Plaza akademiko bat burujabetzaren inguruko analisiari. Horixe eskaintzeko asmoz egingo dute bihar Subiranotasuna(k) aztergai izeneko kongresua. Kongresua Bilboko Burtsan egingo dute, 09:30etik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Subiranotasuna Europako Herrietan masterrak eta Parte Hartuz eta NOR ikerketa taldeek antolatuta, eta, antolatzaileen hitzetan, xedea da gizartean badagoen eztabaida baten inguruan gogoeta egiteko gune eta abagune bat izatea, Iker Iraola EHUko Soziologia irakasle eta kongresuko Batzorde Zientifikoko kideak azaldu duenez: «Helburua da, subiranotasuna eztabaidagai bat bada gizartean, eremu akademikoan ere leku bat ematea».
Kongresuaren hirugarren aldia izango da aurtengoa; aurrenekoa izen horrekin, baina ostegunean egingo dutenak lotura du 2012an eta 2013an nazionalismoaren inguruan eginiko biekin: Nazionalismoari buruzko masterra zenak bide eman zion Subiranotasuna Europako Herrietan graduondokoari, eta bilakaera hori gauzatuko da orain kongresuen arloan ere: «Ez gara zerotik abiatzen».
Hogei komunikazio baino gehiago aurkeztuko dituzte bihar, eta horien izenburuek ere islatzen dute prismaren aniztasuna: subiranotasun kulturala, konfederala, erabakitzeko eskubideari buruzko gogoetak... «Horregatik deitu diogu subiranotasuna edo subiranotasunak: ikuspegi desberdinak jaso nahi ditugulako», dio Iraolak. Hain justu, gaia «ikuspegi askotarikoetatik» aztertzeko aukera ematea da jardunaldiaren xedeetako bat, eta hori komunikazioetan jasota dagoela uste du irakasleak: «Pozik gaude komunikazio kopuruarekin; iruditzen zaigu denek lotura handia dutela gaiarekin, baina, aldi berean, oso ikuspegi desberdinetatik landuko dute: hezkuntza, feminismoa, Ipar Euskal Herria, Zeelanda Berria, Quebec, Euskal Herriko lurralde periferikoak… gauza interesgarriak aztertuko direla uste dugu».
Aldi berean, kongresuan landuko dituzten gaiek ere adierazten dute interesa dagoela nork bere lurraldea kudeatzeko gaitasuna izateari buruzko eztabaidan, eta gaia agendan dagoela: «Masterrean, irailean aurkeztu ziren master amaierako lanak, eta bat izan zen energia burujabetzari buruzkoa. Oso adibide ona da, erakusten duelako subiranotasunak badaukala lotura Euskal Herriaren estatus politikoarekin, estatu formekin, politikoki antolatzeko moduekin eta bizitzaren eremu desberdinekin».
Eskoziari begirada
Aurkeztu diren komunikazioez aparte, kongresuan hizlari ariko da Xavier Solano analista politiko eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko aholkulari ohia. Izan ere, antolatzaileek «patxadaz» begiratu nahi zioten Eskoziako prozesuari; eginiko bideagatik, baina baita independentzia erreferendum baten hipotesia mahai gainean dagoelako ere berriz ere: «2014ko Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako 2017ko saiakera erreferentzia inportanteak dira; Euskal Herrian, bi prozesu horiek eragin handia eduki zuten, baina orain momentu aproposa da horiek aztertzeko, irakaspenak ateratzeko eta dagozkion hausnarketak egiteko».
Plaza bat burujabetzei
'Subiranotasuna(k) aztergai' izeneko kongresua egingo dute bihar Bilbon, gaiari arlo ugaritatik argia jartzeko. Besteak beste, euskarazko ikerkuntzan jarri nahi dute arreta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu