Liburutegiko txartela galdu dut, bigarrenez oso denbora gutxian. Atzera berritzea nuke, edo beharbada galdetu eta nortasun agiriarekin mailega nitzake liburutegitik nahi beste liburu edo ikus-entzunezko material. Horren ordez, ohartu naiz liburuzainari zerbait itzultzean ez didala liburutegiko txartela eskatzen hurrengo mailegua egin ahal izateko, itzulketarekin nire fitxa irekiko zaiolako-edo. Horrek maileguak bata bestearen atzetik kateatzera eraman nau eta inoiz baino gehiago irakurtzera azkenaldian. Horrela, inoiz susmatuko ez nituzkeen liburuak ere hartzen ari naiz, batzuk zuzenean lotsa emangarriak (lasai, ez ditut hemen aipatuko), liburutegiko txartela topatzeko itxaropena guztiz galdu gabe.
Jabetu naiz, liburu bat erostea pozgarria bada, liburutegi batetik hartzea are ekintza gogobetegarriagoa dela, irakurle eta komunitate bateko kide gisa elikatzeko eta asetzeko ahalmena duen heinean. Seguruenik ez da liburu azoka bateko sarreran aldarrikatzeko moduko egia, baina euskalgintzak liburutegi publikoek egin diezaioketen ekarpenaz (eta viceversa) zer hausnartua egin beharko lukeelakoan nago. Aukera aparta galduko ez badugu. Etorkizuna omen den sharing economy delakoa liburutegien egunerokoa da-eta.
JIRA
Liburu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu