Aberri Eguna da gaur, eta, Euskal Herria Batera egitasmoak bultzatuta, gutxienez 115 herritan elkartuko dira. Plataformak herenegun eman zituen gaurko topaketarako azken mezuak, eta parte hartzaileei eskatu zien «zorroztasun osoz» betetzeko prebentzio arauak, «distantzia eta maskararen erabilera zainduz».
Era berean, nazioarteko zenbait ordezkari politikok Aberri Egunaren harira bidalitako mezuak zabaldu zituzten: Gerry Adams Irlandako Sinn Feineko presidente ohiarena, Shona McAlpine Eskoziako Independence Conventioneko kidearena, Mark Demesmaeker Flandriako senatari eta europarlamentari ohiarena eta Ana Miranda BNGko europarlamentari ohiarena.
Aberri Egunaren bezperan, berriz, lau mendi martxa egin zituen Ernai gazte antolakundeak, Gazteok independentzia izeneko egitasmoen barruan. 09:30ean jarri zituzten topaketa guztiak: Zalduondon (Araba), Urbiara igotzeko; Arditurrin (Gipuzkoa), Bianditzera joateko; Santurtziko Kabiezes plazan (Bizkaia), Seranteserako bidea hartzeko; eta Erriberrin (Nafarroa), Tafallara arteko bidea egiteko. Ehunka gazte batu ziren martxetara, askotariko banderak eskuan.
Estatuaren «eginkizuna»
Bestalde, EH Bilduk eta EH Baik ostiralean zabaldu zuten Aberri Eguneko adierazpena, eta «erabakitzeko eskubidean eta lurraldetasunean oinarritutako etorkizunaren aldarria» nabarmendu zuten, «euskal estatu independentearen eginkizuna» azaleratzearekin batera: «Munduaren aurrean oraindik aitortua ez den herri txiki honek, krisi humano eta planetario honetan, ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen bizitza duina helburu, badu bere aletxoa eskaintzerik».
Aberri Eguna distantziak gordez ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k
Ehunka gazte batu dira Ernaik deituriko martxetara. EH Bilduk eta EH Baik «erabaki eskubidean oinarrituriko etorkizuna» babestu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu