Protesta egin zuten atzo Nafarroako haur eskoletako langileek. Salatu zuten 0-3 urte arteko umeen eskoletan ez dela bermatzen arta «duinik», zerbitzu «garestia eta elitista» ematen dela, eta «prekaritatetik» irten ezineko egoera batera bultzatzen dituela eskola horietako profesionalak. Ematen den artan «duintasunik eta kalitaterik ez» dagoenez, bermatzeke dago langileen ustez 0-3 zikloan «kalitatezko heziketa publikoa» jasotzeko eskubidea. 45 haur eskola daude herrialdean; plataforma batean batuta daude langileak, eta Iruñean batu ziren atzo protestarako.
Kalez kale ibili ziren protestan, eta geldialdiak egin zituzten alderdi politikoen egoitzetan. Idatzi bat atera dute beren aldarrien berri emateko, eta egoitzetan utzi zuten. Zapi horiak ere laga zituzten, beren borrokaren ikur. Langileen lan baldintzen inguruan, alderdi politikoei gogorarazi diete soldatak apalak direla, eta lan zamak handiegiak: «estres handiarekin» ari dira hezitzaileak. Aldagai biak batuta, ataka zailean daude langile gehienak: «Autonomia kolokan jartzen duen pobrezia maila batean» katigatuta sentitzen dira.
Salatu zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez diela jaramonik egiten, eta bilera eskeak eginak dituzten arren Hezkuntza sailburu Carlos Gimenok erantzun ere ez diela egin. Gobernuak «lotsagabeki» bazter uzten dituela uste dute, eta «grebaren» bidea besterik ez dute ikusten jada.
0-3 zikloaren «doakotasuna» bermatzea ezinbestekoa zaie. Plazaratu dituzten aldarriez aritzeko negoziazio mahai bat nahi dute Nafarroako Gobernuan.