ere, bere mailaerakutsi zuen. Ezkerrez gogor astindu zuen pilota, eta atzeko koadroetan egindako tantoek eman zieten garaipena urdinei. Puntuari esker, azken jardunaldian irabazi eta hirugarren edo laugarren postua lortzea izango dute xede. Lasok eta Imazek, bestalde, oraindik ez dute ziurtatuta kanporaketan ariko direnik.
Jardunaldiak gaur, bihar eta etzi izango du jarraipena. Elordi-Zabaleta eta Larrazabal-Albisu ariko dira gaur, Bilbon, eta etzi jokatuko dute partida erabakigarria Tolosan (Gipuzkoa) Ezkurdia-Martijak eta Peña II.a-Mariezkurrenak.
Lasaitzeko puntua
Irribarriak eta Rezustak 22-17 irabazi diete Laso eta Imazi Labriten, Iruñean, eta kanporaketen lehiarako sailkatu da Aspeko bikotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu