Aitortuko dizuet duela zenbait egunetatik hona katez aldatzen dudala Gazari buruzko berriak eta haiei ezinbestean lotutako irudi latzak telebistan agertzen direnean. Ez berehala, denbora eman ohi dit esatariaren lehen esaldia, informazio nagusia bildu ohi duena, aditzeko: «ez dakit zenbat hildako (gehiago) honelako kanpalekutan edo halako ospitaletan», «Israelen erasoek irudi gogorrak uzten dizkigute gaur, hala nola aita honen kasua, seme-alaben hilotzen bila hondakinak eskuekin kentzen»... Gero, bazkaltzen edo afaltzen egon ohi naizenez, saio digerigarriago batera aldatu ohi dut.
Irudirik gabeko artikulu luzeekin ez zait gauza bera gertatzen. Osorik irakur ditzaket; haietan ez dut aurkitzen iritziz alda nazakeen ezer. Kontu batzuk ñabartu ditzaket, baina gatazka honetaz ez dago kontu berri handirik. Beharbada kontu estrategiko berriak. Txinak edo Errusiak jokatu dezaketen paper berria. Europari zer ekarriko liokeen Israelen gasik gabe geldituz gero. Hortik aparte deus gutxi.
Horrek, baina, ez ditu irudiak leuntzen, eta sarraskia, ohi denez, in crescendo hiltzaile jasangaitzean etorri ohi denez, erraza da asmatzea gordintasunak gehiagora joko duela eta katez aldatzeko bulkadak biderkatuko direla luzaro.

JIRA
Katez aldatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu