Eukaliptoaren landaketari, mugak

Azken urteotan, milaka hektarea pinudi bota dituzte, eta eukaliptoek hartu dute haien tokia. Espezie hori kaltegarria da ingurumenarentzat, eta haren hedapena eteteko neurriak hartu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek.

Eukalipto sail bat, pinudi baten ondoan, Bizkaiko Urdaibaiko erreseban. OSKAR MATXIN / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko basoetan paisaia aldaketa sumatu da azken urteetan: eukaliptoek hartu dute pinudien tokia. 2018an xingola marroiaren gaitza agertu zenetik, ia 10.000 hektarea insignis pinudi bota dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horiek zeuden lursailen erdiak inguru eukaliptoekin bete dituzte. Nagusiki, Araban eta Bizkaian hedatu da gehien espezie hori. Joera hori ikusita eta hainbat elkartek egindako presioaren ondorioz, neurriak hartu dituzte lurralde batzuek. Bizkaiko Foru Aldundia izan da horietako bat: herrialdean eukaliptoa mugatu eta bertako espezieak jartzea bultzatuko du; eta, horretarako, jabetza pribatuko basoak erosteko plan bat antolatu dutela iragarri du. «Lehentasunezkotzat» jo dute proiektua.

Bizkaiko Aldundiak BERRIAri azaldu dionez, insignis pinuen mozketa sanitarioak «oso esanguratsuak» izan dira herrialdean, eta horrek «eukaliptoaren laborantza bultzatu» du. Aitortu dute erakargarria dela baso jabeentzat, «errentagarria» delako eta mozteko zikloa beste espezie batzuena baino laburragoa delako.

Aldundiak gogorarazi du ez dituela diruz laguntzen eukalipto landaketak duela hamabi urtetik, eta, horri etorkizunean ere eutsiko diola azpimarratzeaz gain, adierazi du orain «beste pauso bat» emango duela. «Urrats gehiago egingo dira eukaliptoaren hedapena geldiarazteko eta, aldi berean, basoak espezie autoktonoekin berritzeko». Basogintza babesteko ezarriko duten planak bi berrikuntza nagusi izango ditu: diruz lagunduko ditu basoak modu jasangarriagoan kudeatzeko metodoak, baso autoktonoak kontserbatzea eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak landatzea; eta, bestetik, ez ditu finantzatuko ondoren eukaliptoa landatzeko egiten diren mozketa sanitarioak.

Espezie hori mozteko gutxieneko epea hamabost urtera luzatuko dutela ere iragarri dute. Aldundiaren esanetan, neurri horien xedea da eukaliptoaren hedapena murriztea eta zuhaitz autoktonoen landaketa bultzatzea. Jabetza pribatuko basoak erosteko proiektu bat ere abiatuko dute, «eskualde guztietan basoberritze eta lehengoratze proiektuak garatzeko». Nabarmendu dute erosketa «definitzen» ari direla, baina, aurreratu dutenez, lau milioi euro jarriko dituzte plan horretarako.

Eukaliptoak kalteak eragin ditzake bioaniztasunean eta ingurumenean, eta horrek kezka sortu du. Bizkaiko Aldundiak azaldu du ez dagoela lur pribatuetan eukaliptoa landatzeko mugak ezartzea babesten duen tresna juridikorik edo arauemailerik, eta horrek eragina izan duela. «Praktikan ia ezinezkoa da partikular bati bere lurretan eukaliptoa landatzea debekatzea». Izan ere, Espainiako araudian eukaliptoa ez dago jasota espezie exotiko inbaditzaile gisa. Katalogoko Batzorde Zientifikoak 2017an ebatzi zuen espezie inbaditzaile gisa jasoa izateko baldintzak betetzen dituela: arrotza izatea, bere kasa hedatzeko gai izatea, eta ingurumenari kalte egitea. Legeari beste baldintza bat erantsi zioten, ordea: errentagarritasun ekonomikoarena. Eta horrek utzi zuen espeziea zerrenda horretatik kanpo. Auzitegiraino iritsi da eztabaida, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiko Auzien Salak ebatzi du ez dagoela ebidentzia zientifiko nahikorik zerrendan sartzeko.

Gipuzkoan ere, neurriak

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere egin du urratsa. Herrialde horretan ez dago hain zabalduta eukaliptoa, pinudiak ordezkatzeko beste espezie batzuk lehenetsi dituztelako, baina «prebentzioz» jokatu nahi izan dute. Hala, basoko espezieak mozteko gutxieneko tartea 25 urtera luzatzea erabaki dute —eukaliptoak mozteko zikloa beste espezie batzuena baino laburragoa da—. Adierazi dutenez, asmoa da «basoen kudeaketa jasangarriaren eredu baten alde» lan egitea. Neurria indarrean sartu ostean egiten diren landaketei eragingo die arauak; orain arte, hamar urterekin moztu zitezkeen.

Pauso hori eman dute, hain zuzen, «arazoei aurrea hartzeko», eta pinudi sailek utzitako hutsunea hazkunde ziklo laburragoa duten espezieek «modu masiboan» ez betetzeko: «Adibidez, eukaliptoek». Aldundiaren arabera, herrialdean espezie hori ez dago oso zabalduta, eta baso masa osoaren %1 betetzen du. Ordea, beste lurralde batzuetako joera ikusita, neurriak hartzea erabaki dute, «horrelako landaketak ugaritzeak baso espezieen aniztasunean ekar lezakeen desoreka» prebenitze aldera. «Baso politika eraginkorrak epe laburretik harago begiratzea eta etorkizuneko erabakiak hartzea eskatzen du», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.