Abiada handian joan da hazkunde ekonomikoa Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan azken lau urteetan, %3tik gorako gainekin, eta %2tik behera jaitsi barik. Esportazioen gorakadak lagundutako susperraldi ekonomikoaren legealdia izan da, bigarren atzeraldiaren lau urtekoaren ostean etorri dena. Datu makroekonomiko nagusiek hobera egin dute, nahiz eta azkenaldian moteltze bat sumatu. Edonola ere, aldagai ekonomiko eta sozial batzuetan ez da igarri susperraldi ekonomikoaren tamainako onurarik.
Garapenik onena langabezia tasarena izan da. Langabeen zerrenda dezente txikitu da 2015eko hauteskundeetatik: orduan, ia %14 eta %19 bitartekoak ziren tasak; orain, %7,4tik %11,5era bitartekoak. Landun kopuruak ere gora egin du, eta soldatak ere handitu dira, baina langile askori ez die eragin, lan hitzarmenik gabe geratu direlako estatalizazioaren mehatxupean: joan den otsailean bakarrik beharginen %36k zeukaten lan ituna gaurkotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Datorren legealdiko erronken artean egongo da enpresen itxieren joera etetea, lanaldi partzialen tasa jaistea emakumeen artean, eta pobrezia txikitzea.
Udal eta foru hauteskundeak. Ekonomia
Zelan eraman bagoi guztietara susperraldia
Hazkunde ekonomikoaren legealdia izan da igarotakoa, eta langabezia tasa nabarmen jaitsi da Hegoaldeko lurralde guztietan. Dena dela, badira hobetu beharreko aldagaiak; besteak beste, enpleguaren prekaritatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu