Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Pauliren esklusio printzipioa

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ikusgarritasunaren gizartean bizi gara. Sekulako garrantzia du ikusgarritasuna nori, zeri, non, noiz eta nola ematen diogun erabakitzeak. Izan ere, zerbaiti ematen ari garenean, zerbaiti ari gara ez ematen. Eta susmoa dut sarri horretan dagoela gakoa.

Beharbada oroituko duzue eskola garaian nola taula periodikoan elementuak era jakin batean zeuden ordenatuta. Ordena hori, atomo bakoitzak elektroiak antolatuta zeuzkan moduaren araberakoa zen. Izan ere, ezinezkoa da atomo berean bi elektroik zenbaki kuantiko berak izatea. Eta ondorioz, lekuak hartuz doaz, energia maila baxuenekotik hasi eta altueneraino. Baina behin leku bat okupatuta, ez dago hurrengoarentzako lekurik. Nolabait esateko, bi elektroik ezin dute leku bera okupatu. Pauliren esklusio printzipioa esaten zaio, eta elektroiek ez ezik, fermioi deritzen partikula guztiek ere obeditzen dute. Sistema kuantiko batean ez da posible egoera kuantiko bera okupatzen duten bi fermioi egotea.

Gure kontraesanen artean daukagun gaitzetako bat zera da: aldi berean lekuak okupatu nahia besteei ikusgarritasunik kendu gabe. Edo are, besteei ikusgarritasuna emango diegula sinistuta. Bada, uste dut badela zintzoak izateko unea, eta onartzekoa hori ezinezkoa dela. Guk hartzen dugun ikusgarritasuna ez du beste inork hartuko; eta alderantziz, hartzen ez duguna besteren batek hartuko du. Onar dezagun ikusgarritasuna zeri eman erabakitzen dugunean; zeri ez eman ere ari garela erabakitzen inplizituki. Ikusgarritasunak fermioiek bezala jokatzen duelako neurri handi batean. Behin leku bat okupatuta, ez dago beste inorentzako lekurik.

Pentsa liteke enpresetako goi kargutan, kargu politikotan, iragarkitan, dibulgazio testutan, oholtza gaineko edozein ekimenetan, telebistan, iritzi zutabeetan... Nori eta zeri ematen diogu ikusgarritasuna? Noiz hartzen dugu guk? Eta garrantzitsuena dena: beraz, nori eta zeri ez?

Hala ere, fermioiena ez da partikula guztien kasua. Askok, galdetuz gero, ez lukete sinistuko posible denik partikula bat baino gehiagok leku bera okupatzea. Baina bada. Badira Pauliren esklusio printzipioa obeditzen ez duten partikulak. Bosoi bezala dira ezagunak, eta adibide bat fotoiak lirateke. Sistema kuantiko batean nahi beste fotoi egon daitezke egoera kuantiko berean.

Badira gugan bosoien gisa funtzionatzen duten fenomenoak ere, Pauliren esklusio printzipioa betetzen ez dutenak. Ezagutza izan liteke bat. Gauza berriak ikasteak ez ditu zaharrak ezabatzen. Eta ezagutzaren kasu konkretu bat hizkuntzak izan litezke. Hizkuntza berri bat ikasteak ez dizkigu genekizkien zaharrak ezabatzen. Gure garunetan ez dago hizkuntza kopuru jakin batentzako espazioa erreserbatuta, non behin hortik gora pasata bat ezabatu beharra dugun berri bat ikasteko. Nahi adina hizkuntza ikas ditzakegu, horretarako denbora eta nahia izanez gero. Edo haur garenetik irakasten badizkigute.

Baina hizkuntzari ikusgarritasuna eransten zaionean, orduan bosoi izateari utzi eta fermioi izaera hartzen dute hizkuntzek ere. Ez dago denentzako lekurik. Izan errepidetako seinale, baremazio sistema baten meritukrazia, twitterreko kontu ofizial zein udal baten programazio kulturalean, esate baterako. Eta hizkuntza bat ez da hiltzen ikusgarritasunik ematen ez zaiolako. Hori euskarak ondo demostratu zuen frankismo garaian. Baina kalte handia egin diezaioke.

Esatera nindoan baten batek esplikatu behar lukeela hau guztia Iruñean eta Nafarroan. Tira, eta euskal lurralde osoan. Baina beldur naiz ondotxoegi ez ote dakigun denok, eta horren jakitun izanik (ere) hartzen ez ote diren euskararen ikusgarritasunarekiko erabaki eta hautu politiko gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.