Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Litioa eta gu

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Petroleoa Iraken, koltana Kongon, ikatza Venezuelan, fosfatoa Angolan, zinka Argentinan, uranioa Kazakhstanen, diamantea Namibian, nikela Finlandian, ura Tibeten, gas naturala Iranen, kobrea Afganistanen... eta litioa Bolivian.

Mozanbiken jaiotako lankide batek hala esan izan dit maiz: «if you really want to understand any war or conflict, don't focus on the political debates, follow the resources». Alegia, gerra edo gatazka baten muinean baliabideak daudela beti. Akaso ehuneko ehunean ez du asmatuko, baina ez da urruti ibiliko. Bistakoa da naturan aberatsa den herrialde batean jaiotzeak pobreziara kondena zaitzakeela. Puntu horretaraino da aldrebesa eraiki dugun mundu hau.

Partikula solidoen artean dentsitate txikiena daukana da litioa. Dentsitatea masa zati bolumena da, eta beraz, objektu batek okupatzen duen espazioarekin alderatuz daukan masa nolakoa den adierazten du. Alegia, litioak masa txikia daukala okupatzen duen bolumenerako, nolabait esateko.

Sistema kolonialak badu horretatik zerbait. Oso masa txikiarentzat eraikitako sistema da, espazio handia okupatzen duena (okupatu hitzaren zentzu literal eta abstraktuenean). Ez hori bakarrik, dentsitate txikiko sistema da, bai, baina bizimodu solidoak eskaintzeko bestekoa. Litioaren parekoa izan liteke, beraz, sistema koloniala: dentsitate txikiena duen egitura solidoa.

Hiru da litioaren zenbaki atomikoa. Gogoan baduzue, horrek esan nahi du hiru protoi eta hiru elektroi dauzkala. Karga positiboa daukaten partikulak dira protoiak eta karga negatiboa dute elektroiek. Neutroiak ere existitzen dira, kargarik ez daukatenak. Litioaren nukleoa, beraz, hiru protoiz eta zenbait neutroiz legoke osatuta, eta hiru elektroiak, nukleoaren inguruan leudeke bueltaka.

Sistema koloniala ere hala egituratuta dagoela esan liteke. Zentroan nukleo txiki bat, eta periferian elektroiak biraka. Era inteligentean eraikia izan da, gainera. Izan ere, ematen digu nukleoan gaudenoi sistema bera kritikatzeko aukera. Tira, gure arduradun politikoei ez horrenbeste antza, Europan ikusi denez. Baina guk bai, guk kritika dezakegu kolonialismo mota berri hau. Eta horrek arintzen digu neurri batean kontzientzia. Baina nukleoan jarraitzen dugu. Ez gara periferian bueltaka dabilen elektroi artean bizi, ez. Gu protoi eta neutroi artean gaude, sistemaren nukleoa gara. Gu ere bagara litioaren dentsitatea txiki egiten duen masa horren parte.

Nahi genuke beste mundu bat eraiki, non inor ez litzatekeen nukleo. Mundu bat non ez ginatekeen gu beste herrialdeetan auskalo zein baldintzatan eta zein gatazka sustatuz lortutako baliabideei esker horren eroso bizi garenok. Edo gutxienez hori diogu. Hori sinistu nahi dugu. Baina zer egin hori aldatzeko? Ez da galdera erreza. Gainera, guk, norbanako batek, nola aldatuko dugu bada mundua? Gure aletxoa jarri, bai, jakina (nahiz eta maiz gure aletxo hori zer den ondoegi jakin ez). Baina beste askorik ezin dugu egin.

Izan ere, halako sistema oso bat suntsitzeko sekulako indarra behar da. Ez sistema desegiteko soilik, gutako bakoitzakari ere, bizimodu hau eman digun nukleo honetatik alde egiteak sekulako energia suposatuko liguke. Atomoetan ere berdin gertatzen da. Dagoen indar potenteenetakoa da atomo baten nukleoko protoi eta neutroiak elkarri lotuta egotea ahalbidetzen duena.

Ezaguna egingo zaizue indar horren izena: nuklear esaten zaio. Eta, zera, gu... energia berriztagarrien aldekoak gara, ezta? Izan ere, sarri hitzez besterik badiogu ere, gure eguneroko jarrerak, inplizituki, zera dio: litioaren forma duen sistema kolonialaren nukleotik askatuko gintuzkeen indar nuklearrik? Ez, eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.