Ukrainako inbasioaren urteurrena gertu dagoen honetan, askok dute begirada Txinan jarria. Auzi horren harira, Washingtonek ere Pekin kritikatu du aste honetan: aurreko asteburuan Munichen (Alemania) bere homologo txinatarrarekin bildu ostean, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak adierazi zuen Txinak ez duela baztertzen Errusiari armak bidaltzea. Pekinek, hori erabat ukatu, eta gogorarazi zuen bakearen alde egon dela gatazka hasi zenetik.
Ikusi gehiago: Errusiak eten egin du arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen ituna
Blinkenen adierazpenen ostean, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Wang Wenbinek esan zuen, hala ere, ez duela zertan azalpen gehiago eman. Ez al da apur bat hipokrita nortzuk eta Ameriketako Estatu Batuak ibiltzea Txinari azalpen eske, bera izanik armak bidaltzen dituena? Pekinek berriz leporatu zion Washingtoni Ukrainako gerran bakea lortzeko benetako pausorik eman ez izana. Aldi berean, prentsaurrekoan argi utzi nahi izan zuen ez dutela onartuko Washingtonek Moskuren eta Pekinen arteko harremanak erabakitzeko presio hori. Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentraleko burua gaur da Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin biltzekoa, Moskun.
Victor Gao Txinako diplomazialaria da, eta nazioarteko harremanetan aditua. Txinak Errusiara armak bidaliko ote dituen galdetu, eta ez du argi eta garbi baiezkoa edo ezezkoa eman nahi izan, baina behin eta berriz errepikatzen du Txinak bakea nahi duela, eta gatazka honek okerrera eginez gero ez dela munduan inor garaile aterako: «Txina neutral mantenduko da; Estatu Batuek nahi beste estutu gaitzakete guk ere Putinen aurka jotzeko, baina guri ezin zaigu esan nola jokatu. Gatazka honetan diplomaziaren bidea aukeratzeko eskatzen jarraituko dugu, badirudien arren Mendebaldean aspaldi utzi dutela atzean aukera hori. Zelenski, bere jarrera dramatiko eta antzerkizale horrekin, armak eskatu eta eskatu dabil, eta europarrek ere azkenean baiezkoa eman izanak ez du ezer onik ekarriko». Galdera bat planteatu du: «Eta, azken finean, behar al ditu Errusiak Txinaren armak? Ez dut uste. Errusia ez da oraindik erabat esnatu; ez du bere indar osoa erabili. Begira: oraindik ez diote Ukrainako gerrari gerra izena ofizialki ere eman; hori gertatzeak aitzakia emango luke benetako mobilizazio militarra martxan jartzeko. Eta hori gertatuz gero, hau guztia benetan gaizki amaituko da».
Txinak nolabait neutro eutsi dio inbasioaren hasieratik. Konponbide diplomatikoa bilatzen jarraitzeko deia behin eta berriz egiteaz gainera, ez batari eta ez besteari ez die nahi zutena eman: Mendebaldearen presioa jasan duen arren, ez ditu Errusiaren kontrako zigorrak onartu; baina, aldi berean, Putini emandako babesak bere mugak izan ditu: Indonesian G20koen bilkuran guztiek Mosku baztertu zutenean, argi geratu zen Xi Jinping ez zegoela prest Putinen alde eginez guztien aurka jotzeko. Aurrerago Uzbekistanen izan zuten alde biko bilkuraren ostean ere Putinek onartu zuen bere homologo txinatarra ez zegoela pozik egoerarekin; hau da, ulertzera eman zuen Xi Jinping nolabaiteko presioa egiten ari zitzaiola.
Hala ere, aditu gehienen arabera, argi dago Pekin gertuago dagoela Moskurengandik Mendebaldeko blokearengandik baino. Txinaren arabera, gatazka honen oinarrian NATOren hedatzea eta estatubatuarren pentsaera inperialista dago. Orain, munduko lehen potentzien arteko tentsioa handia den honetan, are errazagoa da txinatarrentzat Moskuk azaltzen duen kezka horrekin enpatizatzea. Adibidez, otsail hasieran estatubatuarrek Filipinekin itun bat lortu zuten, eta, horren bidez, aukera izango dute militarrak Asia hegoaldeko herrialde hartara bidaltzeko; beraz, Taiwandik 320 kilometrora soldadu estatubatuarrak izango ditu Txinak aurrerantzean. Halako keinuetan mehatxua eta Estatu Batuen aspaldiko jarrera inperialista ikusten du Pekinek; Moskuk hasieran erabilitako argudio bera da.
«Zerbait egin behar da tentsioa baretzeko; azken finean, ez Zelenskik eta ez Bidenek ez dituzte ukrainarrak lehenesten, eta Ukrainako herria da honen guztiaren biktima», dio Gaok.
Ukrainatik harago
«Ukrainarrak eta errusiarrak ere» biktima direla esan du Juliak, Pekinen bizi den siberiar batek. Txinako hiriburuan 1.500 errusiar inguru bizi dira, baina ez du inork gaiaren inguruan elkarrizketa onartu nahi izan; gai tabua bihurtu baita errusiarren artean ere.
Julia da ausartu den bakarra, mesede bat egiteko. «Gure artean ere, errusiarrak kontuz ibiltzen gara gai honekin. Ez dugu hitz egin nahi; nekatu gara. Jatorri errusiarra duen Kharkiveko lagun batekin hainbat liskar izan ondoren, harremana hautsi genuen. Ni saiatu nintzen lasai azaltzen gerraren kontrakoa nintzela, baina ulertzen nuela Putinek egindakoa, etorkizunean pentsatzen ari zela horrela jokatzean, orain agian argi ikusten ez den arren NATOren hedatzeak eta estatubatuarren jarrera horrek ondorio larriak ekarriko zituelako. Faxista bat naizela esan zidan», azaldu du.
Azken urtean sortu den errusiarfobia horren erdian, Txinan gutxienez hobeto sentitzen dela dio: «Ez dut uste txinatarrek ere benetan ulertzen gaituztenik; normala da. Europan bezalaxe, gazteak behintzat gerraren kontrakoak dira, eta, ondorioz, Putin epaitzen dute. Baina, aldi berean, ulertzen dute guk sentitzen dugun errusiarfobia hori, haiek ere bizi baitute Mendebaldearen aldetik antzeko zerbait. Gobernuari dagokionez, uste dut gatazka honetan neutral jokatu duen bakarra dela; ez dut uste Pekinek Moskuri benetako laguntza emango dionik. Izan ere, Txinaren lehentasuna herritar txinatarrak dira, eta gaur egun herrialde honek, besteak beste komertzialki, lotura garrantzitsuak ditu Mendebaldearekin. Gatazka honetan benetan sartuz gero, asko gal lezake».
Gerra Ukrainan
Txina: Errusiatik gertuago
Pekinek neutral jokatu du inbasioa hasi zenetik. Diplomaziaren bidean jarraitzeko eskatzen du, baina Moskurekin enpatizatzen du, AEBen mehatxua eta jarrera inperialista ikusten dituelako zenbait keinutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu