ATZEKOZ AURRERA

Ametsez bete den kutxa bat

Kutxa Bira egitasmoari amaiera emateko ekitaldian, Urruñak eta Segurak bi herrien arteko harremana ofizial egin dute. Giro alaian kantu eta dantza ibili dira guztiak.

Segurako alkate Izarra Urdaileta eta Urruñako auzapez Filipe Aramendi, atzo, Urruñan. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Urruña
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Bi herri sorburuan, Segura (Gipuzkoa) eta Urruña (Lapurdi), bietako lagunen harremanetik sortu zuten Ipar Hegoa elkartea: aurten abiarazitako Kutxa Bira egitasmoa, berriz, 80 herritara eraman dute—hasierako asmoa 15-20 herritara zabaltzea zen—. Amaiera ekitaldia egin zuten atzo Urruñan, giro alaian. Baita keinu aldarrikatzaileekin ere. Gainera, ofizial egin zuten bi herrien harremana, Urruñako auzapez Filipe Aramendik eta Segurako alkate Izarra Urdailetak.

Ametsak betetzeko daudela aldarrikatu dute ekitaldian. Joseba Aurkenerena idazleak Amesten duen herria ez da nehoiz hilen testua irakurri du, eta hala ihardetsi: «Amets egin dezagun gaur / kateak hautsi ditzagun / bihar libre izateko gisan». Kolegioko nerabeek kantatu dute, bertsotan: «Kutxa bira zabaldu dezagun mundura / ametsak betetzeko garaia heldu da». Eta Odei Barroso bertsolariak, ildo beretik, ihardetsi duenez, ametsak «Kutxatik atera eta bete behar dira».

Amets Arzallusen mezua entzun da Olivier Duperouren ahotsean: «Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra; hitza da gure lurra».

«Bizitza erdigunera eraman behar da, baina baita gure herria ere». Hausnarketa horretatik tiraka abiarazi du Ipar Hegoa elkarteak Kutxa Biraren egitasmoa. Argentinako Carmen de Patagones herritik hasi zuen bidea kutxak, martxoaren 20an. Euskaltzale batzuen eskuetatik beste batzuetara pasatu da azkeneko asteetan. Egin du bidea Katalunian ere. Eta apirilaren 1etik, Euskal Herriko herrietan, hegotik iparrera, mendebaldetik ekialdera eta alderantziz.

Euskal Herriko ibilbidea grabatzen eta dokumental bat ontzen ari dira gradu amaierako lan gisa Iban Garcia youtuber ezaguna eta Amaia Renobales. Kanaldude, berriz, zuzeneko emankizun bat egiteko prestatu da plazan.

Pello Aranzabal Kutxa Birako antolatzaileak aipatu du «oso pozik» daudela emaitzarekin. «Herria piztea zen hasierako helburua, eta azkenaldian izan ditugun galera sentimentalei erreparatzea». Herriek tokian tokiko ekitaldiak prestatu dituzte azkeneko asteetan. «Behar gorria zegoela ikusi da, herrietatik jaso ditugun eskertzako hitzak aintzat hartuz». Pandemiarekin paralelismoak egin ditu antolatzaileak: «Gure hizkuntza konfinatua izan dute. Bi estatu dauzkagu, benetako pandemia direnak, eta txertoa gure ahotan dago».

Urruñako auzapezak «ohorea» eta «bozkaria» aipatu ditu Kutxa Biraren amaiera ekitaldia bere herrian egin ahal izateagatik. Baina, aldi berean, ez du ahaztu Baionan karrikak bete dituzten manifestariak. «Gure bihotzean haserre bat, Parisetik gure hizkuntzaren aurka etorri den erasoagatik. Hemen badago herri bere hizkuntzari atxikia. Ez dugu sekula amore emanen».

Baionako manifestazioarekin bat eginez, elkarretaratzea egin dute Urruñako herriko etxearen parean, Kutxa Bira heldu baino bi ordu lehenago. «Frantziak euskara erail nahi du», erraten du pankartetako batek. «Euskarak murgiltzea behar du», besteak.

Lau erraldoi iritsi dira elkarretaratzera: Lurra, ura, sua eta airea. Manifestazio alaia hasi da geroago, Kuxkuxtu txarangaren erritmoaren doinuei so.

Kuxkuxtu txarangako musikaria eta Ipar Hegoa elkarteko laguntzailea da Zelin Duperos-Iringarai. «Proiektu ederra izan da Kutxa Bira, polita», aipatu du. «Segurako batzuk etorri dira. Pasatu dugun urtearekin, plazer ematen du berriz biltzea». Seguratik joandakoen artean, Xabier Albizu, Ipar Hegoako sortzaileetako bat: «Sentimendu oso barnekoa dugu gaur. Kutxa Birarena gauza berezia izan da, espero ez genuena».

Bi lagunen senidetasunetik

Bizi gira, kutxa bira. Plazaren erdian, eskutik helduta biraka ari da makina bat dantzari. Zirtzilekin —inauterietako pertsonaiak— jolasean aritu da beste une batean Urruñako hartz adarduna. Zirtzilarena egin duenetako bat Maritxu Larzabal da, eta harentzat Xabier Albizueta Beñat Elizondorenanaitasunetik piztu da «sekulako elkartasuna» Urruña eta Segura artean. Belaunaldi gazteak ere ari dira elkartasun horretaz kutsatzen. Damian Lasaga Urruñako dantzaria, adibidez, «harro» eta «kontent» azaldu da, lagunekin dantzatzeagatik, euskararen alde.

Granadako (Espainia) lekuko bat ere Urruñan da, Pablo Cañavate. «Bilbon bizi naiz eta lagunak ditut Iparra Hegoa elkartean. Oso interesgarria iruditzen zait Kutxa Biran egin dutena», esan du, euskara txukunean. Hura ere batu da azken kantura: Aberriaren mugak abestu dutenek.

Kutxa Birak bukaera Seguran (Gipuzkoa) izango du, gaur: goizean, bizikletan eramango dute kutxa Urruñatik Segurara;12:30ean harrera egingo diote herri sarreran; 13:00etan, ekitaldia egingo dute Baratze ondoko areto futboleko gunean; eta 18:00etan, Galerna taldearen kontzertua izango da, ametsak doinuz betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.