Esako urtegia

Mea ustiaketa urtegi ondoan

Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek Muga meategia ustiatzeko baimena eman diote Geoalcaliri. Ekologistek berretsi dute ingurumenari kalte eginen diola.

Muga meategiak izanen duen itxura, Geoalcali enpresako kideek sortutako irudi batean. Lantegia Zangozako lurretan egonen litzateke. GEOALCALI.
edurne elizondo
Iruñea
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Muga meategia ustiatzeko baimena eman diote Geoalcaliri, eta kezka iturri da, hainbat eragilek uste baitute Esako segurtasunean eragin dezakeela. Ez bakarrik Ekologistak Martxan-ek, Ebroko Ur Konfederazioak berak ere ohartarazi du Esari eragiteko arrisku horretaz; Zangozako Udalak ere onartu du urtegia handitzeko lanek sortutako kezkak «gora» egin duela meategi proiektuarekin.

 

Baina badu baimena: Geoalcali enpresaren Muga meategi proiektuak badu gatza eta potasa ustiatzeko baimena; uztailaren 1ean sinatu zuten Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek. Hiru administrazio horien oniritzia behar zuen meategiak, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) lurrak ukitzen dituelako. Lantegia Zangoza ondoan eginen dute; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian. 1.700 hektareako luze-zabalera izanen du meategiak, eta 600 metro sakon diren tunelak eraikiko dituzte, lur azpian.

Geoalcalik urrats bat egin du aurrera Muga meategia ustiatzeko baimenarekin; ez da azkena, halere. Horixe nabarmendu du proiektu horren kontrako plataformako kide Enrique Mirandak, eta garbi erran du helegitea aurkeztuko dutela Mugak jasotako baimenaren aurka. Zangozako Udaleko alkate Lucia Etxegoienek ere horixe nabarmendu nahi izan du: «Ustiatzeko baimena egin beharreko urrats bat da, baina bidea ez da amaitu».

«Zuhurtziaz» jokatzeko beharra aipatu du alkateak. «Proiektua aspaldikoa da, eta orain arteko bidean hobera egin du, Zangozako Udalak eta bertze zenbait erakundek egindako zuzenketei esker; hemendik aurrera ere adi aztertu beharko ditugu emandako pauso guztiak», erran du Etxegoienek.

Geoalcaliko arduradunek eman zuten jasotako baimenaren berri, uztailaren 5ean, enpresaren webgunean jarritako bideo baten bidez; Geoalcaliko zuzendari nagusi Ignacio Salazarrek hartu zuen hitza bideo horretan: «Hagitz kontent gaude. Berehala hasiko gara meategia eraikitzeko lanak prestatzen». Geoalcaliko arduradunek nabarmendu dute ingurumena zaintzeko behar diren «neurri guztiak» hartu dituztela kontuan, eta proiektuak ukitzen dituen «alde guztiei» eman dietela hitza prozesuan.

Hurrengo urratsa izanen da meategia eraikitzeko proiektua egitea. Meategia eraikitzeko Zangozako Udalaren lan baimena beharko du Geoalcalik, eta Mirandak zalantzan jarri du hori lortzeko aukera. «Udalaren egungo planari so, zaila izanen da, meategiko lantegiak hartuko lituzkeen lurretan planak babestutako zenbait baso eremu daudelako». Zangozako Udaleko alkateak uxatu ditu Mirandaren zalantzak: «Nafarroako Gobernuak erran digu jada udal plana moldatu beharko dugula enpresari lanak egiteko baimena eman ahal izateko», ezagutarazi du Etxegoienek. Plana aldatzeko prest da udala.

Kezka segurtasunarekin

Muga proiektuaren aurkako plataformak garbi du meategiak «kalte handia» eraginen lukeela ingurumenean. Nafarroako Ekologistak Martxan erakundeak ere salatu du proiektua. Meategiaren aurkakoek erdigunean jarri dituzten auzien artean daude hondakinena, sismikotasunarena —Loitiko faila dago inguruan; administrazioak, hain zuzen, sismografo sare bat jartzera behartu du Geoalcali—, eta Esako urtegiari eragiteko arriskuarena.

Geoalcaliko arduradunek azaldu dute, hain zuzen, «ingurumena eta segurtasuna zaintzeko baldintzapean» jaso dutela ustiatzeko baimena. «Ohiko prozedura da hori», erantsi dute enpresako kideek. Administrazioaz gain, proiektuaren aurkakoak ere adi izanen dituzte.

 

Informazio osagarria:Mea ustiaketa urtegi ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.