«Pandemia garaia atzean uzteko garaia heldu da. Pixkanaka bada ere, plazara ateratzeko urtea izango da aurtengoa». Kalera jauzi egiteko gogoz azaldu ziren atzo goizean Euskal Herria Batera plataformako kideak, Bilbon eginiko agerraldian. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, Udaberriko ikurraldia deitu duten ekinaldian parte hartzeko deia egin zuten. Asmoa da egun horretan nork bere erara «keinu bat» egitea: «Mendian, taldean, dantzan...».
Aurreko bi urteetan ez bezala, Aberri Eguna «garai berri batera urratsa egiteko baldintzetan»ikusten dute deitzaileek, eta mugarri bat izan daitekeela uste dute. Gogoratu dute, gainera, Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zenetik 90 urte beteko direla aurten, eta azpimarratu dute Aberri Egunak gaitasuna izan duela euskal komunitatea elkartzeko eta hari balioa emateko: «Herritarron esku dago euskal komunitatearen ospakizuna antolatzea eta ikurrak lau haizeetara banatzea».
Maitena Diribarnek eta Irantzu Perellok hartu zuten hitza atzo, eta, azaldu zutenez, euskal komunitatea batzen jarraitzeaz gainera, diaspora ahalduntzea ere bada aurtengo Aberri Eguneko helburuetako bat, «interlokuzio eta harremanen bidez».
Aurreko bi urteetan pandemiak baldintzatuta ospatu behar izan da egun hori, baina aurten bakoitza bere erara baina kalera ateratzeko garaia dela esan dute plataformako kideek: «Orain, Aberri Eguna goratzeko garaia heldu da. Garai ilunak atzean utzi eta udaberriarekin batera bihotzak hauspotzekoa».
Aberri Egunean «keinu bateratu bat» egitera deitu du EH Batera plataformak
Apirilaren 17an plazara ateratzeko garaia dela aldarrikatu du taldeak. Euskal komunitateaz gain, diaspora ahalduntzea izango dute xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu