Txema Ramirez de la Psicina

Borondatezko morrontzaz

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Sakelakoa dardarka hasi zitzaidan. Maskor telefonoko tapakia zabaldu eta zuri-beltzezko pantailatxoan SMS hau jaso nuen gaztelaniaz: «Al-Qaedak lau aldiz erreibindikatu ditu Madrilgo atentatuak eta Gobernuak ezkutatu egiten du. Aznar berearekin [de rositas jatorrizkoan] aterako al da? Pasa ezazu».

2004ko martxoaren 13a zen. Duela hemeretzi urte. Ia bi hamarkada igaro dira. Arnaldo Otegik —bi egun lehenago, martxoaren 11n bertan— Loiolako Herri Irratian gerora berretsi zen hipotesia aurreratu zuen: «ETA ez da izan. Nire ustez, mugimendu islamista dago atentatu horien atzean». Alferrik izan zen. Jose Maria Aznarren gobernuak berearekin jarraitu zuen, han eta hemen matraka bera ematen. Inoizko manipulazio-saiakerarik handienetakoa abiatu zuen. Komunikabide garrantzitsuenetako zuzendariei telefono dei pertsonalak egin zizkien, Espainiak munduan dituen enbaxada guztietara mezu bera igorri zuen: «Martxoaren 11ko atentatuen egilea ETA izan da».

Martxoaren 14an hauteskundeak izan ziren. Inkesta gehienek iragartzen zuten Jose Maria Aznarren garaipena. Kale egin zuten. Jose Luis Rodriguez Zapatero ailegatu zen Moncloara.M-11tik M-14ra bitartean, 72 ordu baino ez. Analista guztien iritziz hiru eguneko tarte horretan izandako jazoera hunkigarriok —hildako kopurua bera (ia 200), Aznarren manipulazio informatibo gordin arlotea eta, batik bat, SMS mezuen bitartez kalean, PPko egoitzen aurrean, izandako protesta jendetsuak— erabakigarriak izan ziren. Etxean geratzeko asmo zuten milioika abstentzionista gaztek, manipulazioaren kontrako botoa ematera joan, eta PSOEren hautagaia aukeratu zuten.

Gertatutakoa askatasunaren garaipen bezala aztertu zen orduan munduko komunikazio fakultate askotan. Internet eta teknologia berriek manipulazioaren kontra egin zezaketenaren isla. Sare sozialak jaio gabe zeuden. Facebook bera orduantxe hasia zen lehen pausotxoak ematen. Twitter bi urte geroago plazaratu zen (2006an). Eta WhatsApp, 2009an.

Ia bi hamarkada igaro dira. Internetek mundua eta gure bizitza aldatu ditu. Batzuei entzunda, askapenetik morrontzara pasa garela dirudi. Orain, gero eta jende gehiago bizi da albisteen beldur. Komunikabideen sinesgarritasuna maldan behera doa etengabe. Jendea ez da fio mugikorretatik iristen zaizkion mezu anonimoez. Albiste faltsuak, algoritmoen diktadura, kontrol soziala, adimen artifizialaren aukerak eta arriskuak... Teknologia berriekin batera, mundua aldatu zaigu. Pasa ezazu hartatik Ezaba ezazu-ra igaro gara. Zer gertatu da?

Bai, 2023koa beste mundu bat da, nahiz eta fosil askok oraindik ere bizirik iraun (Aznarren agerraldi irrigarriak lekuko). Bada halako irakurketa samur bat —aurkiaren bertsioa—, sare sozialen ahalmena eztitzen duena... Honela dio: sare sozialei esker, Barack Obamak 2008an garaipena lortu zuen; 2010-2012 urtealdian Afrikako hainbat herritan Internetek, sare sozialek eta, batik bat, Mendebaldeko komunikabide nagusiek hauspotu zuten udaberri arabiarra; Espainian 2011n sareetan loratu zen Maiatzak 15 mugimendua bera...

Sare sozialen ifrentzua ere gizentzen joan da, bereziki azken zazpi urteotan. Alt Right mugimenduaren adarrak mundu osora zabaldu dira. 2016an, brexit-eko erreferendumaren inguruan, Cambridge Analytica eta Facebook-en lan makurrari esker, euroeszeptikoek —mainstream-eko komunikabideak kontra izan arren— irabazi zuten bozketa. 2016an ere —eta hemen ere komunikabide hegemoniko guztiak, Fox salbu, kontra izan arren—Donald Trumpek —fake news-i esker— irabazi zituen AEBetako hauteskundeak. Jair Bolsonarok gauza bera errepikatu zuen bi urte geroago Brasilen. Larriagoa izan zen 2017-2019 urtealdian, Myanmarko Gobernuak —Facebook-en bitartez zabaldu ziren gezurrei esker— rohingyen aurka burutu zuen genozidioa. Hamarnaka mila hildako eta ehunka mila erbesteratu eragin bazituen ere, guk —asmo oneko europar zuriok— ezer gutxi dakigu sarraski horretaz. Musulmanak dira. Ukrainako hildakoak, berriz, gutarrak. Gurekin bazkaltzen dute egunero. Besteen mina eta gure jakin-mina bereizita doaz. Manuel Vicentek arrazoi: «Gizateriaren etorkizuna bi koderen bueltan ardazten da: kode genetikoa eta kode postala».

Kode postal eta genetikoez harago, azken urteotan, komunikazioaren munduan kode etiko guztiak birrintzen ari diren bitartean, neurriak hartu behar dituzten agintariak motel eta epel doaz. Erabaki eraginkorrik ezean, intolerantziak, xenofobiak, misoginiak... egunero beste pauso bat egiten dute aurrera. Eskuin muturraren arriskua mamua baino zerbait gehiago da. Iritzi publikoa osatzeko mekanismoak aldatu egin dira. Dagoeneko komunikabide nagusi horien eragina lausotu egin da. Populazioaren hainbat sektorerengana ez dira iristen. Eta iristen direnean ere, ez zaie sinesten.

Dena den, auzia ez da soilik agintarien ardura. Gurea ere bada. Zenbat sasi-informazio ustez guai, anonimo, zalantzazko edota politikoki oso bideratuak zabaldu ditugu gure mugikorren bitartez inolako azterketa kritikorik egin gabe, soilik gure joera ideologikoa berresten dutelako?

Sare sozialak, Internet, adimen artifiziala... askabide ala morrontza bide? Aspaldiko eztabaidaren bertsio gaurkotua. Umberto Ecoren Apokaliptikoak ala integratuak saiakera mitikoaren remake-a. Ecok baino askoz ere lehenago, XVI. mendean Étienne de la Boétie filosofo gazte frantziarrak bere Borondatezko morrontzaren mintzaldia idatzi zuen. Tirania eta totalitarismoaren aurkako aldarri humanista da. Egungo anarkista bat. Bertan, autoreak —soilik 17 edo 18 urte zituela— agintariek ezarritako boterearen aurrean herritarrek erakusten zuten otzantasuna jomugan izan zuen. Horren aurkako aldarri ozena egin zuen. 2011n Juan Kruz Igerabidek argitaratu zuen itzulpenean honela laburtu zuen:

«Jende dohakabe gaixoa, herri burugabea, gaitzean tematurik eta onuraren aurrean itsu zaudeten nazioak! Ondasunik eder eta argienak kentzen uzten duzue muturraren aurrean, zuen soroak suntsitzen, zuen etxeak lapurtzen eta zuen arbasoek utzitako altzariak bipiltzen! Bizi zareten moduan, jada ez da ezer zuena».

Gure ondasunik eder eta argienak sarean daude. Dena dago bertan. Ditugun baliabideak, jasotzen ditugun informazioak kritikoki erabiltzen ez baditugu, egungo tirano digital berriak gure soroez ere jabetuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.