Mugak kentzea. Aldarri hori atera zuten karrikara dozenaka pertsonak atzo Bilbon. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta hainbat elkarte feministak deitu zuten mobilizaziora, Nizan (Frantzia) antolatutako topaketa feministekin bat. Europako migrazio politika «bortitzak» salatu zituzten, eta nabarmendu zuten emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko kideek pairatzen duten indarkeria «bikoitza» dela.
Emakumeengan paratu zuten fokua; izan ere, Europako migratzaileen %54 dira andreak. Nabarmendu zuten Europak 2015ean mugak «itxi» zituenetik andreek pairatzen dituztela politika «mafioso» eta indarkeria eta abusu gehien. «Bazterkeriaren mugak» gainditzeko eskatu zuten: «Gizon armatuek zaindutako alanbre arantzadunez betetzen direnak, emakumeen gorputzekin eta lanekin trafikatzen dutenak, egunero hiltzen diren itsasoen mugak, giza eskubideak defendatzen dituztenen aurkako jazarpena egiten duten mugak».
Kometak aireratu zituzten. «Kometak mugarik ez dagoela aldarrikatzeko, kometak mugitzen, askatzen, asmatzen eta sortzen diren emakumeen hegaldia eta zeharkaldiak irudikatzeko». Aireratutako kometetan mezuak sartu zituzten, bidearen zailtasunei, oztopoei, baina, batez ere, bizitza duin bat eraikitzeko nahiari buruzkoak.«Mundu asko sartzen diren mundu bat nahi dugu. Mundua aldatu nahi dugu geure burua askatuz», aldarrikatu zuten, eta «esplotatzen, zatitzen eta kanporatzen» dituzten mugak deuseztatzeko eskatu zuten.
Mugak deuseztatzeko eskatu dute dozenaka herritarrek Bilbon
Migrazio politiken ondoriorik latzenak emakumeek pairatzen dituztela salatu dute. Kometak aireratu dituzte askatasuna irudikatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu