Artea eta ezkurrak

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Noiz arte dago zaindu beharra memoria kolektiboa? Ahanzturaren epaiek ebazten al dute aldiro gogora ekarri beharrekoak zeintzu diren, eta zeintzu akorduaren putzuan jo daitezkeen galgarri? Zelan begiratu gure aurrekoek betiko utzi dizkiguten eraikin, monumentu eta oroigarriei? Zer hondar, zer lohi dakartza ondareak berekin?

George Floyden hilketak gertutik erasan gintuen duela hilabete bi, eta askoren barruak inarrosi era bai denean. Harrezkero arrazakeria eta poliziaren desmasiak ez ezik, zenbait konkistatzaile eta esklabistaren irudi eta ospea galdera ikur handien pean paratu izan da berriz.

Hala maiztu ditugu berriro Elkano, Urdaneta, Legazpi, Oñate eta enparauen izenak. Haiei eskainitako monumentuak, estatuak, oroigarriak, idulki gaineko gorespen aipuak...

Ni etxetik, Azpeitiko zokotik hasi naiz begira, eta atoan Nicolas Saez Elolaren figura berritu zait ondoko galderekin: zerk bereizten ditu artea eta ezkurrak?; piztia eta ederra bana al daitezke? Eta sortu zait, lokalismo motzetik hara Elolaren kasuak beste nonbait ere erne ote dezakeen argi pindarrik. Azkenean burubide horrexek adoretuta uztartu ditut Cajamarca eta Azpeitia.

Aski ezaguna da; 1533an Cajamarcako sarraskian Pizarroren kapitainetako bat izan zen Elola. Laupabost mila indigenen eta Atahualpa inkaren heriotza eragin zuten, eta ekinaldi hartan aurrean ibilitako beste batzuk bezala bertan ostutakoekin zeharo aberastuta itzuli zen Perutik.

Esango zait ez direla parekagarri goian aipatutakoak eta Elola, haien aldean honek ez duela monumenturikeremu publikoan, eta horrela izango da, baina figura horren presentzia hala ere oso da agerikoa herriko espazioan eta denboran.

Basazabal jauregiko hormetako paneletan oraindik irakurgai daude haren aldeko hitzakdiodanaren erakusgarri. Tamalez historia faltsua zabaltzen jarraitzen du bisitari eta turisten artean: herri-eraikin bat bere buruari harrika ematen gezurraren herrenaz.

Ez da paperetan asko arakatu beharrik, ordea, Nicolas Azpeitiaren ifrentzuaz jabetzeko. Badakigu, esaterako, Perutik indigena aberats batekin ezkonduta iritsi zela Sevillara, eta harekin zuen lotura zapuztu zuela Europa zapaldu orduko, Ana Vicuña azpeitiarrarekin ezkontzeko berehala.

Handik hogei urtera Vicuña emazteak auzitara eraman zuen. Banatzea eskatu zuen; ankerkeriaz jokatzea, tratu txarrak ematea eta adulterioa ziren salaketak. Auziko lekukotzek azpimarratzen dute Saez Elolaren erdibide gutxiko izaera bortitza.

1553. urte hondarrean hil zen Pizarroren kapitain ohia. Haren hilobi izateko eraiki zuten kapera Errenazimenduko harribitxi bat da. Bere buruari eskaini zion monumentua, garaiko beste handiki askoren antzera, mundu honi lagatako opari zoragarriaren aldera paradisurako bidaia-txartela ziurtatuko zuelakoan.

Ikusgarria da Bakardadeko Kaperak erakusten duena, hamaika sinbolo, neurri eta kontakizunenjoko burutsuaren gerizetan isil-gordean dagoen diskurtsoa ikaragarria da. Cajamarcako balentriaren bertsio ofiziala publizisten mainaz erretratatzen dute hormetako irudiek irakurtzen dakienarentzat.

XVI. mendean alderantzizko xedez ondutako Guernica bat denik ezin esan, baina zangartasunez mintzo dira bertatik garailearen sutunpak, armak, zaldia... Artearen funtzio sozial eta politikoaren lagin aparta begitantzen zait bere txikian, munduko Inperioaren zerbitzura mundua bera eta zerua nola irabazi ulertzeko modu baten isla.

Hori guztia hala ere oharkabean pasa dakioke gaiarekiko aparteko irrikarik ez duenari, eta kontakizun eskuarki onetsiaren amua besterik gabe irentsi oso-osorik. Zenbat topiko eta aurreiritzi ez dugu gizendu ohi ezjakintasunaren orpotik. Diruak eta fedeak sakatuta zenbat zuribide eta estalgarri!

Itxuraz eskueran dugun askok egin bide digu ihes muturren aurrean egunero, kaleek, eraikinek, hormek, zeinuek esanahi dutena hautemateko ez garelako gai. Mundu osoak daude lozorro urdurian argiak noiz erakutsiko.

Uste dut herritarroi erraztu egin behar zaigula bizi garen inguruaren ulerpidea. Espazioa eta denbora kontuz josi, garaian garaikoa bere inguruabarrez azaldu, egungo ardurei eta ikuspegi garaikide eta kritikoari bidea itxi gabe. Pedagogia egin, libre pentsatzeko tresnak eman jendeari.

Gezur historikoak estaltzeko bada, konplize egiten dira ederra eta artea, traizio egiten zaio injustiziak xehatu edo ahantzi dituenen memoriari, historia egiteko eta hedatzeko era atzerakoi bati haize emateaz gainera.

Cajamarcako biktimak, Elolaren emazteak, George Floyd eta milioika jende irudikatzen dut zein bere historiaren orri bazterreko kantoitik guri begira-begira. Memoria kolektiboa zaintzea komunitatearen lana da bere askotariko adieretan: dela etxea, dela eskola, dela herria …

Hausnartu beharra dago bizi garen espazioaren eta denboraren inguruan, ezagutza sustatuz bereiztu artea eta ezkurrak, ondarearen galga uneoro non jarri, zerekin neurtu, nola baloratu galdetu eta ikasi.

Gaurkoak sarri egiten dio dei atzokoari, egungoa hobeto ulertu nahiak pizten digun iraganaren minak adina josten dizkigu begiak gaurko kontuetara antzinakoak konprenitzeko grinak. Ezkur aleak eta artea, ederra eta piztia geure baitan bizi dira munduko zazpi euskal herrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.