Hiru egunez aterpean, eta gero zer?

Hirian babesik gabe bizi diren migratzaileei arta emateko sarea iaz eratu zuten Donostian. Etxebizitzarekin lotutako arazoekin laguntzen diete sarri, eta lege kontuekin lotutako aholkuak ere ematen dizkiete. Instituzioen inplikazioa urria dela diote.

Atzean, Abdoulaye Sarr; aurrean, Jaouad Aouraghr eta Garazi Montuschi. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Urtebete daramagu lanean, baina ezin gara denera iritsi; pertsona bakarrari laguntzeak denbora asko eskatzen du». Donostian kale gorrian bizi diren migratzaileei arta emateko iaz sortu zuten Hiritarron Harrera Sarea; taldeko kide Garazi Montuschiren hitzek adierazten dute laguntza emateko zailtasuna. Gipuzkoako hiriburura pertsona migratzaile eta errefuxiatu asko iritsi ziren lehengo urtean; hainbat Europako Batasuneko beste herrialde batzuetara joateko asmoz heldu ziren, eta beste hainbat, bertan geratzeko planarekin. Haien guztien premiei erreparatuta sortu zuten sarea.

Izan ere, baliabiderik gabe egoten dira migratzaile asko; autobus edo tren geltokietan lo egin beharrean ere izaten dira askotan. Egoera horiek salatzea da babes taldearen helburuetako bat. «Izan ere, erakundeek egiten dutena ez da nahikoa», adierazi duMontuschik. Boluntarioz osatutako taldea da, baina argi dute migratzaileen arta ez litzatekeela herritarren ardura bakarrik izan behar. Premian diren migratzaileek dituzten zailtasunak salatzeaz gain, informazioa ematen diete haiei lege egoerari buruz, eta hori erregulatzeko baliabideak ere eskaintzen dizkiete. «Beharren arabera, aldatuz joan gara, eta, orain, gazte magrebtarrekin egiten dugu lan batik bat, baina baita hemen geratu ziren afrikarrekin ere». Montuschik salatu du «egoera kalteberan» dauden gazteak direla denak ere: «Babesa, entzutea, denbora pasatzea... Horiek guztiak oso garrantzitsuak izan daitezke beraientzat». Hiriko eragileen laguntza eta sostengua eskertu ditu, baina, halere, argi du ez dela soilik herritarrek egiteko lana: «Diputazioak kudeatu beharko luke egoera».

Lekukotasun askotarikoak jaso daitezke sarean. Duela urtebete iritsi zen, adibidez, Abdoulaye Sarr Euskal Herrira. 24 urte ditu. «Senegaldik Marokora hegazkinez joan nintzen; nuen guztia saldu nuen horretarako. Marokotik Algeciraserako bidea, berriz, txalupa batean egin nuen». Espainiako kostara iritsi, eta bost egun eman zituen kiroldegi batean, «beste 700 migratzailerekin edo». Hortik, Bilborako autobusa hartu zuen. Orain, Donostian bizi da, beste lauzpabost migratzailerekin.

Jaouad Aouraghrek 19 urte ditu, eta Marokokoa da jaiotzez. Zortzi hilabete daramatza Donostian. Espainiara iritsi berri, Melillako adingabeen zentroan pasatu zituen bi urte, eta, ondoren, Malagara joan zen senide batzuekin. Donostiarako bidea hartzea erabaki zuen gero.

Paperak ohiko kezka dira. «Legearekin lotutako auziak giltzarri dira. Erroldatzea, adibidez, oso garrantzitsua da, gero erakuts dezaten hiru urte pasatu dituztela hemen». Migratzaile orok epeekin izaten dituzten kezkak hizpide ditu Montuschik. Eskubideak irabaziz joateko langak dira; izan ere, hiru urte egin behar izaten dituzte migratzaileek haien egoera administratiboa legeztatu ahal izateko. Erroldatzea izaten da aurreko urratsa, eta baliabide batzuetara heltzeko atea: «Adibidez, era horretan osasun txartela eska dezakete». Paperen kontua oso luzea da, gurpil zoro bat ia. Sarr ere hortxe sentitzen da sarri, ezin irten: «Hemengo politikak ezartzen du hiru urtez egon behar dudala bertan lan egiteko; nola iraungo dugu, bada, hiru urtean lanik egin gabe?».

