Ez naiz lehena honi erreparatzen. Koronabirusaren inguruko hizkuntza, adore emateko deiak, haren kontrako neurrien berri ematen duten notiziak hizkera belikoaz kutsatuta daude, eta laster hedatzen den kutsadura da. Eritasuna guda zelai bilakatzearena ez da atzokoa. Baina oraingo egoerak halako esaldiak egunero eta toki guztietan aditzera behartzen gaitu. Joera horren mukurua Salvador III.a Espainiako Osasun ministroari entzun nion: koronabirusak kutsatutakoen kurba menderatu edo amore emanarazi behar zuten (doblegar, bere hitzetan) eta, nola ez, birusa bentzutzeaz jardun zuen. Erizain eta medikuak (borrokaren) lehen lerroan daudenak izatera igaro dira. Oraingoz ez dut, eskerrak, lubakia entzun. Kanpainako ospitalearenak eta kaleetan militarrak egoteak ez du laguntzen.
Gerrari eta haren hizkerari dagokionez, giroa maskulinotu da nahikotxo. Osasuneko langile gehienak emakumeak izan arren, arauak eta aholkuak ematera ateratzen diren gehienak gizonezkoak dira. Gizonezko politikariek, emazteak (batzuetan politikariak haiek ere) gaixotu arren, hor jarraitzen dute, Pedro Sanchezek edo Pablo Iglesiasek bezala, heroikoki, etsian eta itxian sartu gabe, gu guztiok garaipenera eramateko misioak berak immunizatuta.
JIRA
Irabaziko dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu