«Hemen ez dago inor soberan»

Lan gatazka ezberdinetan murgildutako langileek «enplegu duina» aldarrikatu dute Bilbon. Tubacexekoek enpresari erantzun diote kaleratze «bakar bat ere» ez dutela onartuko

Manifestazioan parte hartu zuten hainbat enpresa langileek eraman zituzten pankartak, Moyua plazan bat egin zutenean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hemen ez dago inor soberan irakur zitekeen pankartan, eta hori izan zen atzo goizean gatazka ezberdinetan murgildutako langileek ozenen oihukatu zuten aldarria. Tubacexeko, ITP Aero Castingeko, Petronorreko eta Bilboko Argiak-eko langileek antolatu zuten manifestazioa, eta H&Mko eta Novaltiako grebalariak batu zitzaizkien, besteak beste. Beraien lantokietako egoera salatzeaz gain, «enpleguaren defentsan» eta «etorkizun duin» baten eske irten ziren kalera, eta langile mugimendua «oso bizirik» dagoela aldarrikatu zuten.

Manifestazio oso jendetsua izan zen. Lau zutabetan banatuta hasi zen, eta, Moyua plazan bat egin ondoren, Jaurlaritzak Kale Nagusian duen bulegora abiatu ziren. Ikusmin berezia sortu zuen Tubacexeko langileen hitzartzeak. Izan ere, enpresak azken eskaintza egin zien iragan astean: greba bertan behera uztea; lan erregulazioa onartzea, 129 kaleratzeekin; eta trukean 2024ra arte lantaldea ez ukitzea. Erantzuteko epea etzi amaituko da.

Bada, eta azken orduko aldaketarik ezean, langileek erantzun garbia eman zioten enpresari: «Tubacexen har daitekeen erabaki bakarra kaleratze guztiak bertan behera uztea da». Batzordearen iritziz, hodigintzaren krisia «behin-behinekoa» da, eta, ondorioz, «aldi baterako neurriekin» konpondu daiteke. Laudio eta Amurrioko (Araba) plantetako Langileek 107 egun daramatzate greban, eta ekainaren 20an eta 21ean epaituko dira erregulazioaren aurka jarritako helegiteak.

Manifestaziora ez ezik, Tubacexeko langileen eskaera Gasteizko legebiltzarrera ere iritsi zen atzo: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaera bat erregistratu zuten enpresak kaleratuak berriz onar ditzan, «parlamentutik egoera jasanezin bati ondorio justua ematea bideragarria dela sinetsita». Langile batzordeak hainbatetan eskatu du erakundeen esku hartzea.

Petronor, Bilboko Argiak...

Petronorreko langileek iragan astean enpresak zortzi hilabeteko aldi baterako erregulazioa onartu duela. Haien ustez, «patronalek prekarizatzen jarraitu nahi dute, irabaziak puzteko». Nabarmendu zuten antolatuta daudela eta erantzuteko ahalmena dutela. Manifestazioa Kutxabanken egoitza nagusitik pasatu zenean, eskutitz bat utzi zuten han. Bankua Petronorreko akziodun da, eta gogorarazi diote «bezero dituen horiek» sartu nahi dituztela erregulazioan.

Bilboko Argiak-eko langileei dagokienez, 32 egun daramatzate greban kaleratzeak eta lan baldintzak salatzeko. Bilboko kaleetako argien mantenua egiten duen enpresako langileak dira, eta esan zuten udal agintarien aldetik «mehatxuak, irainak eta ezin ikusia» baino ez dutela jaso.

ITP Castingeko langileak ere irten ziren. Epaileak indargabetu egin zuen enpresak egin asmo zuen erregulazioa, baina berriz onarturiko langileak txandetan sartu gabe daude oraindik ere. Deitzaileen artean ez zeuden arren, Novaltiako langileek gogorarazi zuten 600 egun daramatzatela greban, eta H&Mkoek, greba mugagabean daudela. Multinazional horrek hainbat denda itxi nahi ditu Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.