ATZEKOZ AURRERA

Irakurlez bete dira arkupeak

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Euskal Herriko hirietan. Donostian makina bat liburu erosi dute irakurleek, eta askotariko ekitaldiak egin dituzte egun osoan.

Liburu ugari saldu zituzten atzo Donostiako Gipuzkoa plazan, Liburuaren Nazioarteko Eguneko azokan. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Goizean bertan jakin du Arantxa Mujikak Gipuzkoa plazan Liburuaren Nazioarteko Eguneko azoka bazela: bertaratu eta Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea eleberria erosi du. Hontza liburu dendako erakusmahaian da idazlea bera, liburuak sinatzen. «Saltzen den liburu bakoitzagatik eskerrak eman behar dira», esan du Urretabizkaiak. «Bazirudien liburua hilko zela, hilko zela... baina badirudi ez dela hilko horrela bat-batean». Beste herri eta hiri askotan bezala, liburuaren egunerako azoka berezia prest zuten atzo Donostian. Liburu saltzaileak gustura zeuden, Gipuzkoa plazako arkupeak irakurlez bete zirelako. Liburuak erruz saltzen ari zirelako ere bai.

Ana Urkiza idazleak lortu du Urretabizkaiaren sinadura. «Liburua erostera baino gehiago, Arantxari muxu bat ematera gerturatu naiz». Hausnarketa ere egin du Urkizak: «Mirari Martiarenak bere bakarrizketan esan du ematen duela bi egun dauzkagula liburuak erosteko: Liburuaren Eguna eta Durangoko Azoka. Baina liburuetan sinisten dugunok egun gehiago behar ditugu».

Pedro Idigoras irakurleak, berriz, kezka azaldu du belaunaldi gazteen «irakurzaletasun txikiaz»: «Jende gazte gutxi ikusten dut, liburu dendetan ere bai, eta kultur arloko ekitaldi batzuetan ere gutxi». Halako liburu azokak, edonola ere, «zoragarriak» iruditzen zaizkio, eta badu ohitura horietara joateko. Iritzi berekoa da Pello Urkidi, eta iruditzen zaio gazteak «ikus-entzunezkoetan» murgilduta daudela. JokinMuñozen eta Eider Rodriguezen eleberriak erosi ditu. «Ahal izanez gero, etortzen naiz azokara», gaineratu du.

Telebistako telesail baten gidoilari eta ekoizlea pasatu da arkupetik, hiru alabekin, bakoitza bere liburuaren bila. Neska-mutikoentzat bada zer gozatua: askotariko liburuez gain, Alizia lurralde miresgarrian-eko te orduan inspiratutako kalejira koloretsuari begira daude asko. Neska txiki batzuk zangaluzeen hanka artetik ari dira pasatzen. Malabarista bat alboan dute.

Mirari Martiarenak helduentzako du prestatua Kontrazala bakarrizketa, eta haur batzuk ere adi daude. Ez dira hasi barre algaraka, baina jakin dute etxe gehienetan badela Karlos Argiñano sukaldariaren libururen bat.

Eta liburuetan orrialdea ez galtzeko, orri-markatzaileak ari dira banatzen. Pio Baroja idazleari eskainitakoa da orri-markatzaile bat, Mattin marrazkilariak egina, eta, hain zuzen ere, Barojaren literatura ibilbide bat egin dute, Amaia Garciak eta Isidoro Fernandezek gidatuta.

Luisa Etxenike idazlea, berriz, Zubieta liburu dendaren mahaian ari da sinatzen. Liburu asko sinatu ez arren, egunarekin «oso pozik» dago Adur Intxaurrandieta idazle gaztea —erromatarren garaiko Rebelión en Sicilia liburua idatzi du—. «Lehen eleberria argitaratu duen ni bezalako bati oso ondo datorkio hau. Sekulako giroa dago, eta eskertzen da». Kristo aurreko bigarren mendean dago girotuta haren eleberria, eta gaiari jarraipena emateko, bigarrena idazten ari da orain Intxaurrandieta.

Eguerdi aurretik bazen jendea liburu salmahaietan, baina eguerditik aurrera, erabat bete dira Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikineko arkupeak.

Saltzaileak, «oso gustura»

Atsedenerako ia ez dute tarterik liburu saltzaileek. Elkarrek Fermin Kalbeton kalean duen dendako langilea da Carlos Mintegi, eta pozik dago: «Azkeneko bi urteetan pairatu duguna pairatu eta gero, eskertzen da horrelako eguna. Jendea erruz dabil. Herritarrek badakite zer liburu atera diren, eta eguna baliatzen dute, beherapenak tarteko, liburuak erosteko». Norberak irakurtzeko erosten dute batzuek, eta oparitzeko beste batzuek. Ez herritar ugari, baina batek baino gehiagok arrosa bat darama eskuetan, liburu batekin batera.

Ines Garcia Tobacco Days liburu dendako saltzailea «ilusio handiz» dago: «Bi urteren ostean kalera ateratzea eta beste liburu dendekin batera plazan egotea oso garrantzitsua da». Liburu denda ezagutarazteko ere onak izaten dira azokak. «Liburu denda orain Sekundino Esnaola kalean dugu, Gros auzoan, eta jende askorentzat espazio berria da oraindik».

Beste liburu denda berri bat, Tobacco Days baino berriagoa, Egia auzoko Ebla da. Urrian zabaldu zuten. Generoko liburu denda da, Eneko Sanchezek azaldu duenez: «Komikiak saltzen ditugu, eta zientzia fikziozko eta fantasiazko liburuak, baita beldurrezkoak ere». Sanchezek argi du liburu eguneko azokak mesede handia egingo diola: «Jendeak liburu denda ezagut dezake. Dendan hainbeste libururen azalak batera aurrez aurre ikusteko aukera ez da izaten, eta kalera ateratzea sekulakoa da guretzat».

Arratsaldean izan ziren ekitaldi gehiago. Baina askok azokan erositako liburua zabalduko zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.