Urte hasiera gatazkatsua

Lan hitzarmenak berritzeko, langileek mobilizazioak ugaritu dituzte hainbat enpresatan. Aste honetan, akordio batera heldu dira Elecnorren eta Roxallen, greban egon ondoren

Michelin enpresak Gasteizen duen lantegiko behargin batzuk, atzo eginiko protestan. BERRIA.
Jokin Sagarzazu - Xabier Martin
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik burua. Hala hasi dute urtea hainbat enpresatan,lan hitzarmenen negoziazioak direla eta. Urte hasieran, ugaritzen ari dira 2019ko azken hilabeteetan abiatutako mobilizazioak, eta, horiekin batera, akordio batzuk ere izan dira. Herenegun, Arabako Elecnor enpresako langileek— Movistar telefono konpainiaren gailuak instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira— lortu zuten hitzarmena berritzea, 38 egun iraun zuen greba mugagabe baten ostean. Atzo, Bizkaiko Roxallen lortu zuten akordioa. Beste enpresa batzuetan ere iragarri dituzte mobilizazioak.

ROXALL

Roxalleko langileek greba mugagabe batekin hasi zuten urtea, eta zuzendaritzak enpresa ituna sinatzea lortu dute aste honetan. Farmazia alorreko enpresa bat da Roxall, eta Zamudioko parke teknologikoan dago (Bizkaia). Beharginek —ehun inguru; ELAren arabera, «nahiko gazteak eta prekarioak»— abenduan hasi zituzten mobilizazioak, bederatzi eguneko greba egin zuten urte amaieran, eta urtarrilean greba mugagabea abiatu zuten; sindikatuak azaldu duenez, «hori ikusirik» erabaki zuen enpresak negoziatzea. ELAk salatu du aurretik ez zuela saiorik egin; are gehiago, azpimarratu du «mespretxuz» jokatu zuela langileekin eta langile batzordearekin.

ELAk Roxalleko grebalariak zoriondu ditu, eta lanuzteen garrantzia azpimarratu: «Agerian utzi dute borroka antolaketak eta grebak direla prekaritatearen kontrako tresna nagusiak, enplegu duinak lortzeko eta merezi dituzten lan baldintzak lortzeko».

Batzordeak eta zuzendaritzak sinatutako hitzarmenak ultraaktibitate mugatua eta inaplikazio klausulak jasotzen ditu, enpresak bere kabuz ituna aplikatzeari utz ez diezaion. Beraz, lan erreformaren ondoriorik kaltegarrienak itunetik kanpo geratu dira.

Edukiei dagokienez, besteak beste, adostu dituzte soldaten igoerak —1.500 euro+KPIa aurten, eta 1.800 euro+KPIa 2021erako—, urteko lanaldiaren murrizketa —hamazazpi ordu—, antzinatasun plusa, bekadunen eta praktiketako kontratuen erabilera mugatzea, udan lanaldi jarraitua ezartzea eta ostiral arratsaldean lanik ez egitea. Soldata taula berriak ere adostu dituzte hitzarmen berrian, kimikaren sektoreko Espainiako ituna gaindituz.

FRONERI

Greban daude Araiako (Araba) Froneri enpresako langileak, lan estrukturalak kanpora ateratzen ari direla salatzeko. Fronerik —lehen Miko zenak— izozkiak egiten ditu; Araiako plantan laurehun behargin inguru ditu. Asteazkenean hasi zuten greba, eta gutxienez datorren asteazkenera arte iraungo du. Zuzendaritza lan harremanen eredu «basati eta jasanezin» bat «inposatzen» ari dela salatu dute, Araiako planta «hustu» eta produkzioa beste lantegi batzuetara eramateko. «Ustezko berregituraketa» horren atzean «lan batzuk kanpora ateratzeko kasu argi bat» dagoela dio ELAk. «Lana murriztu da, eta Araian produzitzen zenaren zati bat kanpora atera».

Orain dela hilabete batzuk zuzendaritza berriak enpresa berregituratzeko asmoa agertu zuen. Orduan azaldu zutenez, aldaketa ez zien kalterik egingo Araiako langileei, baina errealitatea «oso bestelakoa» da, ELAk salatu duenez. Laurehun langileetatik heren bat inguru kontratu finko eteneko langileak dira; alegia, urtean garai jakin batzuetan baino ez dute lanik egiten. ELAk salatu duenez, urte hasieran aldi baterako langileen enpresa bat kontratatu du zuzendaritzak, behargin horien lana egiteko.

2018an ere mobilizatu ziren, hitzarmena berritzeko, eta, ELAk gogoratu duenez, akordio «on» bat lortu zuten; besteak beste, soldata igoerak eta lan erreformaren kontrako klausulak sinatu zituzten. Orain, enpresari exijitu diote langile batzordea eta legea errespetatzeko. «Orain arte, ordea, fede txarrez jokatu du, lan hitzarmenean akordatutako konpromisoak eta askatasun sindikala urratuz». ELAk azaldu duenez, langileen esku jarriko ditu bere «baliabide guztiak».

Araiako lantegia Mikorena izan zen, 2003. urtean desagertu zen arte. Egun, Fronerirena da; Nestle eta R&R konpainien arteko akordio batetik sortu zen enpresa hori.

MICHELIN

Gurpilak ekoizten dituen Michelin enpresaren Gasteizko lantegian —zuzenean kontratutako 3.500 langile— ere iragarri dituzte mobilizazioak, baina oraindik ez dituzte zehaztu. Lasarte-Oriakoan (Gipuzkoa) —550 langile—, berriz, hasiak dituzte: ordubeteko lanuzteak egingo dituzte urtarrileko lau egunetan, eta egun osokoak otsaileko bitan. Zuzendaritzak %2,5eko soldata igoera proposatu du, baina atzoko bileran %0,5era jaitsi zuen, sindikatuek salatu dutenez. Zuzendaritzaren «azken eskaintza» litzateke hori. Langileen ordezkariek beste hainbat eskaera egin dituzte: besteak beste, enpresak atzera egitea lanegun kopurua gehitzeko asmoan, eta neurriak jasotzea behin-behineko langileen jarraitutasuna bermatzeko, errelebo kontratuetarako eta lan kontratu mugagabeetarako. «Enplegurako bermerik gabe, ez da akordiorik egongo», ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.