Gabonak aprobetxatuta, sorterrian egun batzuk ematen ari da Meritxell Relaño Arana (Durango, Bizkaia, 1972), baina laster itzuliko da Genevara (Suitza), Unicefek han duen Larrialdi Programetako Bulegora. Herrialde askotan egon da Relaño lanean, eta bertatik bertara ezagutu du nola dauden Yemen, Djibuti, Gambia, Mozambike, Ekialdeko Timor, Panama eta Kolonbiako umeak. Orain, Unicefeko Larrialdi Programetako zuzendari ondoko gisa, lan horiek Genevatik koordinatzea dagokio, baina segitzen du larrialdian dauden herrialdeetara bidaiatzen; esaterako, Kongoko Errepublika Demokratikora joango da laster.
Unicefek iragarri du 2020rako «bere historiako deialdirik handiena» egin duela, larrialdian dauden haurrentzako baliabideak lortze aldera.
Gure helburua da 4.200 milioi dolar lortzea [3.800 milioi euro inguru], munduan dauden 64 larrialdiri aurre egiteko. Horrekin, 95 milioi pertsonari lagundu nahi diegu, horien artean 59 milioi haur.
Non daude larrialdi horiek?
Hainbat lekutan. Siriatik ihes egin duten errefuxiatuen auzia dugu; Yemengo gatazka armatua, gaur egungo hondamendi humanitariorik handienetakoa; Kongoko Errepublika Demokratikoa eta ebola berriro agertu izana, gutxitan aipatzen den arren oso arazo serioa dena; Hego Sudan, Sudan, Etiopia, Nigeria, Bangladesh eta abar. Baina, horiez gain, badaude beste larrialdi batzuk, apur bat ahaztuta daudenak; adibidez, Erdialdeko Amerikan dagoen migrazio krisia, eta handik AEBetara sartzen saiatzen diren haurrak, bakarrik daudenak eta AEBetatik egozten dituztenak. Askoz gehiago aipa genitzake.
Zergatik gertatzen dira larrialdi horiek?
Alde batetik, gatazka armatuak ditugu: horietako asko denboran luzatu egiten dira —Sirian, esaterako, zortzi urte daramatzate gerran—, eta horien ondorioak ugaritu egiten dira, eta beharrak ere bai. Baina, beste aldetik, natura hondamendiak gero eta ugariagoak dira: zikloiak, uholdeak, lehorteak eta abar. Lau haurretik bat bizi da gatazka gune batean edo natura hondamendiak pairatzen dituzten lekuetan.
Zenbait kasutan, bi faktoreak elkarri lotuta daude: adibidez, lehorte handiak pairatzen dituzten leku batzuetan gatazka armatuak sortzen dira, ura edo elikagaiak kontrolatzeko. Etorkizunean hori areagotuko da, eta, adibidez, ura gatazka iturri izango da leku askotan.
Natura hondamendiak aipatu dituzu. Klima larrialdiak ba al du eraginik horretan?
Dudarik gabe, eta handiagoa izango du aurrerantzean. Adibidez, zenbait lekutan ohikoa izaten zen euri erauntsi handiak izatea eta horrek uholdeak sortzea, baina eurite horiek urtaro zehatz batean gertatzen ziren. Orain, klima larrialdiaren ondorioz, urteko edozein arotan gerta daitezke, eta aurreikusten zailagoak dira.
Horrekin lotuta, beste arazo bat dago: munduko zenbait lekutan, Indian eta Bangladeshen, esaterako, kutsadura jasanezina da, eta horrek oso eragin negatiboa du haur askoren bizi kalitatean. Gainera, berez aski eskasak ziren osasun sistemak kolapsatu egiten ditu horrek.
Unicefek inoizko diru eskaerarik handiena egiteak esan nahi du egoera inoiz baino larriagoa dela?
Egoera oso larria da, eta agian emango du eskatzen duguna diru asko dela, baina oso eskaera errealista da, benetako beharretan oinarritua. Ez da soilik elikadura urritasunean bizi diren bost milioi haur artatu nahi ditugula, edo zortzi milioi haurri txertoa jarri; arazoa da baliabideak beharra dagoen leku guztietara eraman nahi ditugula, eta ez soilik iristeko errazagoak direnetara. Horrek ere kostu handia dakar.
Hiru urte eta erdi eman zenuen Yemenen, eta ondo ezagutzen duzu herrialde horretako egoera. Zertan dira gauzak gaur egun?
Baikortasun apur bat dago bake negoziazioak direla eta, baina oraindik badaude 22 milioi lagun beharrik oinarrizkoenak ere bermaturik ez dituztenak. Lehen ere Ekialde Hurbileko herrialderik pobreena zen, baina gerrak kalte egin die osasun sistemari, ur hornidurari, hezkuntza sistemari eta bestelako gizarte zerbitzuei. Ez dago gobernu eraginkorrik, eta, beraz, ez dago aurrekonturik edo inbertsiorik, gerrak ekoizpen sarea suntsitu du eta inork ez du lanik egiten. Honi guztiari izurriteak gehitu behar dizkiogu: esaterako, bi urtez izan genuen kolera izurritea. Egoerak segitzen dudramatikoa izaten.
Ba al dago irtenbiderik gatazka horretarako?
Beharko luke. Gerrak ezin du jarraitu, baina, horretarako, jakina, mahai baten inguruan eseri eta hitz egin behar da. Ez da erraza, boterea atxiki duenak ez duelako jaregin nahi, eta, gainera, oso gatazka konplexua da. Eragile bakarrak ez dira Saudi Arabia, Yemengo Gobernua eta huthiak; elkarri lagundu edo elkarren kontra aritzen diren fakzio asko daude, eta denak ados jartzea oso zaila da, baina ez da ezinezkoa.
Pentsatzekoa da gatazka horretan, gehienetan bezala, haurrak direla gehien kaltetuak, ezta?
Yemengo larrialdiak alde asko ditu: elikadura krisia da, urarena, osasunaren arlokoa eta abar. Eta umeek ondorio larriak pairatzen dituzte. Adibidez, egoera ekonomiko larriaren ondorioz, ugaritu dira hamabost urte baino gutxiagoko neskatoen ezkontzak, familia askorentzat alaba ezkonaraztea irtenbide bat delako. Eta mutikoak, berriz, frontera bidaltzen dituzte, han dirua irabazten delako.
Hedabideek ematen dute egoera larri horien berri?
Askotan, larrialdian bizi diren herrialdeen egoera ez da albiste izaten. Burkina Fason 500.000 herritar lekualdatu dituzte gatazka armatuaren ondorioz, baina hona ia ez da informaziorik iritsi, oso urrun gelditzen zaigulako. Edo Kongoko Errepublika Demokratikoa: hemen ebolaren berri izan genuen Madrilen mediku hura kutsatu zenean, baina geroztik izurritearen beste agerraldi bat egon da, eta albistegietan ia ez da ezer aipatu. Soilik ezohiko hondamendiren bat gertatzen denean iristen zaigu herrialde horien egoeraren berri.
Meritxell Relaño. Unicefeko Larrialdi Programetako zuzendari ondokoa
«Askotan, larrialdian bizi diren herrialdeen egoera ez da albiste»
Unicefek «inoizko diru eskaerarik handiena» egin du 2020. urterako; Relañok dioenez, munduan 64 larrialdi daude gatazka armatuen eta natura hondamendien ondorioz, eta horiei aurre egin nahi diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu