Hilabete baino gehiago itxita egon ondoren, taberna eta jatetxeak zabaldu ahal izango dituzte jabeek larunbatean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ostalariak ez daude pozik. Jaurlaritzak jarri dituen arau berriek ez dituzte asebete, beren erreibindikazioen «parte baino ez delako bete». Terrazak ehuneko ehun eta barrualdeak gaitasunaren erdian baliatu ahal izango dituzte, baina arau orokor horrek letra txiki asko dauka, eta hark eragin du ostalari askoren etsipena.
Hasteko, COVID-19 kasuen inzidentzia pilatuaren muga dago; 100.000 biztanleko 500 kasutik gora duten herrietan ezingo da zabaldu ostalaritza. 30 bat herri daude arazo horrekin; adibidez, Arrasate, Eibar, Arrigorriaga eta Ordizia. Herri horietako tabernariak kexu dira, Gabonetako sasoi oparoa ere badoala ikusten ari direlako. Arrasaten (Gipuzkoa), esaterako, ehundik gora taberna eta jatetxe daude, eta 250 familiaren bizimodua haiei lotua. Maria Ubarretxena alkatea ostalariekin batzartu zen atzo, laguntzen inguruan hitz egiteko. Izan ere, Jaurlaritzak paperean aplikatutako logika kolokan jarriko du errealitateak. Eibarko tabernak itxita egongo dira larunbat honetan, baina eibartarrek Ermuan kontsumitu ahal izango dute, Ermua atzo atera baitzen 500 kasutik gorakoen taldetik. Arrigorriagokoek, berriz, Basaurin eta Galdakaon trago batzuk hartu ahal izango dituzte, edota Bilbon, baina ez Arrigorriagan.
Hala ere, ikusteko dago 500 kasuren arau hori 5.000 biztanletik beherako herrietan ere aplikatuko ote den. Intzidentzia oso gora eramaten dute kasu gutxi batzuek biztanleria apaleko herrietan, eta gaur argitaratuko duten dekretuak baztertu egingo du aplikazio automatikoa. Beraz, kasuz kasu aztertuko du agintaritzak baimena eman ala ez.
Agur afariei
Bizkaiko ostalarien elkarteko presidente Hector Fernandezen ustez, «ostalaritza jasaten ari den bidegabekeriaren parte bat baizik ez du konpondu» Labiren aholku batzordeak, jardunari jarritako mugak leundu izanagatik. Dena den, Fernandezek begi onez hartu ditu aldaketak, baina nabarmenduz ez direla aski: «Arazoak bere horretan dirau. Sektoreak lan egin beharra dauka, eta negozioek fakturatzeko beharra dute, krisia oso gogorra delako».
Ordutegi zorrotza da Labiren erabakiaren bigarren arazo handia ostalarientzat. 20:00etan itxita behar dute negozioek, eta horrek ezinbestean dakar afari zerbitzua galtzea, baita afaldu aurreko txikiteoa ere. «Jatetxeetako bi zerbitzuak salbatzeaz hitz egin genuen, bazkariak eta afariak, baina ezin izan ditugu afariak salbatu», esan du Fernandezek. Tabernetako barran eserita kontsumitu ahal izatea ere eskatu zuten, baina ukatu egin diete.
Horrez gain, bezeroek beti maskara dutela egon beharko dute hala tabernetan nola terrazetan. Soilik jateko edo edateko kendu ahal izango dute. «Larunbatean ireki egingo dugu; osasunarekin konpromiso handia daukagu, eta eskerrak ematen dizkiegu joango diren bezeroei», esan du Gipuzkoako ostalarien elkarteko zuzendari Kino Martinezek; «baditugu erreserbak, baina asko dugu jokoan, eta ez bakarrik gure sektoreak, baita gizarte osoak ere. Erabil daitezela maskarak behar bezala, urtarrilean tabernak zabalik nahi izanez gero arauak zorrotz bete beharko baititugu».
Bestalde, gauerdian bukatu zaie ostalariei Jaurlaritzaren laguntzak eskatzeko epea. 9.655 eskaera jaso ditu gobernuak, eta 675 onartu ditu jadanik. Javier Hurtado Merkataritza sailburuak azaldu du 30 milioi euroko funtsa «egokia» izan dela jasotako eskaerei aurre egiteko. Langile bat eta hiru bitarteko lantaldea duten negozioen jabeek eskatu dituzte 9.655 prozedura horietatik 5.739 (%60). Lau eta hamar langile bitarteko taldekoek 3.267 eskaera egin dituzte (%33); eta hamar langiletik gorako negozioen jabeek, 64 (%7). Lehen taldekoek 3.000 euro jasoko dituzte; bigarrenekoek, 3.500; eta langile gehien dituztenek, 4.000 euro.
Nafarroako ostalariak, berriz,gobernuko ordezkariekin batzartu ziren atzo, eta Osasun Departamentuak sektoreari proposatu zion ostatuak zabaltzeko ordutegia 22:00 arte luzatzea ostegunetik aurrera. Gainera, ostatuen barruan aforoa %30ekoa izatea proposatu du gobernuak.
Ipar Euskal Herrian ere protestak ez du etenik: ostatu eta jatetxeetako aitzinaldeak plastiko beltzez estalita agertu dira azken orduetan. «Guretzat ez da besta», «utz gaitzazue lanean» eta halako esaldiak idatzi dituzte ateetan. Frantziako Gobernuak urtarrilaren bukaerari erreparatu zion irekieraz aritzean orain dela aste batzuk, baina gaur-gaurkoz ez dago ezer finkorik.
Koronabirusa. Ostalaritza
«Bidegabekeriaren parte bat baizik» ez dute zuzendu, ostalarien arabera
5.000 biztanletik beherako herrien egoera banan-banan aztertuko dute, ireki ala ez erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu