Elizan Poliziak migratzaileak atxiki eta gero, protesta Urruñan

Hirurehun lagun bildu ziren atzo Urruñan, etorkinen sostenguz. G. FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Urruña
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak Urruñako (Lapurdi) San Bixintxo elizan aterpetuak ziren hamabi migratzaile atxiki zituen herenegun. Operazioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo hirurehun bat herritarrek, Etorkinekin, Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek osatzen duten federazioak antolatuta. Sebastien Irazoki Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak herenegun Frantziako Polizia ikusi zuen bi etorkin atxilotzen, eliza atarian. Salatu du poliziek «zigorgabetasunez jokatzen» dutela, eta geroz eta gehiago direla jarrera arrazistak: «Gure lurraldean ez ditugu horrelako ekintzak onartzen!».

Mikel Epaltza apaizak salatu zuen, halaber,«Afrikako anai-arrebek» etengabe jasaten dituztela oztopoak. Frantziako Polizia Urruñako elizara sartzeari begira, honela hitz egin zuen: «Ezin daiteke eliza batera armekin sartu». Esplikatu zuen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaro berri duten etorkinen abaro izaten direla askotan. Urruñako Udalak gogor gaitzetsi ditu atxiloketak. Filipe Aramendi herriko auzapezak Sud Ouest egunkariari esan dio ikuspuntu juridikotik itzal handiak ikusten dituela, eta «etikoki» ere Poliziak jauzi bat eman duela «toki sakratu batean sartuta».

Amaia Fontan Etorkinekin elkarteko bozeramaileak azaldu zuen, herenegungoaren harira, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak deitu zuela. Azaldu zion hark ez ziela poliziei elizan sartzeko agindurik eman, eta ez dela berriz halakorik gertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.