Sareak Donostiako Udalarekin elkarlanean jardun du hainbat alorretan. GLUZ Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuko taldearekin kolaborazio «interesgarria» izan dutela esan du Montuschik, eta laguntza batzuk bideratu dituztela: «Lan Partekatuaren Plana sustatzeko laguntzak lortu ditugu, adibidez, eta oso pozik gaude horrekin». Diru laguntzak lortzeko era ekarri die horrek hainbat migratzaileri, baina, hala ere, ez dira aski Donostiaren gisako hiri batean bizitzeko: «250 euro dira, eta egun oso zaila da diru horrekin pisu bat eskuratzea Donostian; are zailagoa da beraientzat, arrazakeria eta xenofobia kontuengatik». Burokraziak egoera okertu egiten du sarri askotan. «Lege trabak daude, eta, batez ere, oso luzea da. Paper bat behar duzu beste paper bat lortzeko».

Sareak ez du nahi beste eragileek egiten duten lana errepikatzea: «Ez dugu lana bikoiztea nahi, beste behar batzuei erantzuna ematea baizik». Izan ere, baliabide askotarikoak ematen dituzten hainbat eragile daude, gehienak boluntarioen bidez kudeatuak. Horren ondorioz, leku sakabanatuetara jo behar dute premian direnek baliabideak lortzeko: «Caritasen, bazkaldu, Ategorrietan; dutxak, Grosen; gero agian lotara, Tolosako aterpetxera... Baina hara joateko baliabiderik ere ez dute izaten sarri», azaldu du Montuschik. Egoera horrek eragina izaten du erabiltzaileengan: «Estres psikologikoa da».

Toki bila

Iristean, aterpetxeetara joaten dira normalean migratzaileak, baina hiru egun igaro ditzakete soilik horietan; bost egun, bidaian jarraituko duten bidaiariak badira. Gaua bakarrik pasa dezakete aterpean; goizean, alde egin behar dute. Aouraghrek azaldu du egoteko tokien bila ibiltzen direla askotan, eta, adibidez, Tabakaleran elkartu izan direla: «Kalean geundenok han egoten ginen sarri; han elkartzen ginengizarte langileekin: ekintzak egiteko, gure arazoez jarduteko, ilea ere moztu genezakeen, garbigailua jarri...». Herri mugimenduen babesa ere nabaria da. Txantxarreka eta Letaman gaztetxeek hainbat migratzaileri aterpe eman zieten lehengo urtean. Abdoulaye Sarr bi hilabetez egon zen Txantxarrekan. Baina zailtasunak dituzte toki horietan ere. «Gaztetxeetako egoera ere ez da erraza, Poliziak osasun arazoak egozten baititu», azaldu du Montuschik.

Eskura dituzten baliabideetan murgilduta daude migratzaile asko. Abdoulayek, adibidez, ontzi soldadura eta ostalaritza ikastaroak egin zituen Bilbon: «Paperak izatean, gehiago ikasi nahi dut; Senegalen ikasten nenbilen, eta hemen ikasten jarraitu nahi nuen, baina ezinezkoa da; helduentzako eskoletan DBH egin nahi dut, ondoren lanbide heziketa egin ahal izateko». Jaouadek ere ikastaroren bat egin nahi duela argi du: «Mekanika eta sukaldaritza gustatzen zaizkit». Helduentzako eskoletan dabil bera ere, gaztelania ikasten. Paperak eskuratzea du orain helburu: «Ondoren, lana bilatuko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.