COVID-19 gaixotasuna duen edonork —eta denok, gaixotasuna ez pairatzeko— nahi du antigorputzak ahalik eta arinen sortzea, immunizatuak egoteko. Baina antigorputzen sorrera beti ez da mesedegarria.
COVID Human Genetic Effort nazioarteko partzuergoko ikertzaileek argitaratu berri dituzten lanetan aurkitu dute COVID-19 larria duten pazienteen %10ek autoantigorputz neutralizanteak dituztela. Eta horrek zer esan nahi du? Autoantigorputzak edozein pertsonak sor ditzakeen antigorputz okerrak edo desegokiak dira, bere sistema immunearen kontra egiten dutenak. Izatez, autoantigorputzen sorrera gaixotasun autoimmunitarioa da, hau da, norberaren sistema immunea bere buruaren kontra aritzea.
Edozein birus gure barnera sartzen denean, gure sistema immunea aktibatzen hasten da, birus horren kontra borroka egiteko. Aktibazio horren lehen defentsa mekanismoa I motako interferonak deituriko molekulak dira. Horiek, aktibatzen direnean, birusa gure barnean sartu eta lehenengo orduetan birusaren aurkako jarduera indartsua eragiten dute. Beraz, defentsa mekanismo horrek modu egokiz lan egiten balu, birusaren erreplikazioa motelduko litzateke gure zeluletan.
Partzuergo horretako ikertzaileek SARS-CoV-2rengatiko pneumonia duten pazienteak eta asintomatikoak konparatu dituzte. Egindako ikerketetan konturatu dira interferona horien geneetan akatsak egon daitezkeela, eta, horren ondorioz, gaixotasun larriagoa duten pertsonetan blokeatu egingo litzateke birusaren kontrako erantzun hori: COVID-19aren aurrean gaixokorrago bihurtuko lirateke. Antigorputz oker horiek detektagarriak izan ziren kutsatutako adin tarte guztietan, nahiz eta adinarekin gehituz joan zen autoantigorputzen presentziaren maiztasuna. Gainera, gehienak, %95, gizonak ziren. Autoantigorputzak agertzea pronostiko txar batekin erlazionatu zuten: %36an, gaixoen heriotzarekin. Datuek adierazten dutena da autoantigorputzak infekzio larriaren kausa direla, eta ez infekzioaren ondorioa.
Hainbat autoantigorputz mota daude, eta sortzen duten mekanismo autoimmunitarioa ez da gauza arraroa. Hainbat gaixotasun autoimmunitario daude haiekin erlazionatuak (lupus eritematosoa, esklerosia...), baina gaixotasun infekziosoen munduan ere eragin kaltegarria dute, hala nola hepatitisen kasuan.
Aurkikuntza horrek agerian utzi du gizabanako bakoitzaren genetikak baduela eragina COVID-19 gaixotasunaren bilakaeran. Gainera, ondorio kliniko aipagarriak izan ditzake. Lehenik eta behin, SARS-CoV-2 duten gaixoak ebaluatu egin daitezke, hilgarria izan daitekeen pneumonia garatzeko arriskuan dauden autoantigorputzak identifikatzeko. Antigorputz oker horiek dituzten pazienteak, sendatzen direnean, horien plasma emateko saiakuntza klinikoetatik kanpo utzi beharko lirateke. Bigarrenik, ustekabeko aurkikuntza horrek esku-hartze terapeutikoaren bidea ematen du plasmaferesian; hau da, odoletik autoantigorputzak kanporatzeko bidea.
Gaixotasun honetan hainbat gauza ezagunak dira, baina, zoritxarrez, oraingoz inork ez dakien gauza asko daude.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Antigorputz okerrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu