ATZEKOZ AURRERA

Kontzientziak pizten ari dira

Eguzki talde ekologistak deituta, berrehun herritar baino gehiago plastikoak auzolanean jasotzen aritu dira Deba eta Zumaia arteko flyschean. 2.500 kilo inguru jaso dituzte.

Flyscharen itsas ertzean garbiketa herrikoia egin zuten atzo goizean, Deban. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Deba
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Oier Bartolome surflariak bideo bat egin zuen Zumaia eta Deba arteko (Gipuzkoa) flyschean urriko hirugarren astean, eta berez babestua den biotopoa plastikoz beteta zegoela erakutsi zuen. Herritar askoren kontzientzian eragin zuen bideoak. Hura sarean zabaldu eta aste pare batera, berrehun herritar baino gehiago Debako Elorriaga auzoaren magalera joan dira, Eguzki talde ekologistak deituta, plastikoak biltzera. Askoz lagun gutxiago espero zituen Eguzkiko Juan Mari Beldarrainek, «40 inguru», baina herritar kontzientziadun askok erantzun diote deialdiari.

Amurriotik (Araba) iritsitako Ascension Fernandez da auzolanera batu direnetako bat: «Arazoa iaz ikusi genuen. Oso garrantzitsua da gaia, eta deialdi honen moduko gehiago behar dira». Plastikoz beteta dauka poltsa. «Erakunde publikoak ez dakit kontzientziatuta dauden ala ez, baina paso egiten dute, guztiz».

Adin guztietako herritarrak ari dira auzolanean garbiketa egiten. Inguruko herrietakoak, eta urrunagokoak. Aritz Urbieta Zumaiakoa da, 16 urte ditu, eta plastikoak jaso eta jaso ari da. «Amak kontatu zidan deialdi hau zegoela, eta argi ikusi nuen garbitzen laguntzera etorri behar nuela. Planeta ez da gurea bakarrik». Oso haurra zenetik du natura zaindu behar delako kontzientzia: «Txikitatik hala erakutsi didate».

Hurrengo belaunaldiei eman beharreko hezkuntza funtsezkoa iruditzen zaio David Hollingworth britaniarrari. Bi urteko semea besoetan duela, begira ari da, urrunago emaztea eta alaba zaharragoa garbiketa lanetan ari diren bitartean. «Guk ahal duguna birziklatzen dugu etxean». Iruditzen zaio Eguzkiren deialdiak eragina izan dezakeela batzuen barrenak mugitzeko. «Gaur biltzen den zaborra baino garrantzitsuagoa da egunero egin beharrekoa. Erakunde publikoek, halaber, ez dute nahikoa egiten».

Semearekin joan da Elena Barrueta ere; Asteasukoa (Gipuzkoa) da, eta Bartolomeren bideoaren eragina aipatu du. «Ondo dago haurrek ikustea nola lagundu dezakegun denen artean. Politak dira horrelako garbiketa herrikoiak, baina erakundeek dute dirua eta boterea halako kontuak gerta ez daitezen».

Marea biziekin, okerrago

Ingurua ederki ezagutzen duten herritarrak badira garbiketa egiten; aldameneko auzoko baserri batean jaioa da Itziar Aizpurua:«Eguzkiren deialdia oso ondo dago. Paraje ezagunak dira niretzat, askotan ibili naiz goitik behera eta behetik gora, eta gogoz etorri naiz».

Deba inguruko kostaldea primeran ezagutzen du Koen van den Driessche Belgikako geologoak ere; flyscheko gida lanetan aritzen da tarteka, eta, haren ustez, plastikoa da ingurumen arloan dauden arazo garrantzitsuenetako bat. «Plastikoa arrain handi eta hegazti askoren sabelera iristen da, zoritxarrez. Presazko ekintzak behar dira. Norbanako gisa ere badugu zer egin, eta ahalik eta plastiko gutxien erabili beharko genuke». Sakoneta inguruan egoera «kezkagarria» dela iruditu zaio.

Garbitzera joan direnez gain, turista despistatu batzuk ere begira ari dira; tartean, Herrialde Katalanetatik etorritakoak. Euskal Herriko kostalde osoan dabiltza turistak, ez bakarrik udan. Eta plastikoen kutsadura ere ez da soilik Gipuzkoan gertatzen. Fernando Salegi Eguzkiko kidea Ondarroakoa (Bizkaia) da, eta Bartolomek egindako bideoa goraipatu du hark ere. «Surflariaren bideoak eragin handia izan du,arreta piztu du». Azaldu duenez, Ondarroan ere garbitzen aritzen dira, Atxaspi inguruan. «Baina gurea adabaki bat da, zerbait sinbolikoa: jarraipen bat behar da hemen. Boluntarismoa ondo dago, baina bitarteko gehiago behar dira». Bizkaiko eta Lapurdiko kostaldean egoera antzekoa dela uste du Beldarrainek.

Eguzkikoek ehun poltsa eraman dituzte bilketa egiteko, baina ez dira nahikoa izan. «Motz gelditu gara aurreikuspenetan», esan du Beldarrainek. «Bartolomeren bideoaren ostean, ikusi dugu kontzientziak berpiztu egin direla gaiarekin».

Garbiketan ari direnak plastikoz betetako poltsekin iristen dira antolatzaileak dauden tokira. Zabor pilaketa handia dago eguerdi partean. Lainoa apur bat sartu da Elorriagan; inguruko itsasertzetan plastikoen laino ilunak ez dira berehala joango. Goiz bakarrean ia hiru tona jaso dituzte, Eguzkiren arabera.

Egoerak okerrerantz egingo duela ohartarazi du Beldarrainek: «Hurrengo uholdeak edo marea biziak iristen direnean, askoz plastiko gehiago etorriko da. Biotopo hau ezin da soilik urtean behin garbitu, eta [Gipuzkoako] diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak ingurua maiz garbitu behar dute». Nazioarteko erakundeen ardura ere aipatu du: «Plastikoen ekoizpena murriztu behar da, birziklatu ezin daitekeena debekatu, eta gaikako bilketa areagotu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.