Faxismoari harresia. Jende olde batek hartuko ditu kaleak Ekainaren 28an, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Harro eta ozen, hainbat aldarri oihukatu eta zabalduko dituzte lau haizeetara, eta, horien artean, bat nagusituko da Hego Euskal Herrian: faxismoaren kontrako aldarria. Horretarako, kolektiboko kideak artikulatu, elkar zaindu, eta babesteko deia egingo dute.
Hain zuzen, azken urteetan faxismoak izandako gorakadari «aurre egitn beharra» azpimarratu du Borja Muñoz EHGAM elkarteko kideak, eta, horretarako, funsezkotzat jo du zaintza lehenestea. Egungo giroa «korapilatsua» dela uste du; are gehiago orain, hauteskunde garaian: «Espainiatik datorkigun iluntasuna ikaragarria da».
Bide beretik jo du Claudia Ugarte E28 koordinakundeko kideak ere, eta zera gaineratu du: «Ezin dugu pentsatu euskal oasi batean bizi garela; borrokatu egin behar dugu, ez bakarrik lortu ditugun eskubideak eta errespetua mantentzeko, baita horiek areagotzeko ere». Gorroto diskurtsoen zabalpenaren aurka egingo dute asteazkenean; eta bazterrean inor utziko ez duen zaintza politika baten alde ere aterako dira kalera. Alex Martinez Gehitu elkarteko kideak, berriz, adierazi du diskurtso antifeminista eta LGTBIfobo batzuk «normalizatzen» ari direla. «Ez badugu planto egiten, gerora LGTBIfobia handiagoa sumatuko dugu».
Ugarteren arabera, gorroto diskurtsoen hazkundea gizarte osoan sumatzen ari da, baina, batez ere, gazteengan hedatu da: «Diskurtso horrek ez du filtrorik, eta arriskutsua da, egoera zaurgarrian dauden kolektiboko kideentzat gehienbat». Muñozen ustez, sareetan etengabe ari dira errepikatzen faxismo artikulatuaren diskurtsoak; eta, horren ondorioz, areagotzen ari dira sexu askapenaren eta LGTBI kolektiboaren kontrako jarrerak, baita «begirada antifeminista» ere.
Joera horrekin kezkatuta agertu da EHGAMeko kidea, eta faxismoaren arriskuez ohartarazi du; tartean, «kolektiboko kideen bizitzak ezinezko bilakatzea». Italiako eta Errusiako egoerak aipatu ditu, eta azpimarratu eskubideak murrizten direla «faxismoari ibiltzen uzten zaionean». Halaber, faxistei espazio publikoan «gorrotoz beteriko» jarrerak edukitzeko eman zaien legitimitatea salatu du.
Faxismoari aurre egiteko, berriz, «borroken arteko artikulazioa» defendatu du Muñozek; hots, dominazioaren kontrako indar guztiak batu behar direla adierazi du: «Batzuen eskubideak eta askatasunak murriztea guztientzako kaltea da». Hori berretsi du Ugartek ere: «Arriskuan jartzen ditu ez bakarrik kolektiboko kideak, baizik gizarte osoa». Afera «kolektibizatu» behar dela uste du Martinezek, eta pertsonen arteko sareen garrantzia azpimarratu du. Hezkuntzan ere arreta jarri behar dela uste du, eta azken eskaera bat egin du: EAEko LGTBI legea berritzea.
Artikulazioa bultzatzeko, besteak beste, EHGAM elkarteak Sexu Askapen Topaketa Basatia antolatu du biharko. Asmoa LGTBI mugimenduko kideak bildu eta elkar ezagutzeko espazio bat sortzea da, baita hirietatik at bizi diren «tranasmaribibollo pertsonen eta kolektiboen artean artikulatzea» ere.
Zuriketa arrosa
Sexu eta genero askatasunaren aldeko aldarriak egiteaz gain, «zuriketa arrosa» ere salatuko dute LGTBI kolektiboko kideek. Hots, kritikatu dute erakundeek eta instituzioek mugimenduaren aldarriak babesten dituztenaren itxurakeria egiten dutela. Hain zuzen, Pinkwashing-ak itotzen gaitu lelopean aterako dira kalera Bilbon, E28 Bizkaiko Koordinadorak deituta. Plataformak hainbatetan salatu izan du Ortzadar LGTB elkarteak eta Bizkaiko erakunde publikoek sustatutako Bilbao Pride ekinbidea —Bilbao Bizkaia Harro deitzen da 2019tik—.
Muñozen arabera, horrelako ekimenekin «aurpegia garbitzen» dute udalek eta enpresek, baina sakoneko aldarriak ez dira mahai gainean jartzen: «Urtero errepikatzen dugu gure egunak borrokarako egunak direla, eta ez festa soil bat egiteko egunak». Salatu du modu horretara modak sortu, sinboloak lapurtu eta LGTBI kolektiboaren aldarriak «edukiz hustea» baino ez dutela lortzen. «Ondo legoke sexu askapenaren mugimenduari, feminismoari eta kaleetan dauden eragile guztiei entzun eta antzerki hori uztea».
Faxismoaren kontra, kalera
Asteazkenean izango da Ekainaren 28a, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna. Gorroto diskurtsoak areagotu direla eta, kezkatuta agertu dira eragileak, eta elkar zaintzeko, artikulatzeko eta sareak osatzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu