Euskara. Gasteizko egoera

Nola jarraitu eragiten

'Eragiteko Janzten' jardunaldiak egiten ari dira Gasteizen, euskaldunen arteko esperientziak trukatzeko. Hirian euskara erabiltzeko «ekosistema propio bat» sortzea funtsezkoa dela azpimarratu dute.

Nola jarraitu eragiten.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Gasteizen, euskara erabiltzeko guneak eta uneak sortu behar dira euskaldunok elkarren artean euskaraz komunikatzeko, lasaitasun osoz eta estres linguistikorik gabe». Gasteizko euskaltzaleentzat gogoetarako gune bat sortzeko asmoz jaio ziren, orain hiru urte, Eragiteko Janzten jardunaldiak, eta, aurten, otsailetik martxora lau saio antolatu dituzte. Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko Arabako arduradunak topaketaren asmoak azaldu ditu: «Gasteizko euskaltzale askoren esperientzia aberasgarriak elkartzea da xedea». GEU elkarteak, Lazarraga elkarteak, Alea-k eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dituzte jardunaldiak.

Gasteizko euskaldunek informazioa trukatzea eta Gasteizko euskaltzaleak trebatzea. «Informazioa eta formakuntza bilatzen ditugu», dio Morenok. Biak ala biak uztartzeko asmoz ari dira egiten jardunaldiak. Lau gairen bueltan antolatu dituzte: otsailean, helduen euskalduntzea eta eskolaz kanpoko euskarazko aisialdia jorratu zituzten; datorren asteartean, guraso elkarteek auzoetan euskara sustatzeko egiten duten lanaz gogoetatuko dute; eta hilaren 28an, berriz, euskarak eremu digitalean duen erabilera eta indarrean diren tendentziak aztertuko dituzte hainbat aditurekin.



Gasteizko euskaldunei sozializatzeko bide bat eskaini nahi die topaketak, Morenoren esanetan. Premiazkoa baita Gasteizen euskararen erabilerarako «ekosistema» propio bat sustatzea. Izan ere, egoera soziolinguistikoari so eginez gero, euskararen osasuna hirian «ez da ona, inondik inora». 248.106 biztanle inguru ditu Gasteizek, eta 72.778 dira euskaldunak—% 29,83, heren bat—. Hala ere, azken hamarkadetako datuekin alderatuta, izan da hobekuntzarik: duela 30 urte 15.000 inguru ziren euskaldunak. «Ezagutzaren datuak hobetu dira, bai, baina hobekuntza oso motel doa», ohartarazi du Morenok. Erabileraren datuak ere, antzera. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako Hizkuntzen Erabileraren Kaleko Neurketaren emaitzei erreparatuz gero, %4,1ekoa da kaleko erabilera Gasteizen. Duela hiru hamarkada,%2,5ekoa.

«Gabezia handiak»

Ezagutzan eta erabileran izandako hazkundea albiste «pozgarria» da, baina, oraindik «asko dago egiteko». Topaguneko arduradunak beharrezkoa ikusten du hirian euskara erabiltzeko «guneak» eta «uneak» propio sortzea, uste duelako «berez» ez direla sortuko. «Gasteiz ez da Azpeitia, Oiartzun edo Oñati. Hemen espazioak sorrarazi behar ditugu, ugaritu, areagotu». Eragiteko Janzten jardunaldiak adibide gisa jarri ditu: «Sozializaziorako guneak dira, euskaraz normaltasunez komunikatzeko sorrarazi ditugun espazioak».

Bide hori jorratzen segitzea funtsezkoa dela iritzi dio, egun oraindik«gabezia handiak» daudelako euskalduntze prozesuan. Eskolan dago gakoetako bat, berak bakarrik ezin baitu euskaldundu: «Hizkuntzak eskolako mugak gainditu behar ditu, eta ikasleen aisialdian, kultur kontsumoan edota kirol jardueretan islatu behar da». Sozializatzeko eta hizkuntza biziberritzeko aukera ematen duten espazioetara «jauzi» egin behar du euskarak, Morenoren esanetan. Haren iritziz, «inkoherentea» baita haurren gehiengoa eskolan euskaraz aritzea eta, aldi berean, aisialdiari lotuta hirian dagoen euskarazko eskaintza «hain urria» izatea.

Ikusi gehiago:Euskararen ezagutzak goranzko joerari eutsi dio Nafarroan

Gabeziak sumatu ditu, halaber, Lanbide Heziketan. Egoera, oro har, kezkatzekoa dela dio Morenok, eta Arabakoa, bereziki «eskandalugarria»: «DBHn euskaraz ikasi eta Lanbide Heziketa egiten dutenek ia ez dute aukerarik euskaraz ikasteko, ez baitago eskaintzarik». Argi du: lan mundua euskaldundu nahi bada, Lanbide Heziketa ere euskaldundu behar da.

Gabeziak badira, baina itxaropenerako motiboak ere bai. Euskararen familia bidezko transmisioa «etenda» egon da urte luzez, baina datu soziolinguistikoek erakusten dute berreskuratzen ari dela: «Gasteizen gero eta gehiago dira euren seme-alabak euskaraz hazten eta hezten dituzten familiak. Datozen hamarkadetan askoz gehiago izango dira. Hor badugu erronka bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.