elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Errepublika goiztiar hura

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hasi naiz belarri ertzetik Riego-ren himnoa entzuten. Ereserkiak letrarekin kantatzeko omen dira, baina nik, kasu honetan, nahiago musika hutsa; pieza xume hori, txaranga batek kalejiran jotzeko modukoa, himno nazionalek jariatzen duten handikeriatik urruti. Imajinatzen dut tankera horretan joko zuela Eibarko Udal Bandak duela 88 urteko apirilaren 14an, kaleak beteko zituen jendetzaren artean. Izan ere, bi egun lehenagoko hauteskundeetatik atera zen udalbatzaren lehen erabakietakoa horixe izan zen: errepublika aldarrikatu zuten eguneko arratsalde-gauean Udal Bandak musika saioa eskaintzea. Gertakari hartako argazkietatik bat gertatzen zait bereziki esanguratsua: Untzaga plaza jendez gainezka, udaletxeko fatxadaren kontra eskailera luze-luze bat, eta han goian gizon bat —udal suhiltzailea omen zen—, plaka aldatzen; Alfonso XIII.arena kendu eta Errepublikaren izenekoa jartzen.

Eibarko aldarrikapen goiztiarra ez zen izan kasualitatea, nahiz eta tartean gaizki-ulertzeren bat izan ote zen susmatzen den. Ez zen izan kasualitatea, hauteskundeen emaitzek berme guztia eskaintzen zielako —19 hautetsietatik 18— eta errepublikazaletasunak bidea eginda zeukalako Eibarren. Asier Sarasuak bikain markatzen ditu bilakaera horretan emandako urrats ekonomiko-politiko-sozialak, Toribio Etxebarriaren Viaje por el país de los recuerdos liburuari egindako sarreran. Sindikatuen artean UGTkoak ziren nagusi, eta ELAkoak hurrena. Juventudes Socialistas-ekoen lelo bat hauxe: «Gora Euskadi eta gora mundu guztian bere izardiakin bizi dan gentia».

1920an Alfa kooperatiba sortu zuten UGTkoek eta sozialistek; garai hartarako aurrerakoiak ziren arauak ezarri zituen lantegiak; esaterako, bertan aritzen ziren emakume ezkonduentzako «kontziliazio neurriak» dei genitzakeenak (bide batez, etxeko lan karga erabat emakumeen gain zegoela adierazten dutenak). Armagintzan hasitako Alfa, josteko makinak fabrikatzera pasatu zen 36ko gerra baino lehen. Toribio Etxebarria zen gerentea. Agian, damutuko zen noizbait erabaki hartaz?

Etxebarriak Recordando la guerra. Diario de viaje de un refugiado español liburuan, gerraren kontakizun oso pertsonala egiten du, desmitifikatzailea erabat errepublikaren aldeko bandoan jardun zuten zenbait indarri buruz, besteak beste, anarkistak eta komunistak. 1941ean, Marseillatik Venezuelara itsasontziz zihoala idatzitako egunerokoan, hamar urte lehenagoko apirilaren 14a dakar gogora: «Muerta la República [...] con su origen impoluto y sus clemencias impolíticas, sus pecados de ingenuidad y sus escrúpulos legalistas, su timidez social y su noble ambición de establecer un nuevo estilo de gobernación...».

Etxebarriaren gaztelaniazko prosa serio eta hanpatuxea bertso xume eta jostari bihurtzen da euskaraz. Bere idatzietan ezin falta 1931ko apirilaren 14a: «Onelako irabazterik/ ez da izan Historixan/ain garbi eta odol barik,/ez gizaldi zar da berrixan. [...] Ba erromeria batekin/non dantzan eta soñuak,/amaittu genduzen ariñ/Republikako ezteguak».

Eibarrera noanero, liluratu egiten nau bertako hirigintza bete eta nahasiak: etxe sailak hainbat planotan, bata bestearen gainean, mendian gora eta zuloan behera; bertigoa ematen duten aldapak, kale-zirkilu ezinezkoak, jarri eta kentzekoak diruditen errepideak... dena ezin kabiturik, gainezka egiteko zorian balego bezala. Paisaia urbano hiperkontzentratu horrek iragan sozialki oso aberatsa gordetzen du bere baitan. Are gogoangarriagoa errepublika suntsitu zuen erregimenetik zuzenean datorkigun monarkia anakroniko, esplotatzaile eta Espainiaren batasunaren zaindari goren den horren menpean gauden honetan. Duela 88 urte Untzaga plazan bildu zirenek a zer-nolako pena, amorru eta destainaz begiratzen diguten historiaren tranpaldotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.