Amaiak harri eta zur entzun dio hamar urteko alaba Eiderri esaten nazkatuta dagoela, gelan badirelako hainbat mutil pornografia ikusi baino egiten ez dutenak. Amaiak gaia aipatu du ikastolako gurasoen bileran, eta proposatu du ikastetxeak eta familiek gaia landu beharko luketela, eta adituen laguntza bilatu. «Tira, neska, nerabe kontuak baino ez dira! Biologia, badakizu!», erantzun dio barreari ezin eutsiz Ernestok, Amaiaren alabaren gelakide baten aitak. «Lasai, Amaia, denak omen dabiltza horrela; pasatuko zaie», bota du Mirenek, Eiderren adiskide min baten amak, irribarrez berak ere. «Niri ez zait ba txantxetakoa iruditzen», esan du serio Anderrek, Eiderren beste gelakide baten aitak, zeinari haur nerabeen pornozaletasuna afera barregarria irudituko litzaiokeen (eta mutikoen osasun onaren eta sexu identitate eta orientazio sanoen seinalea) ez balitu bost urte eramanen burmuinean leiho berriak zabaltzen, herriko talde feministan dabilen hogei urteko alabaren eskutik. Ernestok mesfidati begiratu dio Anderri.
Lau gizon emakume bat indarkeriaz bahitzen, biluzten eta bortxatzen. Emakumea, negar-garrasika. Halakoa bide da Interneten gehien ikusitako bideo pornografikoa. Sareko pornografia gehienean gizonen nagusitasuna eta emakumeen sumisioa irudikatzen da. Aurpegira hazia isurtzea bide da mutilek neskei gero eta gehiago eskatzen dieten joko sexuala. Jauntzaren eta jabetzaren irudia. Biologia, badakizu.
Veronicak bere buruaz beste egin du 200 bat lankideri oso dibertigarria iruditu zaielako haren bideo intimo batzuk zabaltzea, haren bizkar (eta haren aurrean) barre egitea, hura umiliatzea, emakumearen sexualitatea beti baita susmagarri. «Horra gizakion berezko gaiztakeriaren beste adibide bat», esan dio Amaiari Ernestok, gaiaz jardun dutenean. Veronicaren bideo sexual horiek hainbat egunez egon dira Interneten gehien bilatu direnen artean. Gure espeziearen gaiztakeria, badakizu.
Noak jateari eta edateari utzi dio bere burua hiltzeko, oso luze zeramalako zenbait sexu erasoren ondoko traumaz (eta salaketaren ondoriozko minez) ezin osatuz. «Gajoa, a zer zorte txarra, hiru bortxaketa jasan beharra ere», esan dio Mirenek Amaiari albistea jakin dutenean, eta erantsi du: «Nerabeen suizidio tasa ikaragarri altua omen da, hormonek ba omen dute zerikusia». Zorte txarra eta hormonak, badakizu.
Amaiak txiripaz jakin berri du Nerudak bere memorietan odol hotzean kontatu zuela Sri Lankan kontsul zebilenean bere gorotzen eltzea garbitzeaz arduratzen zen emakumea bortxatu zuela. Delituaren aitortza horrek ez du urte luzez inongo asaldurarik eragin. Amaia oso nerudazalea da, harri eta zur dago. Anderrekin mintzatu da gaiaz eta, badakizu? Luze egon dira hizketan, baina ez soilik (ez bereziki) biologiaz, gure espeziaren gaiztakeriaz, zorte txarraz eta hormonez, baizik eta (bereziki) patriarkatuaz, misoginiaz, matxismoaz, klasismoaz, arrazakeriaz... Eta heziketa afektibo-sexualaz eta Skolaez.
Ondorioztatu dute pornografiak ez dituela bortxatzaileak sortzen; aitzitik, bortxaketaren kulturak sortzen duela nerabeek (ere) hainbeste ikusten duten pornografia matxista. Eta, hitz eta pitz horretan, are txiolandiako feministen arteko azken eztabaidaz ere jardun dute, biak konturatu baitira nola goititu duen matxismo misoginoak bere aginte-makila ebazteko nor den auzi horretan feminista ona, eta nor, berriz, gaiztoa. Ondorioztatu dute denok garela patriarkatuaren kumeak, baina, zorionez, gero eta jende gehiago ari dela beren burmuinetan leiho berriak zabaltzen, eta beren ohiturak eta hautuak desnaturalizatzeko tresnetan trebatzen. Biek garbi dutela erabaki dute: seme-alaba txikiei feminismoa oparitu nahi diete.
Hizketan ari direla ohartu dira orain dela 30 urte biak egon zirela Nafarroako legezko lehen abortua egin ondoren auzipetu ziren ginekologoen aldeko elkarretaratzeetan. Ohartu dira patriarkatuak badituela hamaika mozorro. Eta Ander jabetu da kontu askotan feminismotik uste baino hurbilago egon dela aspalditik, eta alaba zaharrarekin mintzatzeko gogo ikaragarria etorri zaio.
ARKUPEAN
Hamaika mozorro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu