Gaur da udako azken eguna ofizialki. Udaren laburpena zenbakitan izan zitekeen halako zerbait: X emakumek sexu erasoak salatu dituzte Euskal Herriko festetan. Y-k festetatik kanpo, guztira X+Y. X etorkinek Y egun pasa dituzte Mediterraneoan ontzi batean poturatu ezinik. Horietatik Z adingabeak. Bidean hondoratu diren ontzi eta pertsonen zifrarik ezin zehatz jakin. X polizia Miarritzeko goi bileran, Y atxilotu eta Z zauritu. X lan istripu, Y auto istripu, Z...
Apropos ez ditut zenbakiak jarri. Ez bilatzeak alferkeria ematen zidalako, baizik eta zenbakiak bihurriak izaten direlako askotan, gaiztoak ez esatearren. Posible delako zenbaki beraren aurrean pertsona bat larritu, sutu, haserretu eta minez lehertzea eta ondokoak «aurten hain gaizki ere ez» bat pentsatzea. Bati asko, gehiegi iruditzen zaiona, besteari «ez hainbesterako»iruditzea. Bakoitzak jakingo du X, Y eta Z horien atzean zer zifra jarri behar dituen larritzen hasteko. Ni hertsiki positiboak izateak berak kezkatzen nau.
Bada probabilitatean lege bat, zenbaki handien legea deritzona. Legearen arabera, esperimentu bat edo gertaera bat askotan errepikatuz gero, emaitzen bataz bestekoa esperotako edo aurreikusitako emaitzatik gertu egongo da. Adibidez, txanpon bat 1000 aldiz airera botaz gero, pentsatzekoa da aurpegi kopurua 500etik gertu egongo dela. Aurreikuspen ezberdinak egiteko erabiltzen da lege hau.
Egia esan, beharbada izen egokiagoa litzateke «datu-kopuru» handien legea, zenbaki handiena baino. Zenbakiek ez dutelako zertan handiak izan, esperimentua egindako aldiak dira asko izan behar direnak. Horrela esatea gordinkeria izan badaiteke ere, gure herrietako festa bakoitza esperimentu bat litzateke. Ez dira gutxi, beraz. Legearen arabera, X zati gure herrietako festa kopurua, festa bakoitzerako espero edo aurreikus zitezkeen eraso kopurutik gertu egongo da. Eta berdin gainontzeko datuekin.
Kalkulatu genezake, beraz, herri bateko festetan esperotako eraso kopurua. Eta ondorioz, doan emakume bakoitzaren erasotu izateko probabilitatea. Kalkulatu genezake Senegalen jaiotzen den haur batek Mediterraneoan txalupa batean amaitzeko daukana.Zibil baino polizia gehiago dagoen tokira protestara doanak atxilotu edo zauritua izatekoa. Lan jakin bakoitzeko langileak istripu bat izatekoa...
Apropos ez ditut proportzioak kalkulatu, berriz ere, zenbaiti «ez larritzeko beste»gertatuko zaizkionaren beldur. Ziurtatu diezazuekedan bakarra zera da: bat bera ere ez da zero. Eta are, kalkulatu gabe ere lepoa egingo nuke azken urteetakoekin alderatuz ez goazela zerora hurbiltzeko bidean.
Aurreikus zitezkeen pasa diren urteetako udetako datuetatik aurtengoak, eta hala ere ez dugu ekiditen jakin. Noizko erasorik aurreikusiko ez den festa? Noizko Mediterraneoa gurutzatu beharko duen gizakirik esperoko ez den uda? Noizko poliziaren presentzia gehiegizkoak atxilotu eta zauriturik utziko duela aurreikusiko ez den eguna? Noizko...?
Zenbaki handi zein txiki izan, zenbaki handien legeak betetzen jarraituko du. Esperimentu kopurua beti delako handia. Egun bakoitza da «esperimentu» bat gutariko askorentzat. Eta esperotako eraso, etorkin, atxilotu, lan istripu kopurua zero izateko modu bakarra esperimentu bat eta bakoitzaren emaitza zero izatea da. Ez dago beste soluzio posiblerik.
Benetan hori bada datozen udetarako (eta ez udetarako bakarrik) nahi duguna, ez daukagu lan makala. Eta bai, dena ez da gure esku egongo, baina askotan sinistu nahi duguna baino gehiago dagoela esango nuke. Ustezko zenbaki handiekin harritu eta ustezko txikiekin kontsolatzeari utzi eta izan dezagun helburua garbi: aurreikuspenak zerora jaistea.
ARKUPEAN
Zenbaki handien legea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu