elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Historiaren zirrikituak miatzen

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Gaurko egunez, duela 75 urte, Marcelino Bilbao—Alonsotegiko semea— Vienara zihoan oinez, Mauthauseneko kontzentrazio eremuan preso-kide izan zituen beste hemezortzi errepublikanorekin batera. «Bidean zortea izan genuen, gizon austriar adineko batekin topo egin eta bi zaldi erosi ahal izan genizkion, SSkoen biltegitik harrapatu genituen bi mila zigarroren truke». Handik egun batzuetara, zaldiak hil egin behar izan zituzten, jatekoa izateko. Berrogeita hamar kiloz azpitik zegoen hogeita bost urteko gazte bizkaitarra, nazien kontzentrazio eremuetan ia bost urte pasatu ondoren.

Hirurogeiko hamarkadan bere bizitzako aldi horren memoriak idatzi zituen Marcelino Bilbaok; orain Etxahun Galparsoro historialariak Bilbao en Mauthausen liburuan (Planeta, 2020) jaso ditu izkribu haiek, gertakarien testuingurua marraztuz. Liburua ez da lotara joan aurretik irakurtzekoa; arratsaldeko eguzkitan leituta ere, amesgaiztoak pizten ditu. Marcelino Bilbaoren kontakizunak gizakiaren degradazio gordinenaren aurrean jartzen zaitu, arnasestuka, itolarrian. SSek eragiten zuten izugarrikeriaren letra txikia dago Bilbaoren errelatoan. Bide batez, bitxia da nola azken hilabeteotan bizi dugun egoeraren oihartzun izpiak aurkitzen dituzun duela 75 urteko gertaeretan, jendearen mugikortasunari —hobeto esan, mugitzeko debekuari— dagokionez, esaterako.

Debeku horrek sortu duen hustasuna islatu du Clemente Bernad argazkilari iruindarrak Ante el umbral erakusketan; Reina Sofia museoaren web orrian ikus daiteke. Hogeita hamar argazki dira, Madrilen hartutakoak konfinamendu garaian. Kaleko lurzoruan botatako eskularru profilaktikoek markatzen dute leitmotiv-a. Tartean, arimarik gabeko espazio urbanoak; zapatila parea espaloian abandonatuta; eta hor, pertsiana jaitsitako dendaren atalaurrean sarkofagoa dirudien zerbait: homeless-a berebabeslekuan. Ez dira ageri balkoi martxosoak.

Bernadek (Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan baimenik gabe grabatzeagatik bi urteko kartzelaldira kondenatua izan zenak) ohartarazpen hauxe egin zuen Gara egunkarian joan den astelehenean: memoria historikoa izango dela, ziur, egungo krisiaren galtzaileetako bat: «lehentasuna izateari utziko dio, desobiratzeetarako fondoak kenduko dira eta egoera honen biktimetako bat izango da».

Memoria historikoaren esparrua ukitzen du El hilo invisible telesail estreinatu berriak. ETAren bigarren arora garamatza, hilketak hasi ziren hartara, 1968an. Txabi Etxebarrietak Jose Pardines Guardia Zibila hil zuen garaira; Guardia Zibilek Txabi Etxebarrieta hil zutenera; telesailaren egileen ikuspegitik, «ETA erakunde terrorista bihurtu zen momentura». Ramon Zallokbisturiarekin atera dizkio tripak serieari La línea invisible: determinismo y discurso del poder artikuluan (Rebelión, 2020-04-16). Garai hartako giro eta jendearen ezagutzatik egin du disekzioa Zallok, historia bizi izan duenaren jakintzatik, eta analisi politiko-sozialaren erremintak zorroztuta. Lagin bat, Zallok telesailari egozten dionetik: «Hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako belaunaldi gazteen borroka antifrankista itxuragabetu egiten da. Badirudi diktadura bere kasa desegin zela, Francok ohetik altxatzerik izan ez zuelako. Hori bai dela historiaren errebisionismorik okerrena. Eta gero kexatu egiten gara eskuin muturrak nazismoarekin egiten duen errebisionismoaz».

Mariano Barroso telesailaren zuzendariak Euskal lagun bati zuzendutako artikuluan (El País, 2020-05-03), baloiak kanpora bota ditu: «Tragedia greziarra —edo espainiarra, edo euskalduna— ez da ez erreakzionarioa, ezta iraultzailea ere. Angustiak eta ametsak ere ez diren bezala, eta ezta zure Kantauri itsasoa, eta zure pikilo piperrak». Neutraltasunaren mozorroa jantzi nahi duen diskurtso horrek gogora ekarri dit frankismoaren garaian —hain zuzen ere— politikatik paso egiten (omen) zuen alienatu eta konformista saldoaren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.