Urkulluk pandemiaren kudeaketa txalotu du bozen lehen urtemugan

Lehendakariak legealdiaren lehen urtearen balorazioa egin du, eta Espainiako Gobernu berrituarekin lanean jarraitzeko asmoa agertu du

Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik urtebete igarota, legealdiaren orain arteko balorazioa egin zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak pandemian eginiko kudeaketa goraipatu zuen, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «hazkunde ekonomikoaren bidea» hasi dutela azpimarratu. Hala, «euskal gizartearen zerbitzura dagoen [gobernu] programa betetzeko konpromisoa» berretsi, eta nabarmendu zuen urtebete honetan guztira hemezortzi legegintza ekinbide onartu direla, gobernu kontseiluaren eta legebiltzarreko taldeen proposamenen bidez.

Koronabirusak baldintzaturiko legealdian gobernuaren «lehentasuna» pandemiari aurre egitea izan dela adierazi du lehendakariak, eta prebentzioan ahalegin handia egin duela. Ekonomiari dagokionez, berriz, nabarmendu du erkidegoan izurriaren eraginez galduriko jardueren eta lanpostuen %80 jada berreskuratu direla, eta aurreikusi du galdutako enplegu guztiak datorren urtean berreskuratuko direla.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren berrantolaketaren harira, Pedro Sanchezekin orain arte izandako «hizketei, negoziazioei eta akordioei» etorkizunean ere eusteko borondatea agertu du Urkulluk, «Gernikako Estatutua erabat betetzea» helburutzat hartuta.

Legealdi «etsigarria»

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ere balorazioa egin zuen atzo Euskadi Irratian, eta, besteak beste, adierazi zuen Jaurlaritzak eginiko lana «etsigarria» izan dela: «Herri honentzako balazta bat». Nabarmendu du koalizio gobernuak EH Bildurekin izan duen harremana oposizioko alderdiak Espainiako Gobernuarekin duena baino «askoz eskasagoa» izan dela, eta Jaurlaritzarekin egindako bilerek, «konpromisozkoak» eta «laburrak» izateaz gain, «herri honen erronka nagusiei erantzuteko aukerarik ez» dutela eman.

Halaber, pandemia hasi zenetik, EH Bilduk «proposamenak egiteko jarrera» agertu duela esan du Iriartek, baina Jaurlaritzaren erantzunaz kexatu da: «Legebiltzarrean aurkeztu ditugun proposamenen %83 baztertu dituzte, askotan, gerora, horiek berrartu eta gauzatu diren arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.