Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Fikzioa

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Fikzioa gara, errealak beraz.

Ez du balio konfrontazio binarioak: errealitatea versus fikzioa. Errealitatea ere fikzioa da. Wikipediak esatera, «fikzioa irudimenezko errealitate batean oinarritutako narrazio bat da». Ez al da irudimena, ez al da asmatua zenbaki bakoitza, hitz bakoitza, xaloena ere, arruntena ere? Ez al da irudimena, ez al da asmatua irudi bakoitza, haitzuloko behorra, erregeren erretratua, argazkiak oro, zure telefonoarekin hartzen duzun bideo bakoitza?

Ez al da irudimena, ez al da asmatua justizia, Espainia, zuzenbide-estatua, askatasuna, demokrazia, trantsizioa?

Aste osoa Kataluniara begira, geroz eta garbiago ikusten da fikzioa dela gure borroka zelaia. Ez zen politika, Donostia zen kontua Borja Senper alkategaiarentzat aurreko hauteskundeetan, oraingoan ez dakit zer izango den: «Adiskideok, zuzenbide-estatuak funtzionatu egiten du. Bere burua defendatzen du. Eta inposatu egiten da». Horixe idatzi du sare sozial batean.

Sare sozial berean, Kataluniaren independentzia nahi izateko itxura handirik ez duen beste batek, Jorge Carrion idazleak, hauxe idatzi zuen urriaren 14an: «Ricardo Piglia maisuak esango luke gaurko sententziak hauxe adierazten duela: Estatuak, biolentziaren monopolioa badaukanak, fikzioarena ere eduki nahi duela».

Jorge Carrionek bakarrik ez, Bob Popek ere —fikziozko pertsonaia bat, telebistan agertzen da— fikzioa aipatu zuen: «Ekintza sinbolikoak kartzelarekin zigortuak. Ez da errealitateak fikzioa gainditzen duela: errealitateak fikzioa zigortu egiten du».

Baina ez da hori ere, eta hala ere hortxe dago gakoa; fikzio hegemonikoak bere menpetik ihes egin dezaketen beste fikzio guztiak zigortzen ditu, eta hori egiteko modua, gainera, horixe da: bere burua errealitate izendatzen du, eta beste guztia fikzio. Eta modu horretan fikzioa izateari uzten dio, adibidez, Espainiak, eta ematen du betitik dagoela, eta, okerragoa dena, betirako dela. Baina hori ere ez da fikzioa besterik, irudimena, asmatua, narrazioa.

Kontua da gu fikzio horrek bizi gaituela geroz eta gehiago, gure markoa, jeltzaleek euren mesedetan ederki jarria, fikzio hori dela, diskurtso puta hori, hiltzea gaizki dago, hau oasia da, ondo gaude (Espainiako) gainontzekoen aldean, inon ez da jaten hemen bezain ondo, eta abar eta abar nazkagarri bat, izatez hau oasia baino ispilatzea denean, Euskal Herria asmatzeko sekulako zailtasunak dauzkagunean, Argia-ko irakurleek ere Gran Hermano ikusten omen dutenean, gure youtuber majoek ez dakitenean zein den Sarrionandia, ETBk euskaldunoi muturrera barre egiten digunean, Euskaraldia muntatu behar denean euskaldunek paparrean txapa bat jarrita euskaraz hitz egiteko baimena dutela sentitu dezaten, euskaldunok jaten eta edaten besterik ez dakigula ematen duenean, eta abar eta abar madarikatu bat.

Kulturgile nekaezin bati irakurri nion duela ez asko: «Bost urteko haur bat etor dakizuke Alemaniako pintore baten erreferentziarekin, baina gero ez daki nor den Jose Luis Zumeta».

Bost urteko haur horrek seguru badituela gurasoak, osaba-izebak, aitona-amonak, eta heldu horiek izango dituzte lagunak, whatsapperako bada ere, edo pintxopoterako, eta seguru baietz, seguru guzti-guztiek ezagutzen dutela Ramon Bilbao, eta esango nuke, gainera, behin baino gehiagotan entzun eta aipatu ere egingo zutela: Ramon Bilbao bat!

Kostatuko zaizue fikzioen landura horretan, Googlen alegia, Ramon Bilbao hau topatzea. Artiumek dauka erakusketan, Berri Txarrak taldeari harrapatua dirudien izenburuarekin: Oroi. Iragan luzea dugu aurretik.

Errealak gara, fikzioa beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.