Sexu askatasunaren legeari PSOEk proposatutako erreformaren aurka manifestu bat kaleratu dute aste honetan zenbait talde eta aditu feministak. Onespena legearen erdigunean mantentzea aldarrikatu dute, eta ohartarazi dute aldaketa ez dela eraginkorra izango. Manifestua sinatu duen Garaipen talde feministako kidea da Aurora Iturrioz (Ordizia, Gipuzakoa, 1978).
Ikusi gehiago:Onespena «antzerkitzat» daukatenekin aritzea egotzi dio Monterok PSOEri
Zer ondorio izango ditu soilik baietz da baietz legeari egingo zaion erreforma honek biktimengan?
Biktimen birbiktimizazioa ekarriko du. Izan ere, onespenaren kontzeptua baztertu dute, eta berriro erdigunean jarri dituzte indarkeria eta larderia: horren arabera neurtuko dituzte zigorrak. Horrek, era berean, esan nahi du de facto itzuliko dela legearen aurretik zegoen abusuen eta erasoen arteko bereizkeria horretara. Beraz, biktimek berriro justifikatu beharko dute onespena larderia eta indarkeriaren baitan eman zuten edo ez, eta horren arabera zehaztuko dute epaileek zein zigor tarte ezartzen den. Hori zen, hain justu, lege honekin hasiera batean aldatu nahi zena. Legeak lortu nahi zuen epaituak ez zitezela biktimak izan, baizik eta erasotzaileak. Eta moldaketa honek bertan behera utzi du hori.
«Lege feminista bat» izan da Monterorena. Zer dakar mugimendu feministarentzat erreforma honek?
Erreforma honek mugimendu feministaren aldarriei eta azken urteetako mobilizazioei bizkarra ematea dakar. Atzerapauso bat da, eta emakumeen eskubideekin jolasten du, joko partidista batean. Alarma soziala erabili dute emakumeon eskubideak gutxitzeko.
Manifestua sinatu duzuenok zergatik ez duzue egoki ikusten?
Emakumeak birbiktimizatzen dituelako, hau da, instituzioek eragiten duten indarkeria mantentzeko pauso bat delako. Kontuan izan behar da, era berean, indarkeria sexuala pairatu duten emakume askorentzat erasoa bezain biktimizatzailea dela ondorengo prozesua; oso inportantea da ikustea noraino den kaltegarria emakumeek bizitzen duten prozesu hori. Horrez gain, moldaketak edukiz husten du onespenaren kontzeptua, eta betidanik birbiktimizatzailea eta patriarkala izan den sektore baten esku uzten du gobernuak daukan ardura: sektore judizialaren esku.
Zer rol jokatu du alarma sozialak erreforma aurrera ateratzeko orduan?
Alarma sozial hori baliatu dute eztabaida zigorretan zentratzeko; alegia, alderdi punitibistan. Gu ez gara inpunitatearen aldekoak. Baina beste gauza bat da indarkeria matxista zigorraren bidetik konpontzen dela pentsatzea. Debatea baldin bada zigor handiagoa edo txikiagoa jartzea, indarkeria matxistaren funtzio soziala desitxuratzen da; alde batera uzten da haren egiturazko izaera. Hau da, indarkeria matxistak balio du emakumeak eta gizonak bereizteko eta botere harremanak mantentzeko. Eta horri aurre egiteko ardura kolektiboa da; hori ez baldin bada errotik lantzen, pedagogiarekin eta prebentzioarekin, ez da ezer konponduko.
Legeak eragin duen zigorren murrizketa izan da erreforma egiteko erabili dituzten argudioetako bat. Uste duzue erreforma honekin arazo hori konponduko dela?
Errebisatutako zigorren arazoa ezin da konpondu. Gertatu egin da jada; beraz, erreforma honek ez du hori konponduko. Eta, gainera, ez dago benetako daturik; ez dakigu nola eragin dien legeak zigorrei; Botere Judizialaren Kontseiluak ez du benetako analisi bat egin. Hedabideek emandako datuetatik alarma sozial bat sortu dugu, berriro ere.
Horrez gain, esan duzue legeak denbora gehiago behar zuela eraginkorra izan zedin.
Hala da. Legeari ez zaio utzi bere ibilbidea behar bezala egiten. Hau da, ez dugu denborarik izan zer zigor jarriko dituen ikusteko, ez eta biktimetan zer eragin izango duen jakiteko ere.
'Soilik baietz da baietz' legea. Erreforma. Aurora Iturrioz. Garaipen talde feministako kidea
«Alarma soziala baliatu dute eztabaida zigorretan zentratzeko»
Iturriozek salatu du PSOEk 'soilik baietz da baietz' legeari egindako erreformak eraginkortasuna kenduko diola. Haren arabera, indarkeria eta larderia «erdigunean jarriz», biktimak berriz biktimizatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu