Ingurumena. Klima aldaketaren ondorioak itsasertzean

Gizakien arrastoekin orbandutako kosta

Klima aldaketa agerikoa da mundu osoan, eta euskal itsasertzean ere ondorioak ditu. Azken urteetan, 'Ostreopsis' mikroalga agertu da, eta itsaslabarrak lanjerosak bilakatu dira higadura arazoen ondorioz.

Algek eragiten duten arriskuaren ohartarazpena, bandera morea jarrita, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Itsasoa usu izan da askatasunaren metafora; literaturan halaxe aurkeztu da maiz, eta halako sentsazioa eman ohi dio harengana hurbiltzen denari. Nola liteke, orduan, itsasoa bera preso izatea? Eta zeren preso? Azkenaldian, etsairik handiena gizakia du; hura bera zeinari askatasun hori eskaintzen baitio. Itsasoaz harago, planetaren beste eremu guztiak ber presoaldian sartuak dira: aldaketa, beroketa edo katastrofea, dena da klimatikoa. Nola ez, klima aldaketak Euskal Herriko itsasertzean ere eragiten du. Itotzetik harago, egun, Lapurdi, Gipuzkoa edo Bizkaiko uretan bainatzeak bestelako arrisku eta arazoak ere badakartza. Euskal kostan, bi arazo nagusi dira; batetik, higadurarena, eta, bestetik, Ostreopsis siamensis algaren hedatzearena.

Julien Rebotier Baionako Ikerketa Zientifikoaren Zentro Nazionaleanlanean ari da (CNRS), geografiaren alorrean. Bere lanaz galdeturik, ezer baino lehen, gai baten argitzeaz arduratzen da: «Usu pentsatzen da elementu naturalak aztertzen nabilela, baina horien jatorri sozial eta politikoak aztertzen ditut bereziki». Argi da: gizakiak eta haren erabaki soziopolitikoek zuzenki eragiten dute klima aldaketan. Rebotierren ikerketa gune lehena Andeetako herrialdeak dira (Ekuador, Peru eta Bolivia); baina, erraten duenez, badira arazo zabalduak munduaren gune orotara iristen direnak.

Azaldu duenaz, oro har, gerora begira egiten dituzten proiekzioak ez dira oso zehatzak: «Gure proiekzioak bi belaunaldi hartzen ditu; badakigu muturreko egoera bortitzagoak izanen ditugula, bero handiak... baina ez askoz gehiago ere: ezin genezake asma». Klima etengabe aldatzearen ondorioz, arazo ugari agertu dira urteotan, eta Euskal Herriko kostan agerikoak dira. Iban Ithurbidek Uhaina surf eskola sortu zuen 2003an, Kortsarioen hondartzan, Angelun (Lapurdi). Eskolaren proiektua plantatu aitzin, jadanik, surfean ari zen ttipitatik. Beraz, urteak joan ahala, Lapurdiko kostaren bilakaeraren lekuko izan da. Bere garaian, adibidez, dunak baziren Lapurdiko kostan, eta Ithurbidek horien desagertzea salatu du: «Orain, bada ibilbide bat hondartzaren luzeran, eta hondartza salbairik ez gehiago; betoiz estali zituzten. Olatuak aldatu dira, geroztik».

Bestalde, ozeanoak biziki kutsatuak dira; munduan, 75 eta 199 milioi plastiko tona artean badira. Nola ez, euskal kostako urak ere plastiko horrez beteak dira. Hala ere, Ithurbideren arabera, surfean hasi zenetik, egin dira hobera: «Indarrak ezarri dira Lapurdiko kostaldean, plastiko eta mundrun hondar horien garbitzeko». Zehaztapena egin du, horren harira: «Lehen baino plastiko gutxiago ikusteak ez du erran nahi gutxiago badenik!».

'Ostreopsis'-a: zer eta nola?

Elkarte anitz ari dira kostan gizakien arrastoak utzitako ondorio kaltegarrien kontra. Surfrider Fundation horietako batda; Donibane Lohizunendu egoitza nagusia (Lapurdi). Elkarteak hiru lan ardatz nagusi ditu: uraren kalitatea eta osasuna, uretako hondakinak, eta itsaslabarretako egokitzapena. Marc Valmassoni elkarteko kide eta langilea da, uraren kalitatearen eta osasunaren arloan. Hortaz, Ostreopsis algaren kasua anitz aztertu du: «Uda hasieratik nahiko bero egiten du, eta egia da ur masetan alerta ugari pizten direla; marmokak direla, alga berdeak direla eta Ostreopsis alga dela, adibidez, bada zertaz kezkatu».

Ostreopsis algari buruzko lehen albisteak duela bi urte argitaratu ziren, 2021eko udan agertu baitzen masibokiEuskal Herrian; geroztik, uda oro berriz aipatu da. Ematen du algak bere lekua hartu duela euskal kostako uretan; segur aski, datozen urteetan ere euskal kostaren irudiaren parte izanen da. Ostreopsis-a ikusezina da begi hutsez: mikroalga bat da. Duela hogei bat urte, Mediterraneoraino iritsi zen —oinarrian, herrialde beroetatik dator—; baina, 2020az geroztik, iparralderantz egin du. Sortzen dituen toxinen ondorioz, alga horrek eztulak eta arnasa hartzeko zailtasunak eragin ditzake, gripearen sintomen antzerakoak.

Algaren jatorria tropikoei lotzen zaio, eta bi arrazoi dira euskal kostaraino iritsi izana azaltzeko. Valmassonik zehaztu ditu: «Itsas garraioa azalpen bat izan daiteke: alga gure lurretara ekarriko zuen. Eta klima aldaketak uraren beroketaren homogeneizazioa dakar: horren eraginez errotuko zen».

Alga dagoen tokietan bainatzea arriskutsua da; Surfrider Fundation elkartean eragiten dituen ondorioen ezaugarriak aztertzen saiatzen dira bilakaera hobeki ulertzeko, eta erantzun egokiak atzemateko. «Algak uretan hartzen eta aztertzen ditugu sasoi osoan. Guztira, 60 bat lagin hartu ditugu aurten: lehena bainatze eremuaren ondoan hartzen dugu, eta bestea, surf eremuaren aldean», azaldu du Valmassonik. Gero, laginen aztertzeko prozesua hasten da: «Laginak laborategira bidaltzen ditut; kontaketa bat egiten dute hainbesteko ur kantitatean zenbat alga dauden jakiteko, eta informazio horiek Euskal Hirigune Elkargora, Eskualdeko Osasun Agentziara eta Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Ikerketa Institutura bidaltzen ditut». Prozesuari esker, ondoriozta dezakete Ostreopsis-a gune batean presente den edo ez.

Higadura

Euskal Herriko kosta arrokatsua da; ondorioz, beti gehiago gibelera egitera destinatzen da. Ez litzateke gauza bera kosta hori hareaz osatua balitz, adibidez, azken hori handitzen ahalko baitzen harea erreserbekin. Urteen denboran, naturalki edo klima aldaketaren ondorioz, Lapurdiko kostako labarrak erortzen ari dira.

Caroline Sarrade Itsasertzeko eta Ingurune Naturaletako zuzendaria da Euskal Hirigune Elkargoan, eta higaduraren lanjeren inguruan lanean ari da; hala ere, ez dira halakoen saihesten saiatzen, baizik eta aurre egiten, manera batez edo bestez. Higadura motak bi dira: bat da gainetik egiten dena; bestea, azpitik. Gainetik egiten denari buruz, azaldu du: «Euri handiei lotzen ahal zaio, bereziki; ura arroketan sartzen da, eta itsaslabarren osagarri diren buztinetarik batzuk hanpatzen dira, desoreka bat eragiteraino». Haatik, itsaslabarren oinean edo zolan, itsasotik heldu da indarra, olatuek eta tirainak higadura eraginik, besteak beste. Bi fenomenohoriek baturik, desoreka eragiten dute itsaslabarrean, eta lur jausiak gertatzen dira.

