Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Dispertsioa

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun

Zientzian ohikoa da fenomeno bati hura ulertzen lagunduko duen izena ematea. Ez da beti erraza intuizioari lagunduko dion izena hautatzen, eta sarri gertatzen da alor bakoitzean gauza ezberdina esan nahi duela hitz berak. Dispertsioarekin halako zerbait gertatzen da.

Fisikari bati galdetuz gero, ziur aski argia ekarriko dio gogora dispertsio hitzak. Izan ere, argiak, uhin elektromagnetiko izaera izanik, material batetik igarotzean abiadura aldatzen du. Baina ez abiadura bakarrik, baita norabidea ere, materialera sartu den angeluaren arabera. Une horretan uhin luzera ezberdinek norabide ezberdina har dezakete, eta materialetik segun eta zein angelurekin ateratzen diren, posible da banatuta ateratzea. Fenomeno horri argiaren dispertsio esaten zaio, baina ortzadar edo Erromako zubi deitzen jarrai diezaiokezue. Fenomenoa argiak zeharkatu beharreko materialaren arabera gertatuko da, eta, tamalez, ziega bateko barroteek nekez egingo dute euri tanta edo kristalezko prisma baten lana. Nekez ikusiko da, beraz, argiaren dispertsioa ziega baten barruan.

Kimikari bati akaso Londonen dispertsio indarra etorriko zaio lehenbizi burura. Molekulen artean bi eratako indarrak aurki ditzakegu, molekularen baitakoak eta molekulen artekoak. Londonen dispertsio indarra bigarren motako indarra da, molekula guztietan eman daitekeena. Nolabait esateko, bi molekula elkarrengandik nahikoa hurbil daudenean, orbitan dauzkaten elektroiek eta nukleoek elkarri eragiten diete. Beraien ohiko posizioa, eta beraz karga, une batez moldatu, eta molekulek elkar erakartzen dute. Baina indar hau nekez izango da elkarrengandik urrunduta dauden molekuletan. Zer esanik ez elkarrengandik ehunka kilometrotara badaude.

Datuen analisian aritzen den estatistikari bati dispertsio hitzak zenbait teknika ekarriko dizkio burura. Izan ere, datu multzo bat noraino dagoen sakabanatuta aztertzea interesgarri suerta daiteke sarri. Datu multzo baten batezbestekoa kalkulatu eta lasai geratu ohi gara maiz. Baina noraino da batezbestekoa datu multzo baten ordezkari? Zenbat urruntzen dira datuak batez-bestekotik? Hori aztertzen du datuen dispertsioak.

Etxerat-en webguneko datuak hartuko bagenitu (2020-01-07an eguneratuta azkenengoz), egin genezake dispertsioaren dispertsioaren analisi bat. Batez beste Euskal Herritik 609,79 kilometrora dago euskal preso politiko bakoitza. Baina noraino da batezbesteko hori esanguratsua?

Dispertsioa aztertzeko teknika bat eremuari begiratzea da. Zein den daturik handiena eta zein txikiena. Kasu honetan, gertuen dauden presoak Euskal Herrian daude, 0 kilometrora. Urrutien daudenak Algecirasen, 1.100 kilometrora. Eremua, beraz, 1.100 kilometrokoa litzateke. Badagoela batezbestekotik urruntzeko marjina, alegia.

Beste teknika bat desbiderapen estandarrari begiratzea da. Desbiderapen estandarrak presoetako bakoitza batezbestekotik zenbat urruntzen den neurtuko luke nolabait, eta denen artean batez-besteko bat egin. Kalkulua eginez gero, 282,12 kilometro aldentzen da 609,79 kilometroetatik datuen multzoa batez beste.

Begira liteke, esaterako, gertuen dagoen laurdena zenbatera dagoen ere. Edo urrutien dagoen hamarrena zenbatera. Pertzentil eta kuartil izenez dira tresna horiek ezagunak. Euskal preso politikoen laurden bat dago Euskal Herritik 400 kilometro baino gertuagora (hiru laurdenak urrunago, beraz), eta laurden bat 810 kilometro baino urrunago. Presoen erdiak, bi distantzia horien artean.

Hori litzateke dispertsioa fisikari, kimikari edo estatistikari batentzat. Sinistu nahi dut gutxi barru euskal herritarrontzat ere hori besterik ez dela izango dispertsioa. Hori, eta sekula martxan jarri behar izan ez zen mendeku politika anker bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.