Azkenaldian, abortatzeko eskubidearen kontrako protesta ugari egin dituzte Askabide klinikaren atarian, Donostian. Ezinegona sortu dute bertara doazen andre askorengan, eta protesta horien kontrako aldarriak ere ozendu dira. Halako protestak debekatuak ditu jada Espainiako legediak. Atzo arratsaldean ere prozesio bat egitekoak ziren, Artzain Onaren katedralaren inguruetatik abiatuta, baina ezin izan zuten; atera aurretik, ertzainek adierazi zieten ezin zirela irten. Jende asko elkartu zen klinikaren inguruetan martxaren kontra egiteko. 18:30erako eginda zegoen deia, Easo plazan, klinikaren ondoan; erantzun beroa izan zuen.
Hain zuzen ere, plaza horren inguruan batu zen jendea, prozesioa noiz iritsiko. Aldarri eta mezu feministak ozendu zituzten, eta eskuin muturrak defendatzen dituen ideien kontrakoak. «Faxistak gure auzoko kaleetan izango ditugu», esana zuten deia egiteko. «Ezin dugu inola ere onartu». Oroitarazi zuten, gainera, legez kanpokoa zela atzo egin nahi zuten prozesioa eta, ondorioz, eragotzi beharrekoa.
Horiek horrela, deia propio egina zuten prozesioari aurre egiteko feminismoaren aldeko mezuekin «apaindutako» inguru batean, eta «eraztun» bat osatzeko; horrekin abortatzeko eskubidearen aurkako protestari aurre egitea zen asmoa. Abortatzeko eskubidearen aldeko mezuak ozendu zituzten, eta faxismoaren aurkakoak. Bukaeran poza azaldu zuten: «Ez dira pasatu». Klinikako ordezkariek eskertu egin zuten jasotako babesa.
Galarazpena
Apirilaren 14an sartu zen indarrean haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea, baina, hala ere, talde ultraeskuindarrek mobilizazioak iragartzen jarraitu dute. Otoitz egiteaez da delitu leloarekin egin nahi zuten atzo protesta.
Askabide klinikaren aurka antolatua zuten prozesioa egin ezinik geratu dira
Abortatzeko eskubidearen aurkakoek zuten deitua protestara; ertzainek esan diete ezin dutela egin. Aldarri feministak gailendu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu