Patxi Zabaleta
IRITZIA

Julen Madariagaren mezua

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Txillardegi eta Madariaga eta konpainia Aralar alderdiko erkide egiteak eduki izan zuen esanahi eta eragin berezia, eta gaur, Julen zendu berria dugunean, hori gogoratzeak egokia ematen du. ETAko sortzaile haiek, beren ezberdintasunak ezberdintasun, Aralar alderdiko kide egin izana ez zen kasualitatea, baizik eta arrazoi sakona zeukan zerbait. Eta arrazoi hori bilatzeko Julen Madariagak askotan esan eta errepikatu ohi zuen esaldi batez oroitzen naiz ni: «ETA arrazoi politikoengatik sortu zen, eta arrazoi politikoengatik eten behar du».

Esaldi eta irizpide horretatik ondorio asko atera litezke, baina garrantzitsuena eta lehendabizikoa, zalantzarik gabe, zera da, politikagintzaren lehentasuna. Hau da, bakegintzan bideak egiteko ez zaiola lorpen politikoak eskuratzeari itxoin behar. Are gehiago; norberaren irizpideak eta ideiak edozein lorpen edo baldintza politiko lortzetik bereizi egin behar direla.

Gaur egun oraindik, borroka armatua eten eta hainbeste urte igaro ondoren, politikari bat baino gehiagok biktimen arteko mailak egiten ditu, eta arerioari etikaren kolpeak eta mehatxuak jaurtitzen dizkio. Baina gizartean gero eta zabalduago eta errotuago dago indarkeria guztien biktima eta kaltetu guztiak kontuan hartu behar direla. Hain zuzen ere, biktimen bakegintzako mezu sakona elkartze horretatik bailetorke.

Euskal gizartea zorionez ez dago zatituta. Arrakala soilik politikari batzuen egoan eta onura ilun eta kutsatuetan dago.

Julenek eredu miresgarririk ere utzi izan digu; euskaldun berria izanagatik, hain egin zuen berea gure hizkuntza, erabilpen literarioan ere murgildu eta saiatzen baitzen, etxeko piszinan itotako haurrari egindako olerki zirraragarrian bezala. Bestea da euskal lurraldetasunaren uztarketa, Hegoaldeko eta Iparraldeko aldi berean bilakatuz.

Badakit errelatoko aroa bizi dugula, eta, oraindik ez baldin bada 1512ko Nafarroako konkistaren kontakizunari buruzko eztabaida bukatu, ezinezkoa zaigula ETArena bukatutzat ematea. Baina kontraesanez, ametsez eta adorez betetako Julenen oroitzapenak lagundu eginen digu. Egiari zor diogu, bere autobiografiaren izenburuak dioen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.