Euskal Hirigune Elkargoan behaketa eta prebentzio lan zenbait eramaten dituzte gaiaren inguruan. Izan ere, lotura egiten saiatzen dira herriko eragileen eta komunitate zientifikoaren artean. Helburua da zenbait azterketa egitea halako fenomenoak hobeki ezagutzeko. Adibidez, higaduraren ondoriozko lur mugimenduei buruz ahalik eta informazio gehien biltzen saiatzen dira, horretarako erarik bada itsaslabarren mugimenduak aurreikusi ahal izateko, eta lanjerak saihesteko. Gaur egun, berehala jakin dezakete itsaslabar bat nola mugitu den, baina ezin dituzte oraindik halako mugimenduak aurreikusi.

Euskal itsasertz osoko eragileekin harremanetan dira, Gipuzkoako kostako arazoak ere, adibidez, antzekoak baitira. Han ere, Ostreopsis alga agertu zaie, eta higadura arazoak dituzte. Gehienetan, bakoitzaren azterketen emaitzak bateratzen dituzte, protokoloak eztabaidatzen, eta esperientzien berri elkarri ematen, besteak beste. Datorren urteari begira, hain zuzen ere, diru-laguntza galde bat osatu dute elkarrekin mugaz gaindiko proiektu bati begira, Ostreopsis algaren ikerketan.

Klima: arazo politiko bat

Azken bi udetan, algari buruzko albisteak izan dira Euskal Herriko prentsan. Mediatizazioaren ondorioz, hondartzetara doan jendea nahiko kezkatua agertzen da. Ithurbideren ustez, badira bi hilabete zeinetan jende anitz hurbiltzen den. «Ematen du neguan edo udaberrian ez dela bereziki arazorik». Sasoirik beroenarekinsortzen dira kezkak, eta zalantzak: «Udan, denak beldurtzen dira, eta behin sokorritzaileak joanik, zer? Ez da gehiago kutsadurarik? Dena kentzen da? Ez da hala... Neguan, surfa egitean, ura marroia da! Prentsan, bistan dena, horrelako gaiak segidan hartzen dira; marmoka bat uretan agertzean, ondoko orenean telebistan ikusten da, eta jendea beldurtzen da. Baina hori eguneroko errealitatea ere bada».

Behin-behineko erantzuna bainoago, denboran pentsatzen dena nahiago luke Ithurbidek. Izan ere, gizartean prebentzioaren garrantzia barneratu behar dela uste du: «Iruditzen zait 2023 honetan denak denaz beldurtzen garela eta ez duela nehork ardurarik hartu nahi. Behar litzateke esplikatu jendeei: 'Badira marmokak. Beharbada hetsiko dugu uretan sartzeko era 30 minutuz, eta berriz irekiko gero; edo sartu uretara, baina kasu egin'. Ez du baliorik bestela. Garrantzitsua da jendeei esplikatzea. Egun ez badute esplikatzen zergatik hetsi duten, arrazoia argia da: gizakiaren falta dela aitortzea litzateke hori».

Sektore konkretuago batean, Rebotierrek kosta bazterreko etxebizitzak aipatu ditu. Bere planteamendua garatu aitzin, atera zaio: «Ez da ezkertiarren ideia bat soilik: egiazki gobernuan ere eztabaidan da estrategia hori». Eta buruan duen ideia azaldu du: «Ezin da gibelamendu estrategikoa egin; ezin ditugu etxeak 500 metroz mugitu: epe bat emanen bagenio jabego pribatu baten esplotatzeko aukerari, kalte gehiegi gabe aterako ginateke. Baina jabegoa gai tabu bat da». Haren ustez,«eztabaida hertsaduraz betea da»,eta saihestera egiten da usu: «Gestio eta behatze lanak egiten dira problematika politikoak saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.