Salbuespenezko kasu gisa hasi ziren eltxo tigrearen zantzuak biltzen Euskal Herriko toki batzuetan, baina bertakotzen hasia da. Estreinakoz, Lapurdin topatu zituzten ale bakan batzuk, Bidarteko eta Urruñako atsedenlekuetan. 2014an, Gipuzkoara iritsi zen, Behobia inguruan. Eta zabaltzen ari da pixkanaka. Haren bilakaera aztertzen ari dira adituak eta erakundeak, eta bat datoz: etengabe ugaltzen eta areagotzen ari da eltxo tigrea. Jada ez dira ale bakanak. Tentuz hartzekoa da, gaixotasun batzuen bektorea da eta.
Irunen eman dute azken abisua: etxebizitza bloke batean aurkitu dituzte arrautzak, eta eltxo heldu batzuk ere atzeman dituzte. Sustraitzen ari den seinale. Neiker ikerketa zentroa, adibidez, 2013tik ari da eltxo tigrea ikertzen. «Bartzelonan 2004an identifikatu zuten estreinakoz», azaldu du zentro horretako kide Jesse Barandikak. Bederatzi urteren buruan, Euskal Herrian zen. Nafarroan ez zuten 2013an ezarri aurre egiteko planik, 2016an baizik. Gobernuaren arabera, Nafarroan presentzia txikia du oraingoz: iaz arte ez zuten eltxoen zantzurik izan. «Nafarroa ipar-mendebaldean jarritako tranpa batean lau arrautza topatu genituen iaz, besterik ez», azaldu du Osasun Ingurumen Saileko buru Teresa Ferrerek. «Prebentzio neurri modura jarri dugu plana martxan, ez eltxoaren presentzia nabaritu dugulako».
Europako herrialde batzuetan zabaldua dago eltxo tigrea —adibidez, Italian, Frantziako departamendu batzuetan eta Herrialde Katalanetan—, eta hori ikustean hasi ziren zantzu bila Eusko Jaurlaritzako adituak. Aurki topatu zituzten lehen aztarnak. «Madrildik ohartarazi ziguten Mediterraneoan erabat sartua zegoela». Joseba Goikolea mintzo da, Osasun Sailak eltxo tigrearentzat duen arduraduna. Urtez urte ari dira haren zabalpena aztertzen.
Neikerreko adituaren esanetan, kopuruan baino gehiago, diferentzia nagusia alde kualitatiboan dago: «Orain arte ez dugu gorakada esanguratsurik erregistratu, ez arrautza kopuruan, ez eragindako udalerri kopuruan. Azken emaitzetan, ordea, paradigma aldatu da: inguru batzuetan errotzen ari da eltxoa».
Tranpak jartzen
Behaketak egiteko, tranpak jartzen dituzte, eltxoek ugaltzeko hautatzen dituzten eremuen gisakoak sortuz: klororik gabeko urez betetako pote ilunak, goiko partean oholtxo bat dutenak. Horietan erruten dituzte arrautzak. Neikerrek 2013an egin zuen lehen proba, baina ez zuten eltxo tigrearen zantzurik aurkitu; hurrengo urtean berriro egin zituzten tranpa berberak, eta, bai, agertu ziren, Irunen. Urteroko azterketek erakutsi dute egonkortzen ari dela eltxo tigrea, Goikoleak dioenez, baina aurre egiteko aukera badagoela uste du: «Astero biltzen ditugu datuak, eta gaur-gaurkoz 26 lagin puntu ditugu. Garaiz gabiltza oraindik: nola hazten den jakinda, ugalketa zikloa oztopatu dezakegu». Iaz 3.440 tranpa jarri zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 42tan agertu ziren eltxo tigrearen arrautzak, hiru probintzia horietako zazpi herri-hiri hauetan: Barakaldon, Basaurin, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Irunen eta Trapagaranen. Araban ez dute zantzurik aurkitu oraingoz. Nafarroan neurri txikiagoa eman diote azterketari: 69 tranpa jarri dituzte aurten. «Behin aurkitu ditugu arrautzak. Inguruan hedatzen hasi dela ikustean jarri ginen martxan». Badute ezaugarri bat neurketa eremuek: pneumatikoak pilatuta dituzte inguruan. Izan ere, gurpil erabilien zirrikituetan pilatutako ura oso egokia da eltxo tigrea ugaltzeko.
Jatorriz Asiakoa da eltxoa, Indonesiakoa eta Vietnamgoa. Ia edonon dago gaur egun: Europan, Amerikan eta Afrikan. Espezie inbaditzailea da. «Munduko ehun espezie inbaditzaileenen artean dago», azaldu du Mikel Bengoa tomologoak. Donostiarra da, baina Mallorcan bizi da (Herrialde Katalanak); eltxo tigrearen inguruko aholkularitza bulego bat du.
Gizakien bidaide
Intsektua azkar hedatu izana, hein handi batean, «globalizazioaren ondorio» dela dio Bengoak, eta gizakien bidez hedatu ohi dela, autoetan, adibidez. «Hegaldi irismen oso-oso laburra du: 400 metro inguru egin ditzake gehienez. Gizakiak behar gaitu toki berrietara iristeko». Gainera, «tematia» da. Autoen bidez, bi modutara zabaltzen du lurralde eremua. Batetik, barruan: bidaiariekin batera autoan sartu, zizta egin, eta autoan jarraitu helmugaraino. Bestetik, pneumatikoetan itsatsita: arrautzak oso sendoak dira, eta gai dira bidaiak gurpilean egiteko.
Hedatzeko ez ezik, leku berrietara egokitzeko gaitasuna ere badute. «Oihana dute berezko ekosistema, baina oso erraz egokitu dira inguru urbanoetara», azaldu du Barandikak. Biologia aldetik badute moldagarritasuna: doazen tokira doazela, aise egokitzen dira, Bengoak dioenez. «Klima epelak nahiago baditu ere, edozein klimatara egokitzeko gai da».
Ezer gutxi behar dute ugaltzeko. Ura dute nahitaezko baliabide, gainerako eltxoek bezala. Gizakiek ematen diote hori aurkitzeko bidea bidea eltxo tigreari, Bengoak esplikatu duenez: «Ur metaketa txikiak dauden tokietan ugaltzen da: loreontziak, estoldak, teilatuetako erretenak, pneumatiko erabiliak...».
Hain justu, ugalketa katea etetea da adituen lehentasuna. Goikoleak nabarmendu du herritarren laguntza premiazkoa dela eltxo tigrea egonkortu ez dadin: «Gomendio zerrenda bat plazaratu dugu, egin daitezkeen gauza errezakin: adibidez, ur metatua duten edukiontziak ondo garbitu eta bistatik kendu». Ohartarazi du «herritarren kontzientzia aktibatuz» eragotz daitekeela eltxo tigre a gehiago hedatzea.
Antzera mintzo da Bengoa ere. Ohartarazi du okerrak izan daitezkeela beste bide batzuk. Adibidez, intsektizidek beste espezie batzuk ere hiltzen dituztela, eta ez direla «eraginkorrak». Zentzuz jokatzeko eskatu du: «Sarritan, aski da larbak ugaltzen ari diren fokua desagerraraztea; kolpean ehun eltxo hil ditzakegu horrela, eta, gainera, haiek etorkizunean ugaltzea eragotzi. Intsektizidak erabiliz, eltxo helduak bakarrik hiltzen ditugu, eta gainerako inguru osoari kalte egiten diogu».
Gaixotasunen bektore
Eltxo tigreak baditu alarma sortzeko aparteko motiboak. Batetik, ohiko eltxoek baino ziztada gogorragoa eta mingarriagoa du; bestetik, gaitz tropikal batzuen bektore izan daiteke. Gai da dengea, zika eta chikunguya transmititzeko. Dena den, ez dute beti gaixotasunen bat transmititzen. Bengoa: «Hasteko, emeek bakarrik ziztatzen dute, eta haien %20 inguru dira bigarren aldiz ziztatzeko gai. Bigarren ziztada horretan kutsatzen dute gaitza». Eltxo eme batek lau-sei aste egiten ditu bizirik, eta arrautzak erruteko behar duen energiagatik ziztatzen du. Gizakien bitartez eskuratzen ditu proteinak. Bost-zazpi egun behar ditu arrautzak erruteko, eta, behin hori pasatuta, berriz sor dakioke zizta egiteko nahia. Hala ere, gehienez birritan egiten dute zizta. «Eme gutxi dira bi aldiz ziztatzeko gai, eta ez dute hirugarren aldiz zizta egiteko adinako bizitza ziklorik». Arrek, ostera, astebete eskas irauten dute bizirik; emearen ugalketa bermatzea da haien funtzio bakarra.
Eltxo emeen listuan geratzen diren arrastoen bidez kutsatzen dituzte gaixotasunak, Bengoak azaldu duenez. «Dengea da gaitzik ohikoena eta arriskutsuena: lau mota daude, eta, bi nahasten direnean, larria izan daiteke». Sukarra sortzen du kasu gehienetan. Chikynguyak artikulazioei eragiten die, atrofia eraginez; zika haurdunaldian da arriskutsua.
Oraingoz, eltxo tigrearen arazoari neurria hartzen ari dira adituak eta erakundeak. Hala azaldu du Osasun Saileko ordezkariak: «Auto ugari ibiltzen diren tokietan jarri ditugu tranpak batez ere, eta astero joaten gara aldatzera eta laginak jasotzera». Horrela zehaztu nahi dute zer eboluzio daukan, zenbateraino dagoen hedatua eta finkatua. Datozen urteetako datuek esango dute zenbateraino ari den indarra hartzen eltxo tigrea Euskal Herrian.
Ziztada berri egonkortua
Jatorriz, Asiako hego-ekialdean ugaltzen da eltxo tigrea, baina, gaur egun, nonahi dago: Euskal Herrira ere iritsi da. Ziztada bereziki mingarria da, eta, gainera, zenbait gaitzen bektore ere izan daiteke. Adituen esanetan, bertakotzen hasia